Lokalizazioa, menuak eta jana (EH 2.0rako)
Mahainguru bat denez, ez dut hitzaldirik eraman behar (suposatzen dut), baina gauza hauek prestatzeko ohar batzuk hartzea ez dago txarto, eta ni jarraian hartutako apunteekin noa.
Duela urte batzuk eman nuen hitzalditxoren bat biltzarren batean esan nuen hau: Ez ditut menuak behar euskaraz, jana behar dut. Eta uste dut horretan nagoela. Horixe dela behar duguna gaur ere.
- Edukia da koxka, eduki euskalduna sortzeko. Edukira iristeko tresnak, edukia sortzekoak, edukia trinkotzekoak.
- Euskarazko komunitatea sortzeko, elebakartasunetik abiatzearen garrantzia.
- Lokalizazioa eta Internazionalizazioa, teknikoki, askoz garatuago daude gaur egunean mendea hasi zenean baino. Software librearen hedapenak eta Interneten zabalkundeak lagundu du horretan. Gaur egunean, tresna informatikoak askoz prestatuago daude jatorriz, eta horrek lana errazten du. Meneame tresna librea sarean jarri zuten, lokalizatzeko prest jarri ere, eta hortik klon polita, Zabaldu.com
- Lokalizazioan urte hauetan estrategia zuzena software librearen bidekoa izan dela uste dut. Maila teknikoan, gettext metodologia eta .po fitxategien estandarra. Terminologia eta fitxategiak eta lanak berrerabiltzeko moduak bideratu beharko lirateke hemendik aurrera, akaso.
- Edukien alorrean, goian aipatutako edukia sortzeko eta trinkotzeko tresnez gain, nola ekin? Teknikan ildoa software libreak erakutsi badu, uste dut edukietan ildoa eduki libreetatik etorri behar duela, filosofia berarekin saiatu beharko dugula egunen batean. Eta, hemen, ñabardura inportantea, Creative Commons Non-Commercial lizentziak ez dira sartzen. Horiek ez dute edukien banaketa librerik edo biderkatzailerik bermatzen.
- Edukia sortzeko politikak... Irudimen gehiago behar dugu. Aurkeztu daiteke Wikipedia dirulaguntza batzuetara? Ikus-entzunezko materialaren ekoizpenean, zer behar dugu, pelikulak subentzionatu, ala bideo-blogari euskaldunentzako plataformak eta edukia trinkotzeko estrategiak bultzatu? Politiken alorrean uste dut galdera zailak daudela erantzuteko.
Ados nago zurekin euskaldunak gutxi garela Interneteko dimentsioan. Baina.... hasteko eta bat janari euskalduna behar dugu; ondoren menua ere euskaraz badago... hobe (gaur egun jatetxe gehienetan euskaraz ez dakiten zenbait etorkin baino ez dugu aurkitzen!) Eta bukatzeko jatetxearen paisaia ere euskladuna balitz (tresne & tokien rotulazioa, iragarkiak, ) Honekin esan nahi dut lehen eskaria, zuk esan bezala, janaria da. Baina ondoren... besteak ere ez datoz txarto!