Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Dantzing / Argia Saria dantzan.com-entzat, esker hitzak

Argia Saria dantzan.com-entzat, esker hitzak

Oier Araolaza 2013/01/28 11:07
Ekitaldian, saria jaso ahala egindako hitzak dakartzat hona. Testua idatzita izan arren saiatu nintzen gero paperik gabe esaten, eta horrek nahi baino apur bat gehiago luzatzea ekarri bazuen ere, oro har, idatzitako guztiak esan nituelakoan nago.

Pasa den astean poz itzela hartu dugu dantzan.com bultzatzen dihardugunok. Argia astekariak ematen dituen Argia Sarietan, Interneti dagokion saria bertsoa.com-i eta dantzan.com-i ematea deliberatu zuen epaimahaiak. Ostiralean, urtarrilaren 25ean, Usurbilko Atxega jatetxean egindako bazkari-ekitaldi ederrean jaso genuen saria.

Horra ba:

"Dantzan.com egiten dugun dantzari eta dantzazale guztion izenean, mila mila esker Argiari sari hau dantzak, euskal dantzak merezi zuela pentsatzeagatik. Argia erreferentziazko euskal komunikabidea da guretzat, eta Internet-en ere lan bikaina egiten ari da, gertutik jarraitzen duguna, eta beraz, dantzarion matraka aintzat hartu izana oso pozgarria da guretzat.

Orain urtebete pasa pozez zoratzen eta harrituta geunden, oharkabean hamar urte bete genituelako. Handik gutxira, webgunea itxi behar izan genuen. Nahiko ezkor ginen dantzan.com berriz berpizteko gai izango ote ginen. Baina dantzazaleak mugitzen hasi ziren, elkartu eta biltoki hau beharrezkoa zutela erabaki zuten. Sinadura bilketak, bilerak, dantza-ekimenak, hara eta hona mugitzen hasi eta hemen gaude berriz. Eta orain gainera Argia sari hau, berpiztea bera sari nahikoa izan ez balitz bezala.

Sorpresa handirik ez badago, epe motzean berriz ere itxi beharrean izango gara. Baina ez dugu itxiko. Ez dugu berriz itxiko. Gu langabezira joan gara, baina dantzan.com-ek bizirik jarraituko du, dantzazaleen komunitateak erakutsi digulako dantzan.com behar duela eta nola edo hala aurrera aterako duela. Berpizte honetan, bizitza berri honetan bagenekien hori eta horregatik prestatuta itzuli gara.

Orain hamabi urte dantzan.com sortu genuenean dantzaz gutxi genekien eta Internetez gutxiago. Baina suerte itzela izan genuen CodeSyntax izeneko enpresa batekin lanean hasi ginelako, eta honaino iritsi izana eta sarean itotzeko flotagailuak eman izan zor diegu beraiei. Berpizte honetan ere gerta daitekeenerako prestatuta utzi du webgunea CodeSyntax-ek eta beraz, gu gabe ere barkuak aurrera jarraitzeko baldintzak jarri ditu.

Software librearekin eginda dago hasiera hasieratik dantzan.com eta horrekin ere ikasi dugu zerbait.  Akaso ausartegia izan daiteke hau esatea, baina hala sentitzen dut eta esango dut. XX. mendean, euskal ekonomia eta euskal kulturaren lan-harremanak antolatzeko formula eredugarria kooperatiben mugimenduak eskaini zuten moduan, iruditzen zait XXI mendearen lehen urte hauetan euskal kultura antolatu, funtzionatu eta aurrera egiteko eredua software librea ari zaigula eskaintzen.

Dantzan.com-en kasuan, gure sistema informatikoa software librean egoteaz haratago, dantzarion arteko harremanak eta lan egiteko moduak software libreak erakutsi digun filosofiarekin zipriztintzen saiatu gara, eta uste dut asko dugula bide horretatik ikasi eta experimentatzeko, bai dantzarion artean, eta baita euskal kulturaren eta komunikazioaren esparruan ere.

Sari hau dantzan.com osatzen dugun dantzazale komunitatearekin konpartitu nahi dugu. Gure irakurle, informatzaile, zirikatzaile, kritikatzaile eta laguntzaile guztiekin. Dantzan.com-ekin edo dantzan.com gabe, dantzan bizi garen guztiontzat da. Dantzan bizi, bizi dantzan.
"


Gerardo
Gerardo dio:
2013/01/29 18:40
Zorionak! merezi zenuten eta.
Oier
Oier dio:
2013/01/30 12:16
Mila esker Gerardo!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Dantzing

Hitzen eta gorputzen dantza

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Dantzaria naiz. Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin nuen lan, eta azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri dantzan.com elkartean. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat. Gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa

twitter