Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Dantzing

Goroldioa kendu ezinik

Oier Araolaza 2008/12/31 10:23
Tradiziotik abiatzen diren lan berrien uzta oparoa izan da aurten ere. Kukai-Tanttakak Sarrionandiaren poesia jarri du dantzan. Iparraldean dantza sorkuntza bizi-bizi dago. Besteak beste Anaigazteak, Arrola eta Aitzindariak elkarteek ikuskizun berriak plazaratu dituzte.

Ekarpen berriek adina, edo gehiago, harritzen gaituzte ahazturaren kutxatik berreskuratutako altxorrek. Argia dantzari taldeak Axeri-boda aurkeztu du. "Euri eta eguzki, azerien eztei" atsotitz zaharretik abiatuta Japoniaraino joan-etorriko bidaia egin du Juan Antonio Urbeltzek. Azeri-dantzaren inguruko tradizio eta dantza sorta zahar-berrituarekin harritu eta hunkitu gaitu berriz.

Hainbat dantzari gazte ari dira beren proposamen garaikideak plazaratzen. Horietako batzuk, atzerrian egin dute beren ibilbide profesionala, baina beren lanak etxean erakusteko gogotsu daude. Asier Zabaleta, Mikel Aristegi, Blanca Arrieta, Iker Gomez eta Pantxika Telleria dira lan berriak aurkeztu dituztenetako batzuk. Publiko zabalagoetara iristeko zailtasunekin jarraitzen du dantza garaikideak. Programatzaileak uzkur, ikusleak urri... Batzuk Maoma eta mendiarena egiten hasi dira. Ikusleak ez badatoz antzokira eraman dezagun dantza kalera. Besteak beste, Dantza Hirian ekimen sendo eta arrakastatsua da, eta dantza garaikidea ezagutu eta gozatzeko bide berriak urratzen ari da.

Claverie-Malandain lan-bikotearen banaketak proiektu banaketa ere ekarri du. Malandainek Maitaldiaren gidaritza berreskuratu du. Ballet Biarritz junior zena Donostian errotuta, Dantzaz elkartearen izenarekin eta Claverieren zuzendaritzapean Miarritzetik banandu da erabat. Ikusiko dugu banaketarekin irabazten ala galtzen atera garen. Dantzaz elkartea hasi da lehen emanaldiak eskaintzen, eta horrekin badakigu, Ballet Biarritz juniorrek urratuta bideari jarraiki, dantza Euskal Herriko txoko guztietara eramateko ahalegin serioa egingo dutela. Hori albiste bikaina da, zalantzarik gabe.

Kulturaren Euskal Planak dantza alorrean ez ditu oraindik fruitu asko eman baina 2008 honetan hasi gara ikusten zeintzuk izan daitezkeen ekimen horretatik etorri daitezkeen proiektu berriak. EAEko hiriburu bakoitzean dantzaren dinamizazioan arituko den gune bat martxan jartzeko asmoa dute erakundeek. Dantzaren dokumentazioaren inguruan gogoeta eta lehen hurbilketa bat egin, eta formazioaren inguruan dauden kezkak dagokien sailera bideratzea izan daitezke KEParen beste ekarpenak. Ez da asko, baina harriari goroldioa kendu eta mugitzen hasiko den itxaropenera kateatuta gaude.

Argia, Euskal Kulturaren Urtekaria 2008

Udazkenaren tronoan

Oier Araolaza 2008/12/12 17:39
Artikulu hau entregatu behar nuen goizean, abenduaren lehenean, iritsi zait Mikel Laboaren heriotzaren abisua. Zirriborratuta neuzkan lerroei azken errepasoa eman eta bidaltzea baino ez zitzaidan geratzen, baina albiste mingarriaren argira hain ergelak gertatzen zitzaizkidan aurretik idatzitakoak, dena ezabatu eta dokumentua zuri-zuri utzita “gorde” klikatu dudala azken orduko damuei atea itxiz.

Abenduaren bigarrenean Mikel Laboaren bizitza, ibilbide, ekarpen, izaera eta bertuteak goratzen dituzten orrialdez beteta argitaratuko ziren egunkariak. Hirugarrenean ere izango zuen oihartzunik, baina gutxiago ziur aski. Lerrook inork irakurri orduko bi aste pasako dira gutxienez. Gehiegi gaurkotasuna segundotan neurtzen duen komunikazio erritmorako. Horregatik hain zuen erabaki dut Mikel Laboa izango dudala hizpide, jenialtasunak ez duelako iraungitze datarik, eta Mikelen musika betiko gurekin izango dugunez, ernaltzen dizkigun sentipenak abendu hasieran zein abendu bukaeran berdin balio dutelako. 

Tradiziotik edan eta tradizioa egin du Laboak” idatzi dut <dantzan> posta zerrendara bidali dudan mezuan. “Inor gutxik bezala uztartu zituen herri tradizioa eta modernitatea” idatzi du Aitor Zuberogoitiak Sustatun. Azpimarratzekoa iruditzen zait kanta zaharrak bildu eta bere ahotik berriz zabaltzeko egindako lan horretan bere nortasuna ezkutatu gabe egin zuela Mikel Laboak. Maiz, herri-musikatzat aurkeztutakoaren zilegitasuna indartzeko norbanakoa disimuluan iragaten ahalegintzen gara. Horrelako tentaziorik ez da antzeman Mikel Laboaren lanean. Umiltasuna nork bere lanaren ardura hartzearekin uztartzen zuen. Mikel Laboa lan horretan ikusita Etxahun Iruri datorkit gogora, biak ala biak maisu kanta zaharrak eta sorkuntza berriak baratze berean ereiten.

Bere kantu-bidean bide-lagun, kantu-gai eta esperimentaziorako ongarri izan du herri-musika Mikel Laboak. Kanta zaharrak kanta berri bihurtu dira beren interpretazio pertsonal, ausart eta zintzoan, eta kanta berriak berehalakoan ondu eta errotu dira kanta zaharren ondoan. Doinu xaloena ahots dardaratiarekin kantatuz bizkarrezurra hotzikaraz dantzan jartzeko grazia zuen. Kanta zaharrak zein poesia berriak, testu argiak zein ulertezinak, hitza eta ahotsaren dantza hezur-mamiraino sartu dizkigu.

 

Argia, 2008-12-12
Aurkezpena

Dantzing

Hitzen eta gorputzen dantza

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Dantzaria naiz. Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin nuen lan, eta azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri dantzan.com elkartean. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat. Gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa

twitter