Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Zenbat entzule behar ditu gure banidadeak?

Zenbat entzule behar ditu gure banidadeak?

xme 2005/03/14 09:39

Joan den asteko larunbatean Idazleen Elkarteko urteroko batzarra izan genuen, Altsasun. Gure lana bakarkakoa delako, edo astebururako plan hobeak izaten ditugulako, kontua da idazle gutxi agertu ohi dela halako batzarretara, nahiz eta bileraren ondoren bazkaria izan denontzako zain.

Ez dut hango konturik aipatuko, baina bai idaztearen lanbide honetaz gogora etorri zaidana. Bitxia gure eginkizuna: filantropikoa da batetik, trukean ia irabazirik lortu gabe geure baitatik dugun onena ematen baitugu, besteen atseginerako; eta egolatria hutsezkoa bestetik, ia edozer erabiltzeko prest baikaude gure sorkarietarako, eta besteek egingo diguten jaramonari begira bizi baikara uneoro. Alderdi altruista eta berekoia bereizi ezinak izango dira, gainera, batzuengan bat eta besteengan bestea nagusitu arren, elkarri loturik baitaude biak, funtsean.

Euskal idazleez ari nintzen, baina nonahiko idazleentzat balio du esandakoak. Aurreko batean Julio Llamazares idazle espainiarrari egindako elkarrizketa bat ikusi nuen nonbait, eta idazleen bekatu nagusia zein zen galdetu ziotenean "banidadea" erantzun zuen berehala. Idazleentzat ez ezik beste edozein arte-motatan dabiltzanentzat ere bai. Disko-etxe bateko arduradun batekin ari nintzela, musika-talde baten kasua kontatu zidan, berriki: iritsi zen salmenten likidazioa egiteko unea, eta mila disko saldu zirela ikusi zuten. Eta kantariaren erreakzioa: "Espainian, berrogei milioi pertsona bizi izanda, mila pertsonak bakarrik erosi dutela nire diskoa esaten didazu? Mila pertsonak besterik ez?"

Gauzei beste modu batera begiratzea ere badago: mila pertsonak, banan-banan, musika hori non edo non entzun eta, hainbeste gustatu zaienez, erosteko erabakia hartu dute; joan dira disko-denda batera, pagatu dute diskoak balio duena, eta etxera eraman dute poz-pozik, berriro eta osorik entzuteko. Milioika entzule nahi zituenarentzat gutxitxo, baina hotzean pentsatuta ez dago batere txarto.

Eta izenburuko galdera egin behar dut orain: zein da gutako bakoitzak bere burutazioak idazten segitzeko behar duen gutxieneko kopurua? Seguru asko irakurleen kalitatea inportanteagoa da zenbaki hutsa baino. Animatzen, zirikatzen, zoriontzen, kritikatzen zaituzten bi edo hiru lagun akuilu hobea dira zenbait zerotako zifra hotza baino.

Beharbada horrexegatik daude boladan ordenagailuko txoko hauek. Nahiz eta jakin, kaierak eta bitakorak ugaldu ahala, beharbada gutxiago izango direla norberari kasu egin ahalko dioten irakurleak. Telebistaren hasiera garaian, por-art-aren aita Andy Warholek esan zuen etorkizunean denok izango dugula 15 segundoko edo 15 minutuko aintza-alditxo bat. Blogintzaren teoriko batek ironikoki iragarri omen du (Luis Fernandezek kontatu didanez) etorkizunean denok izango dugula gure web helbideari loturiko 15 harpidedun.

etiketak: Saski Naski
Petrus
Petrus dio:
2005/03/22 01:03

Gai ona, banidadearen hau, Xabier. Aber nola esplikatzen naizen... (ez daukat iritzi egituratu bat, intuizioz nabil ta flash batzuk datorzkit burura): Jakoa, heroina, ospitaletan erabiltzen da, oso dosi txikietan, hainbat gaitz sendatzeko ta, batez ere, mina kentzeko morfinak efektorik egiten ez duenean. Substantzia bera era ganorabakoan erabiltzen baduzu zulora zoaz miligramoren bat gehiago hartu ezkero. Beraz, "dosia"ren kontzeptua funtsezkoa da jakoarekin. Ta banidadearekin ere, esango nuke nik. Egia esan, dosiaren kontzeptua bizitzako hainbat arlo ulertzeko giltza dela konturatzen ari naiz aspaldion... akaso zahartzen ari naiz eta gradualismora jotzeko aitzakia ideolojikoren baten bila nabil? :-) urrutiratzen ari naiz, beti bezala. Banidadea: dosi handiegian argi dago ridikuloa dena (disken salmentaren adibidearekin parrez lehertu naiz); baina "ridikuloa" esan dut, ez "txarra". banidade handiz jokatzeak, berez, ez dauka zertan txarra izan baina gure gizartean bixkat xelebrea gelditzen da ta ni bat nator horrekin. Baina - beti dago "baina" bat - banidadea denongan badagoela ukatzea hori bai dela benetan xelebrea. Erabateko tik humano eta normala dela iruditzen zait eta hori ukatzearen seriotasuna da, ba... moja batek sexua ukatzea bezala: nahi duena esango du baina mundua mugiarazten duen motor potenteenetariko bat ukatzeak ez du errealitatea aldatzen. Joder... beti izan naiz ni amuari erraz kolpe egitekoa. Banidadea izango da?

makarrovski
makarrovski dio:
2005/03/15 11:39

nik eta beste lagun bik, gazteei zuzendutako hilabetekari bat ateratzen dugu auzoan, Euskara taldeak hala eskatuta.

Ez ditu 8 orrialde baino, eta kopiak ( 150 edo) institutu baten egiten dizkigute, pensa...

Lehen gaztetxean eta orain 5-6 taberna estrategikotan banatzen dira.

Kontua da ni behintzat aspalditik nenbilela desanimatu xamar, tabenetan aldizkariok ikustea errutina bat bihurtu dela eta berez inork ez dituela irakurtzen pentsatzen nuen... eta dut.

Halan da be, duela hilabete bi edo lagun batek esan zidan "txo, ederra hilabete honetako artikulua".

Ikaragarrizko ilusinoa egin zidan. Baina hori zer ete da? banitatea ala komunikazioak funtzionatu duela eta poza?

Patxi
Patxi dio:
2005/03/17 02:02

Banitatea neurtzeko galderak:

  • Baimena emango zenuke, zure herriko kale bati, zure izena jartzeko? - Eta zure estatua bat jartzeko?

Nik ez daukat zalantzarik. Borondatea estimatuko nieke. Eskerroneko izan beharra dago, baina debekatu egingo nieke halakorik egitea.

Grazia egin zidan duela gutxi, Urretxuko liburutegira sartu, eta 50 x 50ko koadro bat ikustea, Paco Aristiren erretrato bat. Hantxe, frente frentean. Liburutegikoari galdetu nion, eta esan zidan bere zale batek eraman zuela, hitzaldi bat ematera etorri zanean, eta harrez gero zegoela hantxe. Bera ere zalea zala, eta ez duela kentzeko asmorik.

  • Eta berak badaki? - Bai, ikusi zuen, baina ez zuen ezer esan.

Honekin ez det esan nahi Paco banitatez beteta dagoenik. Akaso grazia egiten dio bere argazkia, halako tamainan gainera, liburutegi batean egoteak.

Neri behintzat, bai. Kristoren grazia egin zidan, San Pacoren erretratoak.

Banitatez beteta dagoenak, txaloen beharra du etengabe. Beste batzuk, noizean behin bakarrik, eta beste batzuk, oso noizean behin baino ez.

Esklabu bizitzea, ez det nik gogoko. Emaidazu askatasuna, arinagoa baita, hegan ibiltzeko.

katixaguair
katixaguair dio:
2005/03/15 01:29

Pasa den astean Antonio Gómez Rufo idazle madrildarraren hitzaldian izan nintzen eta bere hitzetan "inguruan ditugun lau-bost pertsona hurbil horietarako idazten dugu, haiei atsegin eman nahi diegulako".

Dena den nik ere disfrutatu dut nire blogean mezu anonimoak topatzerakoan, beraz ez dakit Gómez Ruforekin erabat ados nagoen.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.