Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Gabriel, Natxo, Oskorri

Gabriel, Natxo, Oskorri

xme 2015/06/28 10:22

Berrogei urte betetzen direnean Gabriel Aresti hil zela (1975eko ekainaren 5ean, berrogeita bat urte zituela: gezurra dirudi nola hain urte gutxitan eta baldintzarik zailenetan XX. mende osoko euskal idazle inportanteena bilakatu zen), urteurren horretan, diot, Natxo de Felipek iragarri du amaitutzat emango dutela Oskorri taldearen bizitza. Ez dakit Natxoren buruan efemerideak pisurik izan duen, baina nire gogoan loturik egon dira beti Oskorri eta Aresti. Nahiz eta taldearen hasieran bakarrik kointziditu, Gabrielen eraginak betiko marka utziko zien, onerako eta txarrerako.

Arestik beregan zeraman polemikarako harra, zalantzarako hazia, beren usteetan eroso bizi zirenei (edozein zela ere uste hori) kontra egiteko tema, eta Oskorri sortu berriari ere kutsatu zion: hortik taldearen hasierako txistuak, boikot deiak, espainolista salaketak… urteak iragan arren ahazten ez direnak, De Feliperen azken elkarrizketek adierazten dutenez.

Oso bestelakoa zen nik ezagututako taldea, edo haren proiekzio publikoa behintzat, 1980tik aurrera-edo profesionaltasunaren paradigma izan baitira, alde guztietatik: perfekzioa bilatu eta zaindu dute xehetasun bakoitzean, bai kanten hitz eta molaketetan, bai diskoen taxueran, bai emanaldien antolaketan… profesionaltasun horrek produkzio handi batera eraman zituen, eta gure ekosistema txikian denekin ondo konpontzera: bai herri-mugimendu, bai administrazio; kanten testuetan zirikatzaile jarraitu arren, irudiz eta tratuz adeitsuak izan dira, konbentzimenduz nahiz komenientziaz.

Hamarkada urrezko baten ondoren, egonkortze batera iritsi zirela esango nuke, baina hori artista baten ibilbidean beheranzko joeraren atarikoa izan liteke: musikalki errepikakor bihurtu ote ziren, bertan-goxo eginda, ala publikoaren zati handi baten irudipena zen hori? Disko berriak ekoizten jarraitu arren, esango nuke euskaldun jendearentzat instituzio kuttun antzeko bat bihurtu zela Oskorri: betidanik eta betirako hor dagoen zerbait, noizean behin bere urruma entzun bai baina kasu gehiegirik egiten ez zaiona (Euskal Telebista bezala, ia-ia).

Irudipenak irudipen, musika-taldea ez da instituzio bat: besteak beste, bertako kideak ez direlako funtzionarioak eta bizimodua atera behar dutelako handik edo hemendik. Oskorriren biziraupena gero eta zailagoa izan da alde horretatik, emanaldiak gutxitu ahala; azken ikuskizunak ere, duela pare bat urteko “Gabriel Aresti bizsitan” sustraieta itzultze hark, merezi baino oihartzun txikiagoa izan zuen; orain, taldeko kide nagusien (Natxo, Anton, Bixente) erretiro-adinarekin batera etorriko omen da taldearen isiltzea, udazkenean emango dituzten despedidako kontzertuen ondotik.

Gure kanona eta memoria osatu duten sortzaileak hobeto zaintzen ez baditugu herri galdua garela esan du baten batek, eta egia da; baina, sakonago pentsatuta, gakoa eta arazoa artista guztien bizi-baldintzak ziurtatzea litzateke, ez patriarkak ondratzea bakarrik. Natxo eta Gabriel berriak sor eta lora daitezen.

(Noticias taldeko Ortzadar gehigarrian, 2015-06-27)

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.