Gu, blogari euskaldunok
Blogista euskaldunen topaketa deitu dute. Han izango gara. Elkarren aurpegiak ikusiko ditugu. Nolakoak ote gara? Horrelakoxeak, akaso:
Joan den ostiralean atera ziguten argazki hau. Lau blogista euskaldun Deustun, Euskal blogosfera gaur mahainguru torrealdaikoan parte hartu ostean, Joseba Abaituak gonbidatuta (bera da argazkigilea). Ikusten denez, blogari euskaldunak basko arruntak gara. Gizonezkoak zatar samarrak, eta neskak polit-politak.
Irudikoak gara: Jabi Zabala Sarean.com , Arantza Tamayo Obabatxue.com , Luistxo Fernandez Ingelesen Hilerria eta Nerea Basterretxea Littera.
Beraz, Elgetan, Espaloia Kafe Antzokian, apirilaren 17ko arratsalde-iluntzean, hauteskunde-emaitzak jarraitzearekin batera, Blogs & Beers elkarretaratzea. Deialdia hemen eta baita topaketaren orri ofiziala.
Blogs & Beers izenaren inguruan, batzuek diote BST beharko lukeela euskaraz, Blogak, Sagardoa eta Txakolina. Bedi, beraz, BST. Neuk ikonoa sortu dut, eta menuan jarri loturarekin, honaxe: http://www.espaloia.com/images/B2005
Zuek ere berdin egin dezazuen, hemen daukazue.
Goia jo duzu, bai, argazki honekin pulitzerra irabazteko usterik ez duzu edukiko. Zatarrak bai gu, eta aurpegi zurbil horiekin somatzen da azkenaldion eguzkitan ez garela paratu. Makina aurrean ordu larregi sartzen ditugun seinale? Egungo euskaraz esaten dan moduan, ya te vale. Torrealdai moreno-moreno ikusi dut beti... Banoa karraderan bidaia agentziara, Lanzaroterako txartela erosten. Elgetan mendekua: kamara eramango dut.