Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Prospektiba

Frantzia: l'Etat stratège

Eneko Astigarraga 2004/08/31 19:46

Alain Etchegoyen, filosofoa, irakaslea eta aholkularia, da gaur egun Frantziako Commissaire au Plan edo Frantziako Plan orokorraren zuzendaria.

Frantziako planifikazioan izugarrizko garrantzia du Commissariat Général du Plan delakoak, Estatuko Plan orokorraren, Le Plan-aren, definizioa eta kudeaketaren ardura duelako.

Bigarren Gerraren ondoren, 1947 urtean, I Plana edo Plan Monnet ipini zen martxan eta 1953 urterarte igaro zuen. Gero beste hamar plan etorri dira. Estatuaren planifikaziotaz gain, hau da makroekonomia, azpiegitura orokorra, eta abar... Planak Estatua eta Lurralde edo erregioen arteko harremanak definitzen ditu: les contrats de Plan Etat-Region delakoak.

Zeregin horretan prospektibak pisu garrantzitsua izan du Frantziako azken Planetan, baina indarrean dagoen Planaren Misioa Prospective de l’Etat Stratège edo Estatu estrategaren prospektiba da.

Hau da, Planaren zeregin nagusia datozen urteetarako Estatuaren erronka nagusiak definitzea eta nola aurre egin zehaztea da.

Horretarako, Etchegoyen -ek zuzentzen duen Frantziako Planak lau eremu edo Estatuaren lau lehentasun definitu ditu. Lan talde eta arlo asko aztertzen dira, baina hauek dira lau lehentasunak:

  • Ikerketa - berrikuntza - hazkundea eta garapen jasangarria.
  • Enplegua - lanbideak - formakuntza
  • Integrazio soziala
  • Osasun publikoa - arreta printzipioaren aplikazioa

Jarraitu nahi izanez gero, argitalpena kaleratzen dute: Regards prospectifs sur l’Etat stratège.

Abuztuan kaleratu dute lehen zenbakia: Regards prospectifs SUR L'ETAT STRATEGE en ligne

Esperimentu kulturala: Timeline+25

Eneko Astigarraga 2004/08/30 14:18

Aste honetan Linzen hasten den 2004 Ars Electronica Festival ,Festival for Art, Technology and Society delakoan, etorkizunaren aurreikuspenekin lotuta dagoen eta esperimentu kultural bezela definitzen duten saiakera bat ipini dute martxan: Timeline+25.

Timeline+25 esperimentuaren Internet helbidea hau da: http://www.aec.at/predictions/ , eta Ars Electronica Festival-ean instalazio publiko bezela aurkeztuko da Irailaren 2tik 7ra.

Aurreikuspenak urtez urtekoak dira: 2006, 2007, ..., 2028, 2029, 2030. Gaia librea: teknologia, gizartea, giza harremanak, .... Edozeinek idatzi eta argitaratu dezake aurreikuspen bat, aurreikuspen onenak aukeratzeko edozeinek bozka dezake aurreikuspen baten alde edo aurka.

Marterekin lehen IPv6 Komunikazioak 2020 urterako (video-streaming Martetik Lurrera via multicast), oinarrizko kuota ordainduz doako telefono deiak mundu osoarekin 2009 urterako, zarata edo soinu gardenek musika ordezkatuko dute 2030 urtean, Totimorphous-ak gaur egun ezagutzen ditugun estatu-nazioak ordezkatuko ditu 2029 urtean, Windows baino Linux gehiago 2014 urterako, baina baita ... software librearen bukaera ... 2005 urterako, Hillary Clinton AEB-ko presidentea 2012 urterako, ... eta beste ehundaka aurreikuspen.

Esperimentu kulturala? etorkizun posibleak?

PS: Creative Commons, Cyberarts 2004 NET VISION saria

Blog honek eta beste askok erabiltzen duten Creative Commons, creativecommons.org -ek, irabazi du Net Vision saria Linz-en egiten den Ars Electronicak antolatzen duen International Competition for Cyberarts 2004: Cyberarts 2004 winners -en.

Argazkian Creative Commons-ek Austrian eta Ars Electronica jaialdiaren barnean banatutako Open Source Water Ur Boteilak

Beste irabazle batzuk Digital Communities Saria atalean: Wikipedia, www.wikipedia.org eta IHES-aren aurkako The World Starts With Me, www.theworldstarts.org

Web interesanteak atal hauetako aipamen honorifiko eta goraipamenetan

Kronikak zuzenean

Elastico Net webgunean Ars Electronica-ko zuzenezko kronikak aurkitu ditut Tiraré el maldito retrovisor por la maldita ventana porque no quiero saber de donde vengo, sino a donde voy , Postales desde Linz , eta suposatzen hurrengo egunetan gehiago bidaliko dituztela.

2024 urterako ametsak

Eneko Astigarraga 2004/08/29 01:10

Australiako ABC, hau da Australian Broadcasting Corporation, irrati eta telebistak 2024 dreaming joko-programa dauka sarean.

Hemen: 2024 dreaming

Bertan 2024 urtea amesteko aukera ematen digute. Amets selektore baten bitartez gure etorkizuneko bizitzaren lau eremu nagusi imagina ditzakegu: etxebizitza, lana, janaria eta etorkizuneko garraioak.

Flash irudiei esker 2024 urteko bizitza amestu dezakegu: hirian zehar ibili, oinez, bizikletaz, hidrogeno bidez mugitutako trenean, gure adinerako egokia den jatetxea eta menua aukeratu (ordurako Omega-3 eta antioxidante askorekin, noski), eta abar luzea ... Baina, jakina, etorkizuna ez dago inon idatzita: beste etorkizun batzuk izan ditzakegu ;-)

Latinamerikaren etorkizuna, bi liburu berri

Eneko Astigarraga 2004/08/05 14:06

Duela urte batzuk Zarautzen ezagutu nuen Francisco José Mojica kolonbiarrak idatzi dit datorren astean, abuztuaren 12an, bi liburu berri aurkeztuko dituztela esanez.

Liburuak Latinamerikaren etorkizunari buruzkoak dira:

  • América Latina y el Caribe, perspectiva y prospectiva de la globalización eta
  • Escenarios Futuros sobre la Globalización y el Poder Mundial

Egileak Kolonbia eta Mexikoko irakasleak dira. Izan ere, liburuak Universidad Externado de Colombia delakoaren Especialización en Pensamiento Estratégico y Prospectiva eta Universidad Nacional Autónoma de México delakoaren Centro de Estudios Internacionales sailen arteko elkarlanaren fruituak dira.

Liburuen aurkezpenean izango diren irakasleak: Francisco López Segrera, Francisco José Mojica, Manuel Ramiro Muñoz, Eduardo Raúl Balbi eta Víctor Batta Fonseca.

Parisen doktoregoa egiten zegoenean Euskal Herrira etorri zen Francisco Mojica. Goierri 2005 Plangintza Estrategikoaren bilera batzuetan parte hartu zuen kolonbiarrak, eta hartutako esperientzia Kolonbian ezartzen saiatu zen. Ez da lan erraza, baina saiakerak egin ditu. Geroago, bisitan izan ginen Bogota ondoan dagoen La Sabana Unibertsitatean zegoenean, bertan Primer Encuentro Latinoamericano de Estudios Prospectivos egin zelako. Gaur egun Mojica Prospectiva latinoamericana delakoaren guruetariko bat da eta Universidad Externado de Colombia -n dago.

Loturak:

Universidad Externado de Colombia

Universidad Nacional Autónoma de México

Aurkezpena

"Etorkizuna interesatzen zait datozen urteetan bertan biziko naizelako".

Prospektiba, estrategia eta plangintzari buruzko bloga.