Hemen zaude: Hasiera Blogak Prospektiba Artxiboa 2005 Apirila

Artxiboa Apirila 2005

Nanoteknologiak: etika eta prospektiba industriala

Nanoteknologiak: etika eta prospektiba industriala edo "Les nanotechnologies : éthique et prospective industrielle" izenburua duen txostena jarri dute sarean Jean-Pierre Dupuy eta Francoise Roure, Frantziako Conseil Général des Mines eta Conseil Général des Technologies de l'Information delakoen partaideak. Txosten laburra, 60 orrialde frantsesez, eta nahiko irakurgarria adituak ez garenontzat.

Hasiera-hasiratik nanoteknologien garrantziataz hitz egiten dute, hurrengo 30 urteetan uka ezinezko erronka: "Les politiques publiques auront à relever un défi majeur au cours des trente prochaines années, celui des nanotechnologies" (..) les nanotechnologies sont appelées à prendre une place significative."

Egileen ikuspegitik, hurrengo urteetako berrikuntza teknologikoa, nanoteknologiak, bioteknologiak, Informazio teknologiak eta zientzia kognitiboen arteko meta-konbergentzia-ren inguruan izango da. AEB-arrak NBIC (nano-bio-info-cogno) bezala ezagutzen dutena. Berraldaketa eta berrikuntzarako sekulako aukerak eskaintzen dute, gaur egun ia imaginatu ezinezkoak.

Nanoteknologiek sektore guztietan dute eragina, "les applications des nanotechnologies sont transversales au monde industriel et économique et toucheront tous les secteurs", eta arazo handien konponbidean lagungarriak izan daitezke: klima, zahartzaroa, osasuna, kontaminazioa, energia, garapen jasangarria, ...

Baina, era berean, gaur ezagutzen ez ditugun arrisku berriak, arlo metafisikoan, sortaraziko dituzte.

Txostenaren amaieran, nanoteknologiaren inguruan ekintzarako 13 gomendio ageri dira. Nanoteknologiak, sektorialki zeharkakoak direnez, erronkari aurre egiteko sail edo ministeritza ezberdinen arteko koordinazioaren beharra azpimarratzen dute eta, sektore publikoaren ikuspegitik, politikak martxan ipintzeko sintesi erakundea.

Txostena Frantziako Conseil Général des Mines delakoaren webgunean dago (Adi: ms-word dokumentua, 359 KB)

Via: Internet Actu

Eneko Astigarraga 2005/04/29

Euskal Kultur Erakundea. Web berria.

Gaur goizean Iparraldeko Parke Teknologikoan , hau da Bidarteko Technopole Izarbel-en, EKE-ren, Euskal Kultur Erakundea - Institut Culturel Basque, webgune berria www.eke.org aurkeztu da.

Aurkezpena ESTIA -ren Ecole superieure des technologies industrielles avancees, lokaletan egin da. Iparraldeko kultur eragile eta egile asko bildu ditu. Batzuk aski ezagunak: Jean Haritschelhar, Michel Oronos, Erramun Bachoc, lehendakari berria Mikel Erramuzpe, ESTIA-ko Zuzendaria, eta beste asko. Webgune berriaren proiektuan parte hartu dugunez, bertan izan gara.

Atari berriaren aurkezpena, Pantxoa Etchegoin , EKE-ko zuzendaria, Jakes Larre, Rene Harluxet eta Mikel Erramuzpe-k egin dute.

Dagoeneko, aurkezpenean banatu diren informazioak, prentsa txostenak eta argazkiak sarean daude webgune berrian.

Batekmila programaren barruan berritu da EKEren webgunea eta, besteak beste, Euskal kulturaren eta euskararen inguruko ekitaldien berri ematen da webgunean. Webgune eleanitza da: euskaraz eta frantsesez gehiengoa, eta baita gaztelaniaz eta ingelesez.

Webgune dinamiko eta bizia egin nahi da eta euskal artistei eta kultura elkarteei esker eguneratzeko asmoa dago.

Beraz, erronka eta aukera ederrak eskaintzen ditu webguneak eta, esate baterako, froga edo piloto gisa Koldo Amestoy, atariaren bere zatia informazioz betetzen hasia da. Ikustekoa da prestatu duen Entzunikustekoen atala, merezi du.

Beste artista, elkarte edo eragile guztiek berdina edo hobea egiteko aukera izango dute, modu errezean Euskal Kultur Erakundearen Teknologia Berrien sailaren laguntzarekin. Neurri handian, webgunearen aberastasuna eta etorkizuna bere eskuetan geratzen da.


Jakes Larre EKE-ren ataria aurkezten

Bestalde, webgune berriak euskal kulturaren inguruko albisteak sortuko ditu eta agenda ataletan ekitaldien inguruko informazio eguneratua bilduko du.

Gainera, atal finkoetaz gain, Euskal Herriko kulturari, arteari, hizkuntzari edo ondareari buruzko informazio trinkoak, bai eta tokiko elkarteen eta artisteen aurkezpen xehea (datu-basea ) ere biltzen ditu.

EKE zer den, funtzionamendua eta ekintzen berri jakiteko Euskal Kultur Erakundea atala kontsultatu daiteke.

Kultur elkarteen arteko komunikaziorako tresna

Bestalde, atariak extranet dimentsio bat badauka, beren egoitza edozein lurraldetan izanik ere, Euskal Herriko kultura elkarteek barne komunikazio eraginkorrago bat izan dezaten pentsatuak diren ekitaldiekin kultura agenda bateratu baten osatzeko tresna, topagune «birtualak»...

Parte-hartzea sustatuko du, edo hori da asmoa behinik behin. Euskal kulturaren ataria euskal kultura bizi baten erakusleihoa eta denbora berean lankidetza tresna izatea nahi da.

Web proiektua aurrera ateratzeko urte betean zehar talde lan gogorra egin dugu, Euskal Kultur Erakundeko kideak, Parke Teknologikoan bertan dagoen MCC-ko Sei informatika enpresakoek eta CodeSyntax -ekoek.

Uste dugu emaitzak merezi izan duela.


Sud Ouest egunkarian hurrengo goizean agertutako albistea. Pantxoa eta Jakes atari berriaren atzean

Eneko Astigarraga 2005/04/27

Azaleratzen ari diren 10 teknologia

Urtero bezala, maiatzeko zenbakian , Technology Review aldizkariak, azaleratzen ari diren 10 teknologia nagusiak azpimarratzen ditu.

Hauxe da Technology Review-k aurkeztu duen teknologia berrien zerrenda:

  • Airborne Networks. Hegazkinen arteko komunikazioa eta trafikoa erraztuko duen sarea. Hegazkinen trafikoan asko lagunduko duena
  • Quantum Wires. Argi-indarra modu askoz hobea eta efizientean garraiatzeko lagunduko dituzten nanotuboak.
  • Silicon Photonics. Optoelektronikak datuen trasmisio abiadura gehituko du
  • Metabolomics. Medikuntzan diagnosi aurrekoietan erabiliko diren tresnak.
  • Magnetic-Resonance Force Microscopy. Imagina ezazue mundu molekularra hiru dimentsioetan...
  • Universal Memory. Nanoteknologiari esker, 20 urteetan ezagutuko ditugun DVD guztiak portatil batean posible egingo duena.
  • Bacterial Factories. Farmazilari Industriarako.
  • Enviromatics. Hain modan jarri den ingurumen adimenaren garapenean ezinbestekoak.
  • Cell-Phone Viruses. Birusak non nahi, deitu nahi ez dituzun telefonoetara deika hasiko da zure segapotoa.
  • Biomechatronics. Hitz eginda honetaz blogean, robotak gure gorputz eta neuronekin hartu-emanetan.

Gehiago jakin nahi duenak, Technology Review aldizkarira jotzea dauka.

Eneko Astigarraga 2005/04/25

IEB 2005. Informatikari Euskaldunen Bilkura


IEB 2005. Arratsaldeko mahaingurua

Bi urteka UEU -k antolatzen duen Informatikari Euskaldunen Bilkura ospatu zen ostiralean, Softwaregintzaren erronka berriak lemapean Donostiako Miramon Teknologia Parkean.

Hirugarren aldiz egon naiz jardunaldi hauetan eta beti bezala, ongi antolatuak eta jendetsuak. Lehen edizioan euskarazko softwarea, bigarrenean Euskara eta Internet, hirugarrenean - honetan komunikazioa aurkeztu nuen-, informatikaren irakaskuntza eta informatika irakaskuntzan, duela bi urtekoan informatikaria gizarte elektronikoan eta aurtengoan Softwaregintzaren erronka berriak izan dira jardunaldietan jorratu diren lema edo ardatzak.

Aurtengorako aukeratutako gaiak bereziki interesgarriak: web zerbitzuak, segurtasuna, grid konputazioa, inguru-adimena, software librea, ... eta areto nagusian izaten diren hitzaldi, ponentzia edo mahai inguru nagusiekin batera, produktuen aurkezpenak.

Kuriosoa bada ere, paraleloan izaten diren produktuen aurkezpenetan, hitzaldietan baino ia jende gehiago. Eta egia esan, zaila egiten da aukeraketa: hitzaldietara joan edo produktu aurkezpenetara joan. Baina uste dut ideia ona dela biak paraleloan mantentzea: aniztasuna eta entzulegoari aukerak eskaintzea aberasgarria delakoan.


IEB 2005. Aitzol Naberan OpenGroupware euskaratua aurkezten

CodeSyntax -eko jendeak parte hartu du jardunaldietan, entzule eta hizlari edo aurkezle moduan:

  • Mikel Larreategi-k modan dauden blogak lantzeko Coreblog euskaratua aurkeztu du. Goiena.Net eta Eibar.org blog komunitateek erabiltzen duten azpiegitura teknologikoa da. Mikelek bere blogean utzi du aurkezpenaren kronika.
  • Aitzol Naberan-ek enpresa edo erakundeen kudeaketarako groupware tresna potentea aurkeztu du, OpenGroupware euskaratua : kontaktuak, agenda, errekurtsoak, proiektuak, ... kudeatzeko aplikazioa.
  • Jardunaldia itxi duen arratsaldeko mahai inguruan, Gari Araolaza-k, EHU eta UEUko Joseba Makazaga eta Gipuzkoako Hospitaleko Iñaki Dorronsororekin batera parte hartu du. Gaia, eztabaidagarria: Software jabedunetik software librera eta interesgarriak mahainguruan bai alde eta bai kontra eman diren argudioak. Garik Software librea enpresan nola ikusten duen aurkeztu zuen. Gainera, bere blogean jardunaldien inpresioak utzi dizkigu.

Baloraketa egiteko behar bada ez naiz egokiena, baina uste oso ondo aurkeztu dutela aurrez egindako lan itzela. Mikelek, Aitzolek eta Garik erabili dituzten aurkezpenak eskuragarri daude CodeSyntax-en webgunean

Aurtengo jardunaldietan, UEU-ko ohizko antolatzaileek, Miramon Enpresa Digitala ekimenaren laguntza izan dute, eta instalakuntzetan behintzat nabaritu da. Bestalde, Olatz Arbelaitz UEU-ko Informatika Saileko Buruak Berrian zioen bezala, Informatikan euskaraz aritzeko gero eta baliabide gehiago daudela nabaria da, baina horrelako jardunaldiak beharrezkoak dira oraindik.

Hitzaldi eta aurkezpenetaz aparte, giro ona izaten da jardunaldian eta, duela bi urte Joxe Aranzabalek komentatu zuen bezala, Informatika euskaldunaren munduan egiten ari den lan itzela informatikari ez garenoi aurkezteko modu egokia da.

Hemendik bi urtera izango den Bilkurarako, oso ausarta ni, enpresako web zerbitzuak eta software soziala proposatu nituen gai bezala baloraketarako bete behar den galdetegian: ez naiz informatikaria eta auskalo zer berri izango dugun hurrengo bi urteetan hainbeste eta hain azkar aldatzen den sektorean.


IEB 2005. Patxi Gaztelumendi eta Igor Leturia blogariak : Igor Moblogging-a egiten saiatu zen eta Patxik irrati saiorako podcasting-ak eta gaiak prestatzen ibili zen.

Argazkiak: Gari Araolazaren flickr-etik aterata

Informazio osagarria IEB 2005-ari buruz Technorati zerbitzuan:

Eneko Astigarraga 2005/04/24

Stormy domeka. Lagunen arteko podcasting-a

Bi hilebeteka behin, hilebete bakoitiako barikuan, gazte kuadrilako afaria izaten dugu. Nahiko football zaleak gara kuadrilako guztiok eta aurten, Eibar hain ondo dabilenez, afariko tertulia footballaren inguruan da, nola ez.

Azken boladan podcasting-ari buruz hitz egin da blog honetan eta, idatzitakoa praktikan ipini nahiean, kuadrilako afarian egin genuen grabaketatxoa (Stormy domeka abestia) sareratu dut froga gisa.

Momentuz, ez dut uste horrelako grabaketen konpetentziarekin irratiek itxi beharra izango dutenik, baina lagun arteko experimento gisa ondo dago. Behintzat, ondo pasatu genuen.

Grabaketaren historia, nahiko konplikatua, honako hau da: Jon Romarate (argazkian goian ezkerrean), koadrilako lagunak, Eibar football taldea animatzeko asmoz, abestia asmatu du, Liverpooleko You'll Never Walk Alone estilora. Afal ostean telefono mugikorretik kuadrilako Inaki Arregi-ren etxera deitu, a capela abestu eta erantzungailuan grabatuta utzi zuen abestia. Grabaketa hori, Iñakik mp3 formatora pasatu du eta, dena ondo badoa, hemen klik eginez entzungo duzue . (mp3-a 384 KB)

Abestiaren izena Stormy Domeka da, eta letra honako hau da


Kuadrilako football taldeko argazkia. Ez dut ondo gogoratzen iazkoa edo duela bi urtekoa den :-)

Eneko Astigarraga 2005/04/20

Fisikaren etorkizuna

Apirilak 18a, Javier Armentiak ordenadorearen mahaigainean Einstein-en irudia du eta bere blogean gaur Einstein hil zenaren 50 urteurrena dela gogora ekarri du .

Erlatibitatearen teoria proposatu zuen Albert Einstein, XX mendeko gizona izan zen Time aldizkariaren eritziz .

Ez dut fisikataz larregi ulertzen, baina duela gutxi CERN famatuan lan egiten duen John Ellis-ek bere blogean David Gross, iaz Nobel saria jaso zuen fisikariaren hitzaldia aipatzen zuen, non fisikaren etorkizuna jorratu zen: The Future of Physics .

Albiste horretan, gaur egun Fisikarako 25 gai garrantzitsuenak aipatzen ziren, baina arreta gehien sortu zidana, ulertzen ez dudan 25 gaien zerrenda bukatu eta bi fisikari handi hauek egiten zituzten bi gaien inguruko galdera gehigarriak dira:

  • Fisikak, badu etorkizunik? Baietz, erantzuten dute, jakina, eta...
  • Zer egin dezake Fisikak gizartearen alde? Batez ere, hondamendien aurrean edo hondamendiak aurreikusteko?

Seinale ona horrelako kezkak izatea fisikalari handien artean.

Argazkiak:

Eneko Astigarraga 2005/04/18

EAJ-EA koalizio irabazleak, gobernu eta etorkizunerako aliatuen premian.

Azken urteetan, hauteskunde emaitzen inguruko artikulutxoa eskatzen didate herriko eta kitto! aldizkariak hurrengo goizean ateratzen duen alerako. Aurten, lehendabiziz, blogean ere. Hor doa:


EAJ-EA koalizio irabazleak, gobernu eta etorkizunerako aliatuen premian.

Ia beti bezala, kanpaina berezia: lege-kanporaketak, agerraldi mediatikoa, azken orduko urduritasunak, ... baina beste batzuekin konparatuz, giro lasaia nagusi izan dela esango nuke.

Beharbada horregatik, aurreko hauteskundeetan baino partehartze txikiagoa izan da. Hala ere, hauteskundeak gure herriaren aniztasunaren islada izan dira. Sei aukera politikoek lortu dituzte ordezkariak Gasteizen.

Euren arteko elkarrizketa eta akordio zabal eta sakonak behar-beharrezkoak izango dira hurrengo lau urteetarako Gobernua osatzeko eta, are gehiago, normalizazio politikoa lortzeko eta hainbeste aldarrikatu den bakearen legealdia izateko.

EAJ-EA koalizioak aise irabazi ditu Legebiltzarrerako hauteskundeak, bigarren alderdiak baino 10 eserleku gehiago lortuz, baina joan zen astean zenbait inkestek iragartzen zuten gehiengotik oso urruti geratu da.

Printzipioz, badirudi abstentzioak eta Estatuko Gobernuan dagoen alderdiak, PSOEa kasu honetan, sortzen duen efektu mediatikoak EAJ-EA koalizioa eta PP-ren kalte egin duela. Bestalde, badirudi alderdi ezkertiarrek gehiago mobilizatu dituztela bere hautesleak. PSE-Eek, Aralarrek eta, batez ere aipatzekoa da EHAKaren kasua, EHren botoak lortu eta gehitu egin dituelako.

Etorkizunerako iragarpenak egitea ez dirudi erraza hauteskunde gau honetan. Gehiengo nabarmena lortu dezakeen aukera bat baino gehiago aurreikusten dira, eszenategi posibleak bat baino gehiago, baina printzipioz, guztietan indar nagusi bezala EAJ-EA koalizioarekin kontatuz.

Baina, lehen esan bezala, elkarrizketa sakonak beharko dira horretarako. Alde batetik Maragallek proposatutako irtenbidea, PSE eta EAJ-EAren artekoa, non beste alderdi batzuk gehitu daitezkeen, EB esate baterako; bestetik Estatuto berriaren aldeko edo abertzaleen arteko akordio zabala, EAJ-EA, EHAK, Aralar eta beharbada Ezker Batua gehituz. Zailago, baina minorian egon daitezkeen gobernuetarako akordio urriagoak posible dira. Hirukoa gehi Aralar eta baita, akaso, PSE-EE eta PP-ren artekoa.

Abertzale eta konstituzionalisten arteko oreka ez da larregi aldatu: PP-k galtzen duena PSE-EEk irabazten du, eta EAJ-EA koalizioak galtzen duena EHAK eta Aralarrek irabazten dute. Ezker Batua lehen bezala geratzen da.

Legebiltzarreako hauteskundeak Eibarren

Eibarko datoei dagokionez, azken urteetan behin eta berriro ikusten ari garen joera errepikatu egin da.

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan EAJ-EA koalizioak erraz irabazten du eta, aldiz, Udal Hauteskundeetan PSE-EEk lortzen du gehiengoa. EAJ-EA koalizioak botoen %39 lortu du Eibarren, alde handi samarra atereaz bigarrenari, botoen %27 duen PSE-EE-ri.

PPk eta EHAK antzerako portzentaiak lortzen dituzte %12-13aren inguruan, baina PP 7 puntu jaisten den bitartean, EHAK gora egiten du. EB eta Aralarrek aurreko deialdiekin konparatuz, ez dute aldaketa handiegirik, lehenengoek apur bat gorantz eta bigarrenek apur bat beherantz egiten dute.

Bihartik aurrera, berriro, alderdien arteko elkarrizketa ordua ..., guztion onerako izan dadila

Eneko Astigarraga 2005/04/17

Elgetan lagun arteko BST-a

Azkenean batu gara blogari talde majoa, ez dakit zenbat, baina ateratako argazkiak kargatzen ari dira flickr zerbitzuan. Ondo, ondo.

Hasierako argazkia

taldeko argazkia

Eneko Astigarraga 2005/04/17

Ardoak 2015 urtean

Larunbateroko Berrian Mikel Garaizabal enologo eta sumiller elorriotarrak, besteak beste Euskal Herriko Ardoak argitalpenaren egilea eta Catar Vino atariaren bultzatzaileak, atal gastronomiko interesgarria dauka, baina zoritxarrez ez dago Interneten.

Atzokoan, ardo sektorearen prospektiba aipatzen zuen Mikelek eta Robert Parker The Wine Advocate aldizkariaren sortzaileak Food & Wine Magazine aldizkarirako egindako aurreikuspenak zekarren.

Sektoreari buruz Parkerrek duen ezaguerarekin, joan zen urtearen bukaeran, 2015 urteari begira 12 aurreikuspen egin zituen.

Beste sektore batzuetan ematen diren aldaketak kontutan izan (aldaketak banaketan, Internet, lehiakortasuna, teknologia eta material berriak, ekonomia berrien eragina, ...) eta, era berean, ekoizle berrien etorrera aurreikusten zituen Parkerrek.

Vinography.com A wine blog ardoen inguruko blog ederrean (RSS-a, albiste eguneraketa, beste blogei buruzko erreferentzia ugari, creative commons lizentzia, ...), Robert Parker-en aurreikuspen horiek, kritikak eta komentarioak aurkitu ditzakegu Parker Predicts The Future of Wine and I Respond albistean.

Mikel Garaizabalek Berria -ko Ardoxka atalean azpimarratzen dituenak hauek dira:

  • Frantziako ardoen hondamendia.
  • Ardo-marka jakin batzuk aurkitzea oso zaila izango da, eta neurrigabeko prezioa izango dute, Asiar Ipar Amerika eta Europako Ekialdeko aberats berrien eskaeragatik.
  • Ardoaren banaketa ere asko aldatuko da, ekoizleek zuzenean salduko dituzte jatetxeetara eta dendetara.
  • Internetek garrantzi handia izango du, ardoen inguruko informazioa ematean.
  • Kortxo naturala apenas ikusiko da, horren tokia kortxo sintetikoak hartuko du.
  • Egur gabeko ardoak gehiago baloratu eta salduko dira.
  • Merkatua oso lehiakorra izango da prezio/kalitatea balantza horretan.
  • Ardo mota gehiago izango dugu, eta herrialde berriak sartuko dira ekoizleen merkatuan: Mexiko, Txina, Errusia.
  • Espainako ardoak izango dira izarrak, bai kalitateagatik bai sormenagatik, baina tradiziozko lurralde izan diren Errioxak edo Ribera del Duero ospea galduko dute, eta haien ordez Jumilla, Toro edo Priorat izango dira baloratuenak.

Gainera, Italiako hegoaldea edo California's Central Coast goraipatzen ditu Parkerrek eta baita ere beste ekoizle berri batzuk: Bulgaria, Romania, Japan, Lebanon, Turkey eta agian India ailegatu daitezkela. Parkerren aurrikuspenak Vinography blogetik gain, Iblnews-en argitaratu ziren .

Beraz, 2015 urtean ardo arrakastatsuenak zeintzuk izango diren aparte utzita, Parkerrentzat sektoreko enpresen etorkizunerako erronka estrategikoak: lehiakortasuna, kalitatea, teknologia berriei egokitu eta, sektore industrialetan gertatzen den legez, enpresak lurralde berrietara zabaldu.

Argazkia: VinoGraphy Rober Parker ardoen kata batean

Eneko Astigarraga 2005/04/17

Leonardo da Vinci, etorkizuna aurreikusten

Google-k gogora arazi digun bezala, 1452 urteko apirilaren 15ean, Florentziatik gertu dagoen Toskanako Vinci herrian Leonardo da Vinci artista, zientzilaria eta futurista jaio zen.

Leonardo da Vinci pintorea, disenatzailea, asmatzailea, zientifikoa, futurista, pentsalaria, ... izan zen, Errenazimentu garaiko eredua.

Joan zen egunean aipatzen genuen gizonek aurreikusten duguna asmatzeko erreztasun handiagoa dugula. Bada, horretan, beste gauza askotan bezala Leonardo maisu izan zen.

Zalantzarik gabe, prospicere, latinez urrutira begiratu, sarritan egiten zen gauza zen. Adibide batzuk ikustea baino ez dago: Leonardo Visions of the Future . Leonardoren paraxuta, tramankulo militarrak, tankeak, ....


Eneko Astigarraga 2005/04/15

"Etorkizuna interesatzen zait datozen urteetan bertan biziko naizelako".

Prospektiba, estrategia eta plangintzari buruzko bloga.

Azken erantzunak
pistop pjsm_1919@hotmail.com, 2011/05/17
sociologia wilson mosquera , 2011/05/11
Santiago Luis, 2010/05/12
citar Ferran, 2010/04/22
Patricia fabian, 2010/01/13
Etiketa lainoa
...eta kitto! 0 2018 Administración Ana Morato Barcelona Bartzelona Berriak Bilbao Bitxikeriak CUIMPB CodeSyntax Codesyntax Desarrollo Local Deusto Diputación ESTE ESTE Deusto Estrategia FLOSS FLOSSMetrics Flossmetrics Future studio GPS ISEA Interoperability Joerak MCC Metodoak Morfeo Newport News OBOOE OCDE OECD OPTI Open_Source PriceWaterHouseCoopers Prospectiva Prospektiba TID UE ZEA ZEA Partners ZEA_Partners award bartzelona bbec behatokia blog blogak catalunya cinum clases codesyntax curso deusto eGovMoNet egunkaria egunkarialibre eibartarrak empresa escenarios eskola estrategia etorkizuna euskara gizakiak hauteskundeak ikastaroak joerak lurraldea makinak mede medioambiente open standars organizacion personas plonegov projet prospectiva prospektiba prospektiba bartzelona Woody_Allen cuimpb proyecto puntueus serveis socials software libre software_libre software_librea spri tecnologia telebista udalplone zibilizazio_digitala