Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Talibanaren penak eta garaipenak

Talibanaren penak eta garaipenak

xme 2005/12/15 10:30

Uda zen. Gertakari kultural ponpoxo bat, ondotik luntxa izaten dutenetakoa, gonbidatuentzat, eta horien artean ni. Aperitifak, berriketak eta gainerako konplimenduak amaituta, banindoan etxera, baina irteera inguruan gure kultur agintari gorenak ikusi nituen solasean, eta, haietako batekin hitz bi egin nahi nituenez, hara hurbildu nintzen.

Erdaraz ari ziren. Baina ez haien erruz: ekitaldiaren protokolo-arduraduna zegoen haien artean, erdalduna bera, eta hark behartzen zuen erabili beharreko hizkuntza. Beste hainbatetan bezala, horretan nobedaderik ez.

Hala ere, pentsatzen hasi nintzen protokolozainaren jarreraz eta lanaz. Beti entzun izan dut gonbidatua eroso sentitzea dela protokoloaren egiteko funtsezkoa; horregatik saiatzen dira langintza horretan dabiltzanak edonori hizketa-gaia eta hizpidea ematen. Arduradun horri, berriz, ez ote zaio burutik pasatu euskaldun asko (ez denak, ezta gehienak ere, seguru asko) erosoago sentitzen direla euskaraz, eta bere eginkizuna litzatekeela bakoitzari bere hizkuntzan egitea? Edo ez zaio bururatu edo ez zaio asko axola, ikusitakoak ikusita.

Eta beste galdera bat: horrelako protokolo-arduradunak kontratatzen dituenari ez ote zaio burutik pasatu kasu honetan behar-beharrezkoa dela nolabaiteko hizkuntz eskakizuna?

Horra talibanaren penak. Baina batzuetan izaten ditu garaipenak ere. Aurtengo Durangoko Azokan mahai-inguru batean parte hartzeko deitu zidaten. Gaia eta han esandakoak beste baterako utziko ditut. Solasgaiak zehazteko mezuan jakinarazi zidaten partehartzaile batek Bartzelonatik jardungo zuela bideo-konferentziaz, hark ez zekiela euskaraz eta, "beraz", nahiz eta beste guztiok euskaldunak ginen, gaztelaniaz izango zela mahai-ingurua.

Taliban jatorra taliban zakar bihurtu zen, eta ezetz esan zuen, Durangoko Azokan ez zuela erdaraz hitz egingo, inondik inora. Erosoago sentitzen banintzen euskaraz aritzeko erantzun zidaten; kontua, baina, ez zen erosotasuna (protokoloarekin bezala), printzipiozkoa baizik, eta halaxe jakinarazi nien bai antolatzaileei, bai gainerako hizlariei.

Kontuak kontu, iritsi zen mahai-ingurua. Partehartzaile katalanaren ondotik neuk hartu nuen hitza, euskaraz noski, eta ondotik mintzatu zirenak ere, konbentzituta edo bestela egitea lotsagarria litzatekeela ohartuta, euskaraz aritu ziren, salbuespenen batekin.

Talibana pozik itzuli zen gau hartan Iratiko oihaneko bere bolizko dorrera.

etiketak: Saski Naski
marikruz soriano
marikruz soriano dio:
2005/12/15 17:12

kaixo xabier, ez det uste arazoa protokolo-arduradunetan dagoenik, ez behintzat politikarien kasuan. hipokrita hutsak direla iruditzen zait eta badegula garaia mozorroa kentzeko. oaintxe antolatu dute kanpaina moñoño moñoñoa gipuzkoan euskera bultzatzeko, eta beraiek beren artean ia inoiz ez dute euskeraz egiten, prentsaren aurrean ez bada, eta gaur egunen tartetxo bat euskeraz ateratzeko. ikusi besterik ez dago azaroan egindako kulturaren makrokongresuan euskeraz zenbat hitz egin zuten gure politikari eta agintari txit maiteek. irudipena dakat bakarren batzuk (gure herri triste honetako Alderdikoak gehientsuenak, eta haren esaneko otzan bihurtu diren batzu batzuk ere) euskera sosak egiteko aitzakia bihurtu dutela aspaldi. funtsean bost axola zaie denon ondare ezin aberatsagoa den gure hizkuntz zaharra (puaj!!), baño poltsikoak ederki betetzen ari dira. hemen ez zaio iñori kontuik eskatzen, eta hainbeste plan ta programa ta oxtiya beharrean, diru-laguntzekiko inolako mendekotasunik ez duen ariketa sanoa egin genezake: euskeraz dakigunok euskeraz egin, eta beren burua euskaltzaltzetzat jo bañan euskeraz egiten ez dutenei kontuak eskatu, denen aurrean. merke askoa eta euskera bultzatzeko 8.000 plan baño askoz eraginkorragoa.

leire
leire dio:
2005/12/15 16:24

Aupa, Xabier. Ondo egin zenuen. Besteak, zure ondotik, gauza bera egin bazuten, denok gogoa zeneukaten seinale.

Taliban izatea ez da txarra. Gero eta konbentzituago nago taliban izaten jarraitu behar dugula. Beharbada, gozoago, baina taliban

Gora talibanok

matxalde
matxalde dio:
2005/12/15 23:04

Nola esan duzue? POTROKOLO? Noski, izenetik hasita...

patxi lurra
patxi lurra dio:
2005/12/23 10:41

Atzo, Bilbon, San Anton elexan ipinitako pankartan: "Borrokatzen duen herriaK ez da inoiz hilko" (The Organization-en ikur batzuekin batera). Talibana JatorraK burua altxauko balu!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.