Shuttleworth
Gaur goizean Araba Digitalak antolatuta Mark Shuttleworth Miñaon. Arabako Parke Teknologikoko Areto nagusia bete-betea zegoen.
Bere espazioko bidaiko irudiak ikusten ziren bitartean, Shuttleworth-ek Software Libreaz hitz egin du denbora gehienean, aldez aurretik konbetzituta zegoen entzulego baten aurrean, egia esan. Beraz gehienek bazekiten gauzak aipatu ditu, baina hala ere, oso interesgarria izan da hitzaldia. Neurtua eta dinamikoa.
Nik ere, aurretik uste nituen pare bat gauza apuntatu ditut Mark Shuttleworth-en hitzalditik:
- Software libreak etorkizun handia duela. Hazkunde tasa handiak ezagutuko dituela.
- Software Librearen alde egiteko arrazoi ekonomikoak (merkeagoa, garapen endogeno lokala, ...), kulturalak (kultur aniztasunari edo hizkuntza gutxituen kasuari egoki erantzuten diola aipatu du) eta teknologikoak (aurreratuagoa, segurtasuna, ...) daudela.
- Software jabedunetik software librera transizioa gradualki egin daitekela. Hutsetik dena aldatzera aldaketa handia dela, baina pixkanaka egiteak ez duela arazorik. Abiapuntua merkatu kuota handia duten aplikazioak izan daitezkela, adibidez: Apache, Firefox, web aplikazioak, ...
- Software jabeduna sortzen duten enpresa handiak ez direla desagertuko. Egoera berriari egokitu egingo dira. Sektore hau beti izan da oso aldakorra.
- Etorkizunean software banaketak unibertsalak izango dira, baina egokitzapen pertsonalizatuekin, kulturalak (kultura edo hizkuntzaren arabera), sektorearen arabera (hezkuntzarako, eraikuntzarako, metalerako, ...) edo talde profesionalen araberakoa (medikoena, irakasleena,...)
Espazioan ibiltzeak, lurra han goitik ikusteak, lehendik kartografian zeukan zaletasuna berpiztu egin duela komentatu du. Beharbada, Tagzania garapenerako finantziatzioa eskatu beharko diogu!
Ekitaldiaren bukaeran E.S.L.E. Euskadiko Software Libreko Enpresen Elkartea aurkeztu dugu.
Eguneraketa, 2005.10.28
Gaur bertan 53R61-ren weblogean ikusi dut :
Orain Euskadi Digitalekoei esker hitzaldi horren audioa jaisteko prest daukagu esteka honetan:
www.euskadigital.net/especiales/ubuntu_shuttleworth.mp3
edo eta euren Podcast jarioaren bitartez:
www.euskadigital.net/rss/especiales.xml"
Audioan bapateko itzultzailea entzuten da gazteleraz eta atzetik Mark ingelesez berba egiten.
Gazteizera joan ez zirenentzako hitzaldia entzuteko aukera ona.
Zaintza Teknologikoa eta Adimen Lehiakorra
Zaintza Teknologikoa eta Adimen Lehiakorraren inguruan jardunaldi interesgarria zegoen gaur arratsaldean Tekniker zentro teknologikoan eta bertaratu egin naiz.
Hau da, enpresarentzat garrantzitsuak, estrategikoak, diren informazioak (merkatua, lehakideak, teknologiak, patenteak, arauak, ...) nola bildu, tratatu eta kudeatu, eta horretarako nolako tresnak dauden aurkeztea zen helburua.
Lau orduko oinarrizko jardunaldia izan da, baina orohar interesgarria . Egitarauan (adi .pdf 104 KB) iragartzen zen moduan, Francisco Sanchez Fuerte-ren aurkezpen orokorarren ondoren, hiru aurkezpen:
- Rosa Freire-k, "Vixia" izeneko aplikazioa aurkeztu du. Aplikazioa nahiko famatua da zaintza teknologikoaren mundu honetan. Baina ikusi dudana, ez nau konbentzitu. Neretzat, funtsean groupware bat da, baina sarea eta aurre-finkatutako datubaseak arakatzeko robot indartsu batekin. Informazioarako filtroak onartzen ditu, noski, baina astunegia ematen du. Aplikazio larregi nere iritziz, groupware arrunt batek dituenak, eta ez onegiak: egutegia, agenda, kontaktu datubasea, ... benetan robot arakatzailearen indarra behar zuen tokian. Eta azken hau ez dakigu nolakoa den. Off the record entzun dut lizentziak antzinako 17 miloi peseta balio duela, baina ez dakit egia den. Dena den, Rosa Freirek aipatu du arazoak izan zituztela softwarearen garatzaileekin. Nahiko ordainduta, baina hasieran barneko funtzioak prest ez zituen software jabeduna saldu zieten, kristona balitz bezala eta, geroago, benetan ibili zedin garapen gehigarriak kontratatu behar izan zituzten. Programaren tripetan ezin dira sartu gauzak modifikatzera eta edozein aldaketa jabeei eskatu eta ondo ordaindu behar omen dute. Horregatik, azken moduloak Open Source moduan garatzen ari dira eta hobeto. Ferroatlántica bezalako enpresa handia aipatu da erabiltzaile arrakastatsu moduan.
Eguneraketa: Aipaturiko prezioa plataforma teknologikoarena da, eta ez Vixia zerbitzuarena. Plataforma teknologiko horrek hiru modulo ditu : ITPilo , Aracne eta Virtual DataPort (klik egin bakoitzean eta zehaztasun gehiago izango duzue), eta Vixia bezalako zerbitzua emateko hirurak dira beharrezkoak. (eskerrik asko azalpenengatik, Xabier )
- Teknikerreko Xabier Garcia de Kortazar-ek aurkezpen majoa egin du. Eguneroko tresna sinpleekin edo sarean eskura ditugunekin zaintza teknologikoa nola egin azaldu du. Helburua zaintza "a coste cero" edo ia. Outlouk eta office-n oinarritutako tresnak, enpresetan oso hedatuak daudelako, baina gustatu zait. XML edo RSS(protocol) jarioak tresna garrantzitsu bezala aipatu ditu. Orokorrean Googlek bilaketarako eskaintzen dituen aukera ugariak edo patenteen ikerketarako espezifikoki http://ep.espacenet.com edo http://www.freshpatents.com/ eskaintzen dituzten aukera merkeak aipatu ditu. Gustatu zait enfokea, noski gure etxean erabiltzen dugun estilora zen. Ez da diru kontua, kultura kontua baizik.
- Urrestilako Biele enpresako Elias Badiolak aurkezpen majoa egin du. Oso praktikoa, beraiek berrikuntza eta I+G-a nola planteiatu eta egiten duten azaldu du. Doazen toki guztietan ikusi, ikasi eta saiatu hobetzen, bere produktuei aplikatuz. Garrantzitsuena kasu honetan ere ikerketa, berrikuntza eta zaintzarako enpresa kultura.
RSS-ak Teknikerreko albisteetan
Xabier Garcia de Kortazar-ek iragarri du RSS-ak ezarri berri dituztela Teknikerren webgunean .
Begiratzen ibili naiz eta nik uste oraingoz RSS-ak eskaintzen dituen euskal Zentro Teknologiko bakarra dela Tekniker. Harrigarria 2005 urtean.
Hauek behintzat hasi dira, ea besteak noiz!
Jagoleen kluba

Irailaren 15ean, bloga estreinatu du duela bost urte sortutako Le Club des Vigilants , frantziako prospektiba elkarteak.
Nolabait esateko, elkartean zaintza kolektiboa egiten dute, eta blogaren bitartez iritziak kaleratu, baina batez ere elkarrizketa bideratzea nahi dute.
Argitaratzen dituzten alerten helburua erreakzioak sortarazi, bide berriak ireki, arriskuak jakinarazi, aukerak nabarmentzea da.
Esan bezala, elkarrizketak sortzea da helburu:
Le Club des Vigilants blogean zientzialari batek finantzario bati erantzuten badio, finantzarioak nekazariari, txinatarrak frantzesari,... orduan eta hobeto!
Nous voulons maintenant ouvrir, grâce à ce Blog, un terrain neutre où des gens de qualité pourront amorcer un dialogue. Notre souhait est que nos « Alertes » suscitent vos réactions, ouvrent des pistes, soulignent des risques, signalent des opportunités. Si un scientifique répond à un financier, un financier à un agriculteur, un Chinois à un Français, tant mieux !
Skype debekatuta Frantziako Unibertsitateetan
Egun hauetan, Frantziako ZDNet.fr edo Yahoo.fr bezalako albistegitean irakurri dugu albistea : segurtasun arrazoiengatik Ministeritzak Skype logizielaren erabilera debekatu egin du Frantziako Unibertsitateetan.
Ondorioz, Frantziako Unibertsitate edo Ikerketa Zentru guztietatik desagertu behar du:
"Skype doit disparaître des postes de bureau dans les laboratoires, les administrations des universités, les centres de recherches et les écoles supérieures."
Hori dela eta, URFIST (Unité Régionale de Formation à l'Information Scientifique et Technique) delakoaren Urfist.Info blogean, arrazoia segurtasuna bada ea zergaitik ez duten beste aplikazio batzuk debekatzen galdetzen dute.
Zergaitik ez pentsatu Windows-en? diote Urfist-en.
Zerikusia izango du France Telecom-ek?
Eibartarren ahotan, etorkizunerako artxiboa Interneten.

Interneten eskuragarri ipini berri diren Eibartarren ahotan proiektuaren emaitza batzuk aurkeztu ziren atzo arratsaldean.
Proiektuaren helburua Eibarko ahozko ondarea jasotzea da: herriko nagusiekin berba egin eta antzinako ipuin eta kontuak grabatu eta bideoz jasotzea.
Asmoa, hurrengo belaunaldiei XX. mendearen lehenengo zatiaren bizimoduaren ñabardurak eta alderdi desberdinak zehatz-mehatz, protagonisten ahotan, jasoko dituen ikusentzunezko artxibo eta datu-basea lagatzea, zaletuen gozamenerako eta adituen (filologo, historialari, etnografo zein soziologoen) azterketarako.
Izugarrizko lan sistematikoa eta antolatua egiten dihardute 1999 urtetik, besteak beste Asier Sarasua lankideak eta Itziar Alberdi-k. Aurkezpenean, era batean edo bestean ikerketan parte hartu duten Bego Azpiri, Jose Valderrey eta beste batzuk zeuden. Txalotzekoa guztien lana.
CodeSyntaxetik Interneteko sarbidea eta artxiboaren erabilpena errazten saiatu gara: datu basea, bilaketak, nabegazioa, Interneterako diseinua, ...
Internetari begira, lan txukuna geratu dela iruditzen zait, baina benetako ondarea grabaketak eta bideoak dira. Lekukoen hitza jaso duten grabaketek.
Eibartarren ahotan artxiboak balorea handia du gaur egun, baina handiago izango du hemendik urte batzuetara. Atzoko aurkezpenean Itziar Alberdik ondo azaldu zuen bezala, ez bakarrik hizkuntzalaritzatik begiratuta, XX mendearen hasieran eibarko euskalkia jasotzen duelako, era berean, ahozko artxiboak balore etnografiko, historiko, soziologiko, ... handia duelako.
Otxabiña, elkarrizketatuen zerranda luzean ageri den eibarko militante komunista euskaldun historikoa hil da aste honetan . . Eibartarren zerredan aipatu da : Zahar bat hiltzen jakun bakotxian, memorixa zati bat juaten jaku. .
Proiektuaren inguruan Asierrek esaten duen bezala, hauen testigantzak orain ez baditugu grabatzen eta gordetzen, aurrerago ez dugu izango horretarako aukerarik: hau da garaia.
The Ubuntu Experience. Mark Shuttleworth Gasteizen

Mark Shuttleworth , Hego Afrikako ekintzaile, espazioko bigarren turista eta Sotware Librearen mezenas da. Ostegunean, urriak 6an, Araba Enpresa Digitalak Miñaoko Parke Teknologikoan antolatu duen hitzaldian egongo da.
Duela ia 10 urte, 1996. urtean, Shuttleworth-ek Thawte enpresa garajean sortu zuen, ziurtagiri digitaletan eta Interneteko segurtasunean espezializatutakoa.
Beranduago, 1999. urtean, Verisign enpresak Thawte erosi zuen.
Lortutako etekinekin HBD Venture Capital , negozio eta arrisku kapitaleko hazitegia, eta Shuttleworth Fundazioa , - Hego Afrikako gizarte-berrikuntzan eta hezkuntza-proiektuetan aritzen zen irabazi asmorik gabeko erakundea - sortu zituen.
Lehen afrikarra espazioan?
Shuttleworthek mundu mailako ospea lortu zuen 2002ko apirilaren 25ean, historiaren bigarren kosmonauta zibila eta, kroniken arabera, espazioan izandako lehen afrikarra izan baitzen.
Baina, eztabaida dago puntu honetan, Wikipedian irakurri daitekenez batzuen iritziaren arabera, Kamerunen jaiotako Patrick Baudry , Kamerun frantziako kolonia zenean, kontsidera daiteke lehen kosmonauta afrikarra moduan. Beste batzuk, aldiz, Baudryk beti nazionalitate frantziarra izan duela diote eta ezin dela lehen kosmonauta afrikarra izan.
Dena dela, urtebete entrenatzen ibili ondoren, Soyuz TM-34-ren barruan Nazioarteko Estazio Espazialera heldu zen Shuttleworth.
Hantxe zortzi egunean IHESA, genoma eta beste gairi buruzko zenbait esperimentutan parte hartu zuen.
Software librearen bultzatzailea
Shuttleworth 90eko hamarkadatik Linux Debian-eko banaketaren garatzaile bat izan zen, eta 2004ean Software Librearen mundura itzuli zen Linux-aren garapenari eta hedapenari ekin zion; Ubuntu izeneko proiektuaren bidez.
Doan eta erraz erabiltzeko modukoa zen. Orain dela gutxi Ubuntu Fundazioa sortu du eta hasieran 10 miloi dolar inbertitu ditu horren garapen eta euskarrirako.
Ubuntu-rekin (Linux for Human Beings), hizkuntza anitzeko eta plataforma anitzeko Linux erraz eta doan baten erabilera komunitate guztiei zabaltzea zuen helburu.
Markek Ubuntu proiektuaren iraganari, orainari eta etorkizunari buruz hitz egingo du, ostegunean, urriak 6, 12.00etatik 13:30etara, Arabako Teknologi Parkean, Miñaon.
Gizartean, eta bereziki enpresen eremuan, Software Libre-ak zer nolako abantaila eta aplikazio dituen ere azalduko ditu, eta beste ekintzaile batzuentzat Software Librean oinarritutako negozio-eredu batzuk ere erakutsiko ditu. Guzti hau, Araba Enpresa Digitalak antolatu duen hitzaldian.
Seguru gauza interesgarriak dituela esateko, ni behintzat han izango naiz entzuteko eta ikasteko. Gainera, egun berean, duela gutxi martxan ipini dugun eta Software Librearekin zerikusia duen proiektu baten aurkezpena egingo dugu Miñaon.




