Ibarretxe planaren eztabaida (II)
Eguerdian etendako eztabaidak bazkalondoan jarraitu du, eta Arnaldo Otegi Sozialista Abertzaleak taldeko bozeramailea izan da arratsaldeko izarra.
Alfred Hitchcock-i deitu ohi zaio suspensearen maisua, baina hemendik aurrera Arnaldo Otegi haren ikasle aurreratua izendatu beharko dute.
Goizetik zegoen jakin-mina, Sozialista Abertzaleek zer egingo zuten; Ibarretxe planaren kontra zeudela argi zegoen, baina popular eta sozialisten zakuan sartzerik nahi ez zutela ere bai; bestalde, giroan nabari zen gobernuaren planean sartzen zela ezker abertzalearen ezezkoa.
Otegik bere hitzaldian gogor jo du Estatutu berrirako proposamenaren kontra; orain dela 25 urteko akats bera errepikatzea leporatu die Ibarretxeri eta EAJri; horren aurrean, gatazka errotik konpontzeko beharra jarri die mahai gainean, eta Anoetako proposamena gogorarazi.
Horren ostean, bere hitzaldiaren amaieran, suspensezko momentuak luzatuz, jakinarazi du bere taldeko hiruk baiezko botoa emango dutela, autodeterminazioa eta erreferenduma ahalbidetzeko, eta beste hiruk ezetz, Estatutu proposamenarekiko arbuioa adierazteko.
Lurrikara txiki bat
Otegiren iragarpenak purrustada nabarmenak eragin dizkie gure inguruko kazetari espainolei, esku bat itzulpenaren belarri-txintxilikarioan eta bestea boligrafoan zeukatela. Bestalde, esanguratsua izan da zein altxatu den bere aulkitik: Josu Jon Imaz ikusleen palkotik, Inigo Urkullu eta Ibarretxe parlamentarien besaulkitik. Presakako bileratxo bat egin ote dute? Ezin jakin.
Hortik aurrera, PSOEk eta PPk ez dute txintik esan, Batasuna ohitik datozen hitzei jaramonik ez egiteko beren usadioari jarraiki. Matutek EBtik eta Larreinak EAtik erantzun diote Otegiri, baina eskas samarrak izan dira haien hitzaldiak, egia esan. Egibar eta Otegiren artean, ordea, debate zorrotz baina aberatsa sortu da.
Duela sei urtetik askotan entzun dugu bi horien arteko debatea; arrazoi historikoaren inguruko obsesio handi samarra nabaritu dugu beste behin (Xibertako solasaldiak), ezker abertzale osoaren zeharkako aipuak (Otegik Josu Urrutikoetxearen gutun bat irakurri du, eta Egibarrek Pakitok-eta ETAko zuzendaritzari idatzi eta prentsan filtraturikoa), eta goizean ez bezala euskara dexente entzun ahal izan dugu.
Hemendik aurrerakoek interes gutxiago izango dute, nabarmen.