Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria / Trackback: zer da eta nola egiten da

Trackback: zer da eta nola egiten da

Luistxo Fernandez 2005/01/08 08:45

Blog-etan askotan ikus daitekeen terminoa: trackbacks (1), edo Send your trackbacks here eta helbide bat... Erantzun ohikoen ondoan, zer da beste hori? Trackback-a da blog bati beste blog batetik egiten zaion erreferentzia.

Blogak egiteko software guztiek ez dute aukera hau, baina askok bai. Eibar.org-eko Coreblog-ek badute, Wordpress darabiltenek ere bai ( Gaztelumendi, kasu), Movable Type motakoek ere bai (nahiz eta hori darabilten euskal adibideek, Sarean.com eta Irratia.com-ek ez duten aukera konfiguratuta, ez dakit zergatik), eta web zerbitzu batzuek ere bai, hala nola Typepad edo MSN Spaces-ek. Aldiz, zenbait produktutan ez dago trackbackik, ez Blogs.ya.com ez Blogger.com: hortaz, Telezaborrak, Faroak edo Filoblogiak ezin dute trackback egin.

Aukera gaituta daukaten blogen artean, bi norabidetan egin daiteke trackback:

  1. Guk beste blog batzuei erreferentzia egiten diegunean, trackback-a gehi diezaiekegu.
  2. Inork gure blogeko mezuren bati erreferentzia egiten dionean, trackback bidez egin badu, oharra agertuko da gure blogean automatikoki. Euskarazko blog-en komunitate murritzean, gorago aipatu dudanez, ez daude denak trackback-erako gaituta, eta elkarren artean trackbackik egiteko ohiturarik ez da oraingoz zabaldu euskal blogosferan... Baina blogosfera indartzen bada, trackback-trukerako prest egongo da gure sistema, Eibar.org-eko blog komunitatea, eta Coreblog euskaratua.

Ping egiten

Trackback-ak bidaltzen dira blog-en artean ping eginez. Ping egitea, robot batek beste bati ukitutxo bat egitea bezala da... Beste blog baten erreferentzia sartzen badugu gure blogean trackback bidez, makinak, ping egingo dio jatorrizkoari, eta han gehituta geratuko da gure erreferentzia. Beste batek gure erreferentzia egiten duenean, gure makinara ping bat bidaliko du...

Txat edo barriketetan, adibidez beste erabiltzaile bat konektatuta dagoen konprobatzeko, geure makinatik PING bat bidaltzen dio sistemak, eta hango makinak PONG batekin erantzuten du, konexioa benetan gertatu bada. Trackback erreferentzietan-eta, ping egitea umetako harrapaketa-jolasetako katibu! edo eginda! oihuarekin konpara dezakegu: ukitu soil bat, jokoaren arauak aldatzeko nahikoa (ukitzailea ibre geratzen da, eta ukitutakoa gatibu bihurtzen da). Blog-en arteko ping-arekin, makina ukitzaileak esaten dio besteari: tori, honek zu aipatu zaitu. Eta ukitutakoaren blog-ean, ping soil horrekin, erreferentzia gehituta geratzen da.

Bestalde, blogetan ping egiteko beste modu bat ere badago: bloga berritzean blog-bilatzaileetan abisua emateko modua da haiei ping bat bidaltzea. Feedster, Technorati eta holakoen garrantzia handituz doan heinean ping egiteko kontu honek garrantzia izango du. Eibar.org-eko Coreblog-ak ping egiteko modu horretara egokituta daude, eta neure kasuan, ping-o-matic zerbitzuaren bidez konfiguratuta daukat, lehengo batean aipatu nuen bezala.

Beste bati trackback egiten

Beste blog batean irakurri dugun zerbaiti, erreferentzia egin nahi diogu gure blogeko mezu propio batean. Hortaz, lehenengo eta behin, jatorrizko mezu haren trackback helbidea behar dugu. Moduren batean edo bestean, URL edo helbide baten erreferentzia behar dugu... Hona blog batzuetan nola ageri den URL hori iragarria:




Helbide hori apuntatu, eta gure blog-eko sarrera gehitzean web bidez (edo sarrera batean a-posteriori editatuz), eremu bat egongo da interfazean, trackback URL-ak gehitzeko. Han gehitu URL hori (bat baino gehiago izan daitezke, behintzat Eibar.org-ekoen kasuan), eta bidali edo gorde. Coreblog eibartarretan, Send Trackbacks immediate aukera aktibatuta eduki ezazu.

Adibidez, herenegun izan nuen mintzagai neure sarrera batean Gaztelumendirenean irakurritako zeozer. URL honetan aurkitu nuen:

eta bertan aurkitu nuen halaber, trackback helbidea:

  • http://gaztelumendi.blogthing.com/2005/01/04/balea/trackback

Begira nola jarri ditudan bi helbideak: bata klikagarri, bestea ez. Izan ere, trackback URL-ak ez dira klikatu eta bisitatu ditzagun. Helbide hori ez da bisitatzen, gordetzeko da, kopipega eginez jaso, gero guk gure artikulua idaztean blog tresnaren interfazearen alorren batean pegatzeko.

Trackback-a bidali ondoren, gure blog-ean mezua normal kargatuta agertuko da, eta ez dago erreferentziarik nora egin dugun ping... Baina erreferentziatutako blog horietan, automatikoki, gure mezuaren izenburua eta nondik egin diegun erreferentzia agertuko da, lerro batzuekin batera.

Trackback egiten diogunean norbaiti, haien blog-a da berritzen dena, ez geurea. Gaztelumendirenean funtzionatu zuen herenegun, jakina.

Beste batek trackback egiten digunean

Beste batek trackback egiten digunean, mezu jakin horren trackback zerrendan agertuko da nondik, nork, zein mezutatik... Era berean, gure blog-eko sarreran (Coreblogen kasuan), aldameneko zutabean, azken tracknack-ak atalean azalduko da erreferentzia hori.

Adibidez, duela egun batzuk Galestik trackback bat jaso nuen hemen. Bloggerreko blog galesetan datak galeseraz konfiguratzeko zer asmatu duten kontatzen nuen, eta nire artikulua arreta deitu zion Morfablog galestarrari, hemendik aipatu eta trackbackeatu (?? pingatu??) nindutelako.

Erantzunengandik desberdina da trackback bidez komentarioak jasotzea. Erantzunak gaituta dauden blog-etan, erantzun guztiz anonimoak edo faltsuak (norbaitek Mariano Rajoy sinaturik utz dezake mezua) guztiz posible dira, baina trackback faltsuak askoz zailago dira: beti agertuko da zein blog-etatik egin den erreferentzia. Blog anonimoa edo ia anonimoa izan daiteke, baina autortzea kontrolatua egongo da.

Klik egin eta klikatu, baina trackbackak eta pingatu?

Klik egin eta klikatzea, euskararen doinuarekin bat egiten duten terminoak dira, eta eguneroko gure teknohizkuntzan nahiko ondo txertatu dira. Gero azaldu zitzaigun Anjel Lertxundi gogoratzera Hegoaldeko ezjakinoi klikatu aditzak baduela beste adiera bat Iparraldean... Bego, beraz, klikatu, bi adierako berba moduan.

Baina, pingatu? benetan zatarra ematen du. Ping egitea izan behar ote da alternatiba bakarra?

Bestalde, trackback, arrotz, zatar eta idazgaitza da gero. Nola euskaratu dezakegu, merezi baldin badu behintzat? Aipuak? Erreferentziak? elkar-erreferentziak? Iradokizunak gustura jasoko dira.

erral
erral dio:
2005/01/10 10:24

Telezaborrari erantzun nion bezala, ETBn gero eta "egin" gutxiago entzuten da aditzaren ostean eta beharrezkoa denean gainera. Hemen ere ezin al dugu ba "egin" hori esan? Hau da, klik egin, trackback egin, aipua egin, ...

Egin itxi zutela eta "egin" hitza erabiltzea ere debekatu egin zuen Garzonek ala? ;)

Jabi Zabala
Jabi Zabala dio:
2005/01/25 12:35

Ping-omatic hori aktibatu dudala uste dut. Orain soilik falta da norbait trackback-a egiten hastea. Ea funtzionatzen duen.

aritz
aritz dio:
2015/04/14 12:27
zer da blogger?
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004