Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Geroa kafesne kolorekoa?

Geroa kafesne kolorekoa?

xme 2004/10/08 09:24

("Goierriko Hitza"rako egindako artikulua)

Goierriko edozein herritan, kalera atera eta kolore guztietako jendea ikusiko duzu gero eta ugariago: ilehoriak, marroixkak, gorrixkak, beltzaranak, bel-beltzak... Munduko kontinente guztietatik bizimodu hobe baten esperantzan gure artera iritsitakoak. Lehen Europako hiriburu handietan sumatutakoa herri handietara joan da zabalduz, eta azken txokoraino ailegatu da azkenean. Alferrik izango du inork kexaka hastea, atzera-bueltarik gabekoa baitirudi joera honek; etorkizunean indartzeko itxura guztiak dituena, gainera.

Hortaz, hobe dugu pentsatzen jarri nola integratu gure artean kanpotik etorritako gizon-emakume hauek, nola bildu euskal gauzen usainera, ahalik eta modurik jator eta azkarrenean; ez da erraza izango, noski, baina guk ere izango dugu haiengandik zer ikasia. Bata bestearen ondoan bizi behar dugu, ezinbestean, eta bi jarrera dauzkagu aukeran horretarako: elkarren etsai edo elkarren errespetuan bizitzea.

Hirugarren bide bat ere badago, hartara jarriz gero. Jorge Amado idazle brasildarrak zioen, arrazen arazoa konpontzeko, irtenbide zentzuzko bakarra bere herrialdekoa iruditzen zitzaiola: arrazak elkarren artean nahastea. Hau da, kalean bakarrik ez, ohean ere elkarrekin ibiltzea, eta gero gerokoak.

Amadoren soluzioak, gaur-gaurkoz, ez zait iruditzen aurrerakada handirik egingo duenik, baina denborarekin, nork jakin! Karibe aldeko gazteen gerri-mugimenduekin ametsetan ibiltzen dira gure neskazahar-mutilzaharretako asko (eta ezkonduetan ere ez gutxi); hangoak bertara etortzen ari zaizkigula-eta, ikusiak omen dakar gero igurtzia...

Eta nora joango gara orduan turismoa egitera?

etiketak: Saski Naski
Haritz
Haritz dio:
2004/10/14 13:06

Bizitzan aukera gutxi izaten da bigarren aukerak egoteko, eta hara hemen bat. 50-60. hamarkadako emigrazioek langile-auzo erdaldun eta ez-integratu pila sortu dituzte, urteen indarrez horien seme-alabak ezeren aurretik euskal herritar izan arren (bistan da). Oraingoa gainean dugu jadanik, eta berandu izateko arriskuan, baina bururik balego, hori bideratzeko sasoiz gabiltzala uste dut. zelan egin ghettoa saihesteko? Zelan integratu etorkina, bere ezaugarriei eutsiz baina bizileku hartu duen herrikoetara moldatuz (gure kasuan oinarrizkoa, euskara)? Zertan aldatu eskola? Esandakoa, 50-60. hamarkadatik zer ikasi asko dago eta orain, behingoan, ondo erabili. Bost axola etorkizuneko umeak kafesneak edo txokolatezkoak diren (Karibeko eredua ez da onena, horratik: hura esklabutza moduko tragedia izugarri baten ondorio dela ez dezagun ahaztu, Txalapartak argitaratutako "El libro de Emma"n bikain ageri denez). Etorkizunean euskaraz egingo duten da nire ardura, eta oraingoz, ez daukat itxaropen handiegirik. geroz eta arruntago zaizkigu horrelako kasu exotikoak, AEKn dabilen txinatarra, disko-saltzaile afrikarrak hitz batzuk badakizki euskaraz... ados, duela 30-40 urteko extremadurarrak euskararik bazenik ere ez zekien, baina aizue, ez al da oso txikia aurrerakuntza? Kataluniako gobernuak badauka -edo bazeukan- kanpaina bat, "irakasle onena, zeu" zioena, hau da, etorkinei ere katalanez egitera animatzen zuena. Jaurlaritzak horrelakorik bultzatuz gero bazterkeriaz salatuko lukete agian, baina aizue, euskara ikasten duen bakoitzari paperak emango balizkio, laster euskaldunduko genituzke hainbat eta hainbat herri... komeria litzateke, orain baditugu euskaldun ez diren euskal herritarrak, baina laster euskal herritar ez diren euskaldunak ere hamaikatxo izatea.

Patxi
Patxi dio:
2004/10/10 01:28

Neri kristoren ilusioa egiten dit neska beltz bat, kasurako, euskera itxian hitzegiten ikustea. Eta uste det euskaldunok asko estimatzen degula hori, zein tokitatik datorren, ze koloretakoa dan begiratu gabe. Nere ustez ez gera batere arrazistak. Amadoren soluzioa berriz, ez zait posible danik iruditzen, euskaldunak ikusi bai, asko, baina igurtzi igurtzi... Karibera joaten jarraituko degu, inork ezagutzen ez gaituen toki batera!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.