Itsasoaren indarra etorkizuneko energia
Aste honetan iragarri dute hainbeste eztabaida sortarazi duen Mutrikuko portu berriaren proiektuan itsasoko olatuez baliaturik energia elektrikoa sortzeko planta eraikiko dutela Mutrikun. Mutrikuko Atxukale.com webguneak dakar albistea, baita Yahoo-k ere.
Olatuen indarra energia sortzeko aukerak oraindik oso gutxi erabili dira. Mutrikun ezarriko dena Wavegen enpresa eskoziar espezializatuak ( bere lema Wave Energy Wave Power Clean Renewable Electricity Generation da ) garatutakoa da.
Munduan bakarrenetarikoa dela zabaldu da gure inguruan, baina itsasotik energia garbia lortzeko ahalegin ugari daude munduan, aspaldidanik.
Mutrikukoa iragartzen zen egun berean, AEB-ko Oregon-en, Oregon Department of Energy, US Navy eta beste eragile batzuk bere asmoak aurkeztu zituzten, eta energia mota hau serioski aztertzen ari direla esan zuten, ezartzeko prest daudela, alegia. Waves power future dio Gazette Times-ek eta Oregon may lead future of wave energy zioen Eurokalert-ek
Alan K. Wallace irakaslearen esanetan, gaur egun itsas olatuen energia ustiatzea haizearen energia ustiatzea baino 15-20 urte atzerago dago teknologien garapenari dagokionez. Baina, bere ustetan dagoeneko teknologiak ekoizpen mailara ailegatu dira.
Ikusirik gure inguruan haize generadoreek ez dutela ekologista eta mendizaleen artean harrera onegia izan, energia garbia lortzeko itxaropenak itsas generadoreetan jarri beharko ditugu. Baina seguruenez, etorkizuneko energia garbia soluzio anitzetik etorriko zaigu: haizea, eguzkia, itsasoa, berziklaketa, pila sugarriak, kontsumoa gutxitu, ... (zenbaitek nuklearraren aldeko apostua egiten dute berriro). Ez dut uste datozen 20-30 urteetan erabateko soluzio bakarrik aurkituko dugunik.