Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Epika, gaur

Epika, gaur

xme 2005/05/24 10:08

Amaitzen ari da Giroa, baina ez galdetu niri nola doazen, ez dakit eta. Orain aste batzuk, Italiako itzuli hori hasten ari zen garaian, irrati-estudio batean egokitu nintzen, elkarrizketa egin behar zidatela eta. Arratsaldez ari ginen, eta une batean eten egin genuen berriketaldia, beste kazetari batek etapa-amaieraren berri emateko entzuleei. Berriz ere solasari ekin genionean, txirrindularitzaz galdetu zidan elkarrizketatzaileak, zalea nintzen edo. Egia esan nion: ez nuela jarraitzen, baina -liburuez-eta ari ginenez- erantsi nion literaturtasun handiko gaia zela, epikak gaur egun hartu dezakeen forma baliozko ia bakarra, boxeoarekin batera.

Lirikarako sasoi txarrak direla zioen abesti ezagun batek, baina epika askoz ere démodé-ago dagoela esango nuke. Gaizki ikusia dagoelako baino gehiago, ia barregarri ere gertatzen delako, umekeria xinple eta inozo bat. Eta hala ere, gizakion barne pultsio bati erantzuten dio. Ez dago alferrik Homero literaturaren sorreran, eta ez du alferrik ziklismoak horrenbeste zale, mendietako etapetan batez ere: sakrifizioa, sufrimendua, laguntasuna, borroka, garaipena... epikotasun huts-hutsa.

Eta boxeoa? Ziklismoaz baino are gutxiago dakit, txikitan, bizeps gutxiko ume erkina nintzela, Cassius Clay eta Urtainen zartakoekin amets egiten banuen ere. Nik uste benetako boxeoak baino pelikuletakoak sortu didala epikotasun irudi hori. Film kaxkarrak izan dira batzuetan ("Rocky"ren sail osoa) eta bikainak beste zenbaitetan ("Toro salvaje", Scorsese-De Nirorekin), baina denetan transmititu dute halako primitibotasun bat, azpikeria guztien azpitik ukabiletan, odolean, oinazean egia sakonago bat balego bezala; pentsatzen jarriz gero, ez dago hor ezer askorik nik onartzeko modukorik: bortizkeriaren estetizazioa, arraren balioen goraipatzea, sen basatiak arrazoiari gain hartzea...

Eta hala ere... Elkarrizketa hori egin zidatenean ikusi berri nuen "Million dollar baby", eta horregatik aipatuko nuen irratian boxeoarena. Epikaren edertasun guztia eman die Eastwood-ek konbateetako irudiei, baina aldi berean ikusleari pentsarazi ere bai, bizitza bera den borrokaz, eta amaieran guztiok zain dugun porrotaz. Film ederra, hitz batean.

etiketak: zinema, Saski Naski
xme
xme dio:
2005/05/24 17:32

Sarri idazten duenak aukera gehiago ipurdia bistan gelditzeko. Ez nekien Brecht-ena zenik. Baina gaur egun ere ikasi dut zerbait. Eskerrik askok.

xintxan
xintxan dio:
2005/05/24 17:24

"Lirikarako garai txarrak" abesti bat?

Ezer baino lehen Bertolt Brechten poema bat da.

garai txarrak Bertoltentzat.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.