Maitasun-istorioak, borroka-paisaiarekin
(Eider Rodriguezen Eta handik gutxira gaur (2004, Susa-Euskalgintza Elkarlanean Fundazioa) eta Lander Garroren Orain galdera berriak ditut (2004, Txalaparta- Euskalgintza Elkarlanean Fundazioa) liburuen iruzkina, Idazleen Elkarteko "Hegats" aldizkarian atera berria)
Azken hamarkadetako euskal literaturaren historia sozial bat egiten hasiz gero, kapitulu koxkor bat bederen eskaini beharko litzaioke gatazkaren tratamenduari (Espainiarekiko "eta Frantziarekiko?" borroka politikoaz ari naiz, talkaren bat ia ezinbesteko baitu beti edozein literatur lanek). 80ko hamarraldian asko aipatu zen gaia, gatazka hori agertzen ez zela nabarmentzeko, edo salatzeko. Tiro-hotsa oparo zebilen garai hartan Euskal Herriko kaleetan, baina literaturan, berriz, nahiago genituen istorio intimistak, edo ipuin esperimentalak, edo baserri giroko abenturak. Eskapismoa? Ez dut uste. Urruntasun falta izango zen gehiago, tarte bat utzita gauzak hobeto ikusten direlako, eta historia horretako irabazle-galtzaileak agerian geratuz gero errazago delako nork bere jarrera hartzea, bataren nahiz bestearen alde edo kontra. Halaxe esan zuen Bernardo Atxagak ere garai hartako adierazpen batean: Joxe Arregi (Irazuren txikitako ikaskide zizurkildarra, 81eko otsailean poliziak Madrilen atxilotu eta hamar egunez torturatu ondoren hil zena) hurbilegi geneukala, baina historia horrek hainbat liburutarako gaia emango zuela; Obabakoak-en eskaini zion aiputxo bat Atxagak berak, eta Soinujolearen semea-n zati luzeagoa, Endarlatsan ito zuten Mikel Zabaltzaren kasuarekin nahastua.
Beharrezko distantzia hori lortua zelako-edo, 90eko hamarkada osoan ugari izan ziren borroka horren agerpideak gure literaturan; oraindik ere indar handia du joera horrek, eta aurreikus liteke geroan ere berdintsu iraungo duela, baita gatazkaren izaera militarra desagertuko balitz ere, zauri zaharretatik elikatzen baita maiz idazlea. Egunen batean norbaitek xeheago aztertuko du gure gerratxo honek sorrarazitako literatura; nik orain atariko bat besterik ez dut egin, ondoren aipatu nahi ditudan liburu bien berrikuntza hobeto ulertzeko. ETA dela eta ez dela azken 10-15 urteotan argitara eman den produkzioan badira obra onak, hainbestekoak eta kaxkarrak, eta jarrera politikoaren aldetik ere denetik aurki liteke, nahi adina ñabardurarekin; ezaugarri komun bat aipatzekotan, idazleen jarrera morala aipatuko nuke nik: bakoitzak bere posizionamenduaren berri eman nahi izan du, batzuetan argiago besteetan lausoago, zenbaitetan arrazoietan oinarrituta eta gehienetan sentimenduetan, neurri batean irakurleen baitan eragina sortzeko baina batez ere nork bere planteamendu etikoa (politikoa edo estetikoa baino gehiago) agerian uzteko. Hemen esan dudana frogatzeko ez dut daturik emango: intuizio bat da, hipotesia baino gehiago, egunen batean azterketa serioagoek baztertuko edo baieztatuko dutena.
Gatozen orain dagokigun gaira. Maitasunari buruzko liburu bat aipatzeko eskatu zidaten, nigan eragina izan duena edo. Bat aipatzea beti da zail eta bidegabeko. Eta ni oroimen txarreko. Bestalde, esku artean ditudan obrek hartzen didate gogoa aspaldi irakurritakoek baino gehiago; plazaratu berri diren idazleek kilikatzenago bere tokia ongi finkatua dutenek baino. Idazle Elkartetik eskabidea egin zidatenean irakurri berri nituen bi ipuin-bilduma, argitara berriak eta egile bien estreinaldikoak zirenak: Eta handik gutxira gaur, Eider Rodriguezena eta Orain galdera berriak ditut, Lander Garrorena; eta, nola bietan maitasuna den, bat bereiztekotan, gai nagusia, beroriek komentatzea pentsatu nuen. Jabetzen naiz bidegabekeria pare bat egiten ari naizela: bata, gatazkaren prismapean begiratzea izatez oso poliedrikoak diren obrak (Rodriguezena batik bat); bestea, bi liburuak batera epaitzea, egileen artean egon litezkeen kointzidentzia eta loturek ez baitute baimentzen zaku berean sartzea berez azterketa bana behar luketen lanak. Egileen onginahiak barkagarri egin ditzala nire akats horiek eta ikusi ez ditudan bestelakoak.
Hasteko gatazkaren kontua aipatu dudanez, argitu dezadan behingoz zein den liburuon berezitasuna. Orain arte gai hori tratatu izan denean, horixe zen liburuaren gaia, eta gai horrekiko egilearen ikuspegia zen, nik uste, obraren eragile nagusia. Kartzelako istorio bat kontatzen zenean, kartzela bera zen axola zitzaiguna, eta horren inguruan egileak era bateko edo besteko uste-musteak eta sentiberatasuna erakutsiko zituen. Hemen, berriz (eta horretan bat datoz Garroren eta Rodriguezen kontakizunak), bestelako gaiak dira ipuinaren muina (bikote-kontuak askotan, edo komunikazio-arazoak), baina pertsonaien inguruabarra gatazkak zipriztindua dago. Kartzela ager liteke (eta kartzela agertzen da, ipuin batean baino gehiagotan gainera, bien istorioetan), baina asmoa ez da kartzela agertzea, istorioaren funtsa ez da kartzelako bizitza, eta idazlearen helburua ez da kartzelari buruz pentsatzen duena agertzea: bikote baten gorabeherak izango dira seguruenera narrazioaren muina, hirugarren baten presentzia eta horrek sortzen dituen zalapartak, esaterako; pertsona horietako bat giltzapean egongo da, ordea; hortaz, paisaia da kasu honetan kartzela, koadroaren fondoa, bestela esanda.
Horrek, besterik gabe, indartsuago eta sinesgarriago egiten ditu istorioak, galdu egiten baita lehengo egileek ohartuki edo oharkabean erabili ohi zuten (genuen) pedagogismoa, moralismoa, konbentzitu nahia. Ez dakit zenbateraino den hau jakinaren gainean eta pentsatu ondoren erabakitako jarrera literario baten emaitza, edo halabeharraren ondorioa; esan nahi baita, norberaren bizitzan horrelako zirkunstantziak egokituz gero, normala ere badela zertzelada horiek gero zure literatur lanetan agertzea, naturaltasunez, horren bila ibili beharrik gabe. Dena dela, literatur lanak egilearen biografiaren arabera azaltzea errazkeria da, eta inporta duena testua bera da: kasu honetan, ipuin bilduma eder eta sujerikor parea.
Gatazkaren kontu hori argitu eta gero gisakoa izango da liburu bakoitzaz bi hitz esatea, labur bada ere. Eider Rodriguez kontalari trebe ageri zaigu bere lehen liburu honetan: ipuinaren erritmoa, egitura, tonua eta hitzen doinua izugarri ongi menderatzen eta zaintzen ditu. Bai estiloan bai gaietan bariazioa bilatzen du, eta esperimentazioa ere bai: azken hori izan liteke egile berri eta esijentearen bilaketaren ondorio naturala, edo esperimentazioaren beraren aldarrikapena ere bai (azken aldian denok ere oso klasiko eta burgesturik gaude geure gustuetan, eta harrigarriak gertatu zaizkigu hemengo zenbait ariketa ausart). Giza harremanak dira ia beti istorioen gaia, harreman zailak (noiz izan dira errazak?, galdegin lezake baten batek; edo: zailak ez balira non legoke istorioa?); pertsonaien izaera osatzen, berriz, egiazko lana egin du, arazotsu eta konplexuak baitira (batzuk erotasunaren mugan edo haren menpean), baina denenganako hurbiltasuna ageri du Eiderrek, zinezko idazleari dagokion legez. Kokaleku postmoderno samar eta kosmopolitak bilatu ditu ipuin batzuetan; beste batzuk, aldiz, Euskal Herrian gertatzen dira, eta horietan agertu ohi da lehen aipatu dugun paisaia.
Lander Garroren kasuan, testuetan agerrarazten duen jendearekiko sentipen hurbila aipatuko nuke, enpatiazko eta ia maitasunezkoa, egileak berak bai pertsonaiekin bai sortzen dituen hitzekin ere bat egiten duela sentiarazten baitizu. Hizkera berri bat bilatzen du Garrok, kontzeptu erabili eta gastatuetan ez erortzeko (sexuari buruz hitz egitean, adibidez). Bere saiatze horren partaide egiten du irakurlea ere: gauzak sarritan erdizka kontatzen dizkigu, beste erdia geuk osatzeko; pentsatzera ere eraman nahi gaitu irakurleak, ez lerroen gainean irristatze soilera. Argigarria da, jarrera horren ikuspegitik, aitorpen gisako sarrera, errazkerian eta topikoan ez erortzeko aldarrikapen zintzoa. Horren emaitza, batzuetan eder eta hunkigarria egiten da, eta beste batzuetan irregular antxa, apur bat zail eta ulergaitza. Militantziaren inguruko istorioak dira gehienak (ezin aipatu gabe utzi halere familia-harremanen garrantzia), eta ikusmolde asko erabili arren, konstante moduan ikus liteke (lehen aipatu dugun naturaltasunaz gainera) inoiz ez dela militantzia horren arrazoiez hitz egiten: izan liteke beharrezkoa ez delako, komeni ez delako, edo inefablea delako, esanezinezkoa. Arrazoiak-eta aipatuz gero istorio ideologikoegiak gerta zitezkeen agian, baina deigarria egin zait nolanahi ere.
Aipamen labur bana egin dut. Dozena pare batetik gora istorio dira guztira, eta hainbat gogoeta pizten dizkizu bakoitzak, ezin hemen zehatz-mehatz komentatu baina. Irakurlearen esku uzten ditut, bada, merezi dute-eta.
Jefe, bistara hobea zen atzo testuaren atalean zenuen formatua, pantailaren erdia hartzen zuena.