Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Ezkirol bat pistinan

Ezkirol bat pistinan

xme 2005/01/27 08:00

Idazle baten ametsen artean egon liteke hitzen bat asmatzea. Asmatzea berez erraza da, baina zailagoa da gero hitz hori hiztunek edo beste idazle batzuek hartu eta hizkuntzaren ondarera pasatzea. Euskararen kasuan makina bat asmatzaile izan genituen XX. mendearen lehen erdian, garbizalekeria edo tasuna zela eta ez zela, baina haien asmakizun gehienak bazterturik geratu ziren, zorionez. Gaurko idazleen artean, sormen eta transgresio-seinale izan liteke hitz-asmaketa, hala nola Koldo Izagirrek Agirre zaharraren kartzelaldikoan egin zuena. Asmatzea baino ohikoagoa izaten da, ordea, norberaren inguruko hitz ahaztu samarrak gaurkotzea eta zabaltzea; horretan zerikusi handia du idazlearen oihartzunak, baita talentuak ere, eta adibide mordoxka utzi digute, esate baterako, Anjel Lertxundik edo Bernardo Atxagak.

Nik ez dut halako asmakizunik egin, baina nire harroan esan dezaket hitz berri baten protagonista sentitzen naizela. "Ezkirol" deitu zigun behin lankide batek beste biri, eta hitz horrek egin du dagoeneko bere bidetxoa. Nik neuk liburu bat idatzi nuen "Joxeme ezkirol" izenburukoa. Ezkirola izateko baldintza bi bete behar dira: kirolik ez egitea da bat, baina ez nahikoa: horrez gainera, kirola osasungarria delako tesiaren kontra egon behar da; nik neuk zalantza handiak ditut kirolaren balizko onuren gainean, eta nire ezkirol-kideak, berriz, argi defendatzen du kirolak kaltea besterik ez duela egiten.

Ezkirol titulua kentzeko arriskuan jartzen naizela badakit baina, aitortu beharra daukat pistinara joaten hasi naizela. Urteberrirako asmo on eta agintzen kontra egon arren, urtearekin batera hasi nintzen gainera. Abenduan tendinitis antzeko bat izan nuen; ez kirol faltaz, ezpada gehiegizko lanaren erruz (ikus "Mundu erreala" artikulua, iazko abenduaren 9an). Batek baino gehiagok komentatu zidan igeri egiteak on egingo zidala eta, nola printzipioekin oso zurrun jokatzea ez den komeni, proba egitea erabaki nuen.

Igerilekura joateko beharrezko trasteez hornitzea izan zen lehen urratsa, eta ez dira gutxi, kirola egiten ohitutakoentzat normal-normalak iruditu arren: toaila, bainujantzia, kapelatxoa, betaurrekoak begiak ez gorritzeko, belarrietako tapoiak urik ez sartzeko, txankletak onddorik ez harrapatzeko, poltsa bat hori dena sartzeko... Horiek denak eskuratu behar hutsak aurrera segitzeko gogoak kentzen dizkizu baina, zintzoa izan eta hurrengo pausoa eman nuen: herriko kiroldegiko bazkide egitea. Horretarako ere, argazki parea, kontu korrontea eta abarrak. Prest nengoen beraz.

Hasierako nire plana egunero joatea izan arren, laster ohartu nintzen martxa hura gehitxo zela niretzat. Bi arazo daude: batetik, igerilekura joan, erantzi, pistinara sartu, atera, dutxatu, lehortu, berriz jantzi... horrek denak izugarrizko alferkeria ematen dit niri, eta ez dut uste ezkirola izan beharra dagoenik ulertzeko; igerian ordu laurden ibiltzeko gainera. Eta zergatik ez zara gehiago ibiltzen?, galdetuko dit baten batek. Bada, eta hauxe da bigarren arazoa, aspertu egiten naizelako. Hobeto esanda, nekatu eta aspertu, biak. Bi horietako bakoitza erraz eraman dezaket. Adibidez, txikitan futbolean, nekatu arren jo eta su segituko nuen, entreteniturik nengoelako; eta nekerik gabeko eginkizun aspergarrietan ondo ohitua dago editore bat. Baina igeria (edo korrika, edo bizikleta), aspergarri eta nekagarri iruditzen zait, biak batera, eta ordu laurdenetik gora egiteko gogorik ez.

Beraz, astean pare bat egunez joaten naiz orain, baina ez dakit zenbat iraungo dudan. Pilotaren batekin jolasten den kirolen batera pasatu beharko nuke agian, baina horretarako laguna behar. Inork paliza bat eman nahi badit, proposamenak onartzeko gertu ni.

etiketak: Saski Naski
Kalerat
Kalerat dio:
2005/01/27 20:10

Niri pistinara joatea ez zait gustatzen udan ez bada, igeri egitea oso aspergarria dela ere pentsatzen dut. Egiteko prest nagoen kirol bakarra eguneroko pasiotxoa da, azken egunotan hori ere ez, gustorago nago etxeko beroan.

Ricardo
Ricardo dio:
2005/01/27 17:41

Erabat ulertzen diat. Ni igerilekura joaten ninduan duela urte batzuk eta sekulako nagikeria ematen zidatean aurretik eta ondotik egin beharreko horiek. Gero igeritan oso gustura; hori bai, ordu laurdena baino gehixeago agoantatzen nian.

Zoritxarrez, 20 minutuotan igeri egitea gehiegizko ariketa huan niretzat eta, ondorioz, on baino kalte gehiago egiten zion nire gaixotasunari.

Eta, hor zegok koxka, bost minutuz igeri egitea eta inguruko zeremonia guztia balantzan jarrita, inondik ere ez zidala merezi erabaki nian. Ez diat honekin pistinara joateari uzteko aholkatzen, e! Bakarrik por comentar...

Patxi
Patxi dio:
2005/01/27 13:41

Kirola ez da txarra. Neurria izaten da txarra. Eta nik, kirolari amorratu izandako honek, batere ez egitea gehiegi egitea baino askoz osasuntsuagoa dela ziurtatzen dizut. Pilotan ezin palizarik eman nik inori, baina paseotxo bat, bide baztarreko barraskiloak kontatuz, ea zeinek gehiago ikusi, hori gustora asko.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.