Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Batzuen eta besteen utopiak

Batzuen eta besteen utopiak

xme 2006/01/31 15:20

Zientzi fizkiozko film bat komentatu behar nuela-eta, burura etorri zitzaidan nolakoak diren etorkizunerako egiten ditugun aurreikuspenak. Hobeto esanda, zein diferenteak diren geroan imajinatzen ditugun gizarteak.

Badira prospektiba lan-arlo seriotzat hartzen dutenak (horien artean dago Eneko Astigarraga ). Hortik aparte, baina, bi jende klase aritu eta aritzen dira iragarpenak egiten: politikariak eta artistak.

Politikariak hemendik 10, 20, 30 urtera begira jarri eta txostenak egiten hasten direnean, arrosa kolorez margotzen digute gure herria, probintzia, Euskal Herria, mundua. Berdin dio gainera ze alderditakoak diren: agintean egonez gero, dena hobera doala sinetsarazi nahi digute, eta haiek boterean jarraituz gero hobekuntza etengabe bezain iraunkorra izango dela: ingurumena zainduko dugu, ongizatea inoiz ez bezalakoa izango da, osasuna, kultura, garraioa... dena!

Literaturak eta zinemak proposatu dizkiguten mundu birtualez oroitu orain: "Bai mundu berria", Huxleyrena, "1984" Orwellena, "Androideek ardi elektrikoekin egiten ote dute amets?" Philip K. Dick-ena (zineman "Blade Runner" bihurtua, Scott-en eskutik). Ezagunenak aipatzearren, zerrenda nahi adina luza daiteke baina. Zer dugu hor? Gizarte totalitarioak; natura ia guztiz txikituta; askatasun pertsonala hutsera murriztua; klase diferentzia nabarmenak; alienazio erabatekoa eta tirania ahalguztidunak...

Egiatik hurbilen nor dabilen epaitu behar izanez gero zer esango zenuke? Asmatzea edo ez asmatzea baino inportanteagoa iruditzen zait, ordea, intentzioaren gaia: zertarako sortzen dituzten batzuek eta besteek utopia horiek. Politikoek, gure hobe beharrez eta bide zuzenetik ari direla sinetsarazteko; artistek, gizarte honek dituen izurriez ohartarazteko, okerretik okerragora egin baino lehen.

etiketak: Saski Naski
eneko
eneko dio:
2006/02/01 03:07

Eskerrik asko aipamenagatik, Xabier.

Begi onez ikusiz, kasu bietan etorkizuneko irudiak edo eszenategiak eskaintzen dizkigute. Eta azken finean hori da prospektibaren helburua: aukera ezberdinak eskaini gaur egunetik gauzak egin ahal izateko. Hori bai, eszenategi batera edo besterantz bideratzeko gaur egun egin beharrekoak gure esku (edo gure politiko eta ordezkarien esku) daude.

Baina, argi dago sarritan egiteko proposatzen dizkigutenak ez datozela bat margotzen dizkiguten etorkizun arrosa horietara ailegatzeko behar diren pausuekin. Nabarmenegia askotan :-)

Bestalde, askoren ustez zientzia-fikzioan agertutako tresnak, tramankuloak, ideiak, ... zientzia, teknologia eta berrikuntzarako akuilu garrantzitsua izan dira. Imajinatutakoak teknikoki gauzatzeko akuilua edo.

Eta batzuk gizarte antolakutzarako zenbait ideia hartu ez dutenik ez nuke esango :-)

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.