Erregutzailearena
VLADIMIR: Gure papera?
ESTRAGON: Behar duan denbora har ezak.
VLADIMIR: Gure papera? Erregutzailearena.
ESTRAGON: Hainbesteraino?
VLADIMIR: Hartzekoekin dator berori, jauna?
ESTRAGON: Ez diagu jadanik eskubiderik?
(Samuel Beckett. Itzulpena: Juan Garzia Garmendia)
Dantza alor desegituratua eta ahula zen iaz, eta aurten ere berdin jarraitzen du. Gutxietsia eta alboratua, gora behera handirik gabe eusten dio, ez aurrera ez atzera, bere txikitasunean iraun-bizitzen. Alorra bera artikulatu eta sendotuko duen elkarte indartsurik antolatzeko gai ez gara izan dantzari-jendea. Dantza dinamika biziberritzeko plan orokorrik, ez ekimen txikirik adosteko gaitasunik ez dugu erakutsi orain artean. Bakoitzak bere proiektu propioak bultzatu eta horien biziraupenean burubelarri jarduteko hautua egin du. Gauzak horrela erakundeetako kultura arduradunek praka barrenak ahalik eta gutxien zikinduta saiatzen dira pasatzen.
Lerrook idazten ditudan unean urtebete bete da Eusko Jaurlaritzak dantza alorraren bilerara deitu gintuenetik. 2006ko azaroan izan zen hori. Dantzaren munduko esparru desberdinetako 20 lagun bildu ginen Gasteizen. Jaurlaritzaren enkarguz enpresa batek egindako “dantzaren egoeraren azterketa” aurkeztu ziguten. Kultura Planaren ondorio nagusia omen zen ez zela behar bezala ezagutzen dantzaren egoera, eta beraz, ezertan hasi aurretik diagnostiko zorrotz bat egin behar zela, eta horixe zen ahalegin horren emaitza.
Hilabeteko epea eman ziguten diagnostiko hari gure zuzenketak egiteko eta 2007ko otsailerako beste bilera bat egiteko deituko gintuztela esan ziguten. Hilabete horretan jo eta ke aritu ginen txosten haren hutsune eta akatsak zuzendu nahian. Bazeukan zer hobetua. Bidali genuen gure kontra-txostena. 2006ko abenduaren 20a zen, eta hor bukatu zen dena. Urtarrila eta otsaila etorri ziren eta joan ere bai. Martxoa, apirila, maiatza… Uda, udazkena… Urtebete pasa da, eta zain jarraitzen dugu.
Aurten erakundeetatik iritsi zaigun albiste pozgarriena Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskola Bilbon ezarriko dela izan da. Pozgarria ez da Bilbon ezarriko dela jakitea —niretzat ez behintzat, herrietako biztanleak gogaituta gaude “euskal hiria” literatura hutsa dela frogatzen duen hiri-zentrismoarekin—, baizik eta antzerkia eta dantza ikasteko eskola ofizial bat martxan jarriko dela jakitea. Baina dantza tradizionalaren arrastorik ez dago eskola horren egitasmoan, eta euskal dantzariori iruditzen zaigu berriz ere trenak ateak itxi dizkigula muturren aurrean. Oraindik beste trenen bat pasako den itxaropenik ez dugu galdu ordea.
Argia, Euskal Kulturaren Urtekaria 2008
Dantza, telebista eta Internet: 2008an bai ala bai
Ordenagailu aurrean jarri eta bideoak bata-bestearen atzetik irensten ditu. Youtuben sartu, saguarekin klik eta klik egin eta bideo batetik bestera ibiltzen da zaping egiten. Ikusten ari zaren bideoarekin erlazionatutakoak erakusten dizkizu Youtubek eta horietan klik eginez batetik bestera ibiltzen da "telebista" ikusten Izar. Porrotxetik Txiribitonera eta zapi txuritik maite zaitut-era.
Abisatu zuten
Hiru urteko umeak ere konturatu dira telebista-zapinga ez dela Internetekoa bezain eraginkorra. Telebistan menu bat dago eta horrekin konformatu behar. Interneten nahi duzuna nahi duzun unean aurkitu eta ikus dezakezu. Telebistako kateei itsuan sakatzen diezu, zer agertuko den jakin gabe. Interneten, Pirritx-en aurpegian klik egiten duzunean badakizu nora eramango zaituen.
Aspaldi dabiltza hango eta hemengo guruak telebista eta Interneten arteko konfluentzia iragartzen. Internet telebistaren bideo bilduma erraldoia bihurtzen ari da, nahi duzunean unean nahi duzun bideoa ikusteko aukera eskaintzen dizuna. Baina horrez gain, emititzeko aukera erabat ireki du Internetek. Edonork sor dezake bere telebista kanala sarean eta horretarako ez du behar telebista lizentziarik ez eta teknologia garestirik ere. Telebista kateen monopolioa hausten ari da sarea.
Telebista konbentzionalak oso garestia izaten jarraitzen du noski. Telebista produkzioak baliabide eta lantalde handiak eskatzen ditu, eta horiek enpresa gutxi batzuen eskuan jarraituko dute. Baina horien ondoan medio gutxirekin egindako ekoizpenek edukien, interesen eta eskaintzaren esparrua izugarri zabaltzen ari dira. Internet bideoteka erraldoia bihurtzen ari da eta bideoteka hori dagoeneko edozeinek elikatzen du.
Mundua etxeko leihotikTelebistari buruz esan izan da mundua etxetik irten gabe ikusteko aukera ematen duela. Dantzaren mundua ikusteko ez zigun balio ordea. Hurbil ditugun telebistek apenas eskaini dioten arretarik dantzari emanaldi folkloriko batzuen erabilera topikotik haratago. Orain Interneten ireki zaigu dantzaren mundua etxeko leihotik ikusteko aukera. Eta hau hasi berria izateko ikaratzen hasita nago ikusita zer agertu zaidan leiho txiki honetara.
Euskal Herriko dantzak hasi dira poliki-poliki sarera iristen. Urte batzuk daramatzat hara eta hona dantzak ikustera joaten, baina ikusi gabe nituen Foruko soka-dantza edo Ribaforadako dance-a Internetera etorri zaizkidan arte. Kretako soka-dantza apartak, Ingalaterrako morris dantzariak, eta zer esan Europako ekialdeko ijitoen dantza ikusgarriei buruz...
Youtuben dantza ikusten hasi, eta Izarrek bezala, erlazionatutako bideotik bideora saltoka orduak eman ditzake batek eta emaitzak oparoak dira.
Bada ordua
Dantzari buruz hitzegitea interesgarria da, baina dantza ikustea beste kontu bat da. Dantzaren alorrean irudiaren garrantzia izugarria da. Jarduera honen transmisio bide naturala da ikus-entzunezkoa, bideoa, telebista. Internetek ere erakutsi digu ikusentzunezkoa izaten dakiela. Orain arte dantza kontatu dugu, baina badugu dantza ikusten hasteko garaia.
Hasita gaude dantzan.com-en bideo batzuk jartzen, baina erabakita geneukan 2007an sistematikoki heldu behar geniola bideoak sareratzeari. Joan da 2007a eta oraindik salbuespen dira bideoak gurean. 2008an izan beharko du. Badaukagu urte berrirako erronka eta asmoa: Ea dantzan.com bideoa normaltasunez integratu eta dantzanTV balizko baterantz urratsak ematen ditugun.
