nEwCON Zentroa
nEwCON Zentro berriaren barne aurkezpen interesgarria izan genuen ostiralean ESTEn.
Ia urte osoa darama nEwCON-en lanean momentuz Paul San Sebastian, Isabel Fernandez, Yovanni Castro, Iratxe Esnaola eta Anaïs Iglesias-ek osatzen duten taldeak. Zentro berriari forma ematen ibili dira: ideietan, ikerketetan eta bestelako proiektuetan lanean.
nEwCON zentroa Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean dago eta esan bezala Deustu Fundazioaren barnean kokatzen da.
Matteo Ricci eraikineko Areto Digitalean fakultateko irakasleei egin ziguten aurkezpen ekitaldian zentro berriaren helburuak, jarduteko esparruak, orain arte hautatutako ikerlerroak, ikerketa, transferentzia eta zabalkundeko proiektuak eta zentroaren etorkizunari buruz aritu ziren Jose María Guibert Campuseko Errektoreordea eta argazkian ageri den Paul San Sebastian.
Birtualki, hau da pantailetan eta bideo bitartez, Alfons Cornella eta Jose Luis Larrearen laguntza izan zuten.
Laburtuta, Unibertsitatea - gure kasuan ESTE Ekonomia eta enpresa fakultatea -, ikerketa eta enpresa mundua hurbiltzeko ideia interesgarria dirudi, eta dagoeneko zenbait proiektu eta iNNoVaNDiS bezalako abenturak martxan ipini dituzte.
Animoso ikusi nituen partaideak, ideiak eta proiektuak martxan ipintzeko gogo handiarekin. Animo, bada!
Argia.com, Sareko Argia berrituta
Beste argitalpen asko bezala, aitxitxa Floren hil eta urteetara, oraindik bere izenean ailegatzen zen gero Argia izango zen Zeruko Argia etxera. Zeruko Argia 1919 urtean jaio zela irakurri dut nonbaiten.
Aspalditik zegoen Argia Interneten, zerbitzuak eta edukiak eskaintzen, baina aste honetan beste urrats bat eman du IKTen erabilpenean. Atzo aurkeztu zuten Koldo Mitxelena kulturgunean Sareko Argia berria, argia.com webgunearen aurpegi berria.
Etengabeko hobekuntzan eta Interneteko proiektu esanguratsu guztietan gertatzen den bezala, zorionez, hobetzeko gauzak egongo dira, baina itxura ona dauka webak. Zorionak!
Berritasunen azalpenak eman zituzten Argiako arduradun batzuek: Eli Pombok webguneak dakarren berritasun teknikoak, RSS jarioak, bloka, ... eta edukiak; Arantza Egañak denda berria, argitalpenak, produktuak , jolasak, liburuak, makilak, ... etxetik erosteko aukerak; eta Esti Paradak, harpidedunei eskainitako abantailak azaldu zituen.
Hemen ageri dena bezalako argazki kaskar samarrak atera nituen eta beste toki batera joan behar nuenez berehala alde egin nuen.
Gaur ikusi dut Argiako jarioak atalean dagoela prospektiba bloga. Joe, eskerrik asko!
Technorati Tags: argia, Sareko_argia, prentsa, basque


