Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Poloniarren nostalgiak

Poloniarren nostalgiak

xme 2005/02/18 08:00

Polita izango zen, Juan Jose Ibarretxeri, otsailaren 1ean, Madrilgo San Jeronimon andafuerako soinekoa eman ziotenean, berehala deitu balu herri-galdeketa bat, berak aginpidea daukan hiru herrialdeetan besterik ez bada ere. Data ere, aproposa zeukan: otsailaren 20a, Europako Konstituzioaren erreferendumaren eguna. Boto-ontzi bakarraren ondoan bigarrena jartzea errazago da betiere gauzak hutsetik sortzea baino, eta bata egin beharrekoa bada zailago da bigarrena galaraztea.

Polita izango zela diot, besteak beste, hautaketa-konbinazio ugari proposatuko zirelako: PNVkoek, adibidez, Ibarretxe bai, Europa bai. EAk eta EBk, Ibarretxe bai, Europa ez. PPk eta PSOEk Ibarretxe ez, Europa bai. Batasunakoek beharbada Ibarretxe abstentzioa Europa ez; edo auskalo. Abstentzio eta boikot deiak ere izango ziren. Kontuak kontu, orain artekoari sumatu ez zaion xarma izango zuen igandeko bozketak.

Dena dela, ez da hala izan, eta ezin hasiko gara hemen izan ez zen baina izan zitekeenaren minez, hori literaturaren erresuma baita (bide batez esanda, gure politikaren gaitzetako bat da, izan zitekeenari begira denbora gehiegi galtzen dugula, aurrera begiratu beharrean). Bide horretatik, azken aldian deskubritu dudan autore bat aipatu nahi nuke, Europako Konstituzioaren erreferendum hau aukera egokia delakoan.

Jaroslaw Iwaszkiewicz du izena egileak. Poloniarra, 1894an jaioa eta 1980an hila. Autore oparoa, eta Polonian oso inportantea. Niretzat, berriz, ezezaguna. Zenbat holako ote daude orain auzo eta komunitatekide ditugun herri horietan: Finlandian, Estonian, Eslovenian, Eslovakian...? Utz ditzadan ordea orokorkeriak. Munduko mixeria deitoratzea aitzakia ona izaten da aldameneko behartsuari txakur txikirik ez emateko. Gatozen bada Iwaszkiewicz-engana.

Izan ere, haren liburu bat kaleratu berri da euskaraz. "Wilkoko andereñoak", Adam Zawiszewski-k itzulia. Euskara Polonian ikasten hasi eta Zornotzako barnetegian hobetu dutenetakoa den ez dakit, baina ez dauka meritu makala. Gure artean nork daki hitz bi esaten polonieraz?

Wilkoko andereñoekin ari nintzen, adarretara Tarzan baino errazago joaten naiz baina. Nobela labur bat da, 1933an kaleratu zena (Andrzej Wajda-k 1979an zinemaratua, filma ezagutzen ez badut ere); argumentua, nola gizon gazte bat itzultzen den mutil gazte zela udaldi bat pasatako Wilkoko etxaldera. Tartean I. Mundu Gerra izan da, bere sufrikario guztiarekin, eta helduaroak garraztu ere egin du gazte sentibera hura. Wilkon, baina, garai zaharren lilura itzultzen zaio, edo itzul litekeela sinetsi nahi du. Lau ahizpa bizi dira bertan (oraindik ere bertara doaz uda-pasa), laurak eder eta sorgingarriak gizonaren begietara. Ardi joana eta aldi joanaren esaera betetzen da hemen ere ordea.

Sentsualtasuna eta oroimina, biziki maite ditudan bi sentimendu, literaturaren bidez elkarri eskua emanda.

Txipi
Txipi dio:
2005/02/19 16:01

Adam Zawiszewski aipatzen duzula, dudarik gabe meritu itzela du. Gazte poloniar honek euskara zoragarri hitz egiten du. Behin irratian entzun nuen, eta benetan harrituta geratu nintzen. Atzerritarra zenik ere ez zitzaion nabaritzen. Gasteiztik ikusten dut, eta uste dut tesia egiten ari dela. Bestalde, azken urteetan urtero dator poloniarren bat edo beste Filologia fakultatera, ERASMUS programaren bidez. Eta nik ezagutu ditudan guztiek (Alicja Okoniewska, Sylwia Biaszyk eta Alicja Wiacek) euskaraz ederto egiten dute, bertako askok baino hobeto.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.