Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria / Hartzailea igorle: blog edo weblogak

Hartzailea igorle: blog edo weblogak

Luistxo Fernandez 2004/11/09 17:57

Informazioaren ziklo zuzen-zuzena deskribatu dizuet aurreko mezu batzuetan, erakundeak informazioa zuzenean publikoari bidaltzekoa. Baina, horrez gain, informazio ziklo konplexuagoak ere badaude Interneten. Hartzailea igorle bihurtzeko gaitasuna duen medioa delako Internet, benetako komunikazioa, bi norabidetakoa, gauzatzeko bidea ematen duen tresna da. Horrek, sorkuntza kolektibo eta indibidualerako aukera handiak ematen ditu. Informazioaren hedapenerako ere bai.

Informazio hedapenerako modu batzuk ezagutzen ditugu. E-posta bidezko komunikazioa, posta-zerrendak... Baina azken aldi honetan, indar bereziz ezarri direnak weblogak dira.

(Ostiralean emango ditut kontu hauek Kazetaritza Kongresuan. Espero dut jendeak ez diola kasu egingo Andu Lertxundiri gaur, eta ez dela joango Leioara, baizik eta Bilboko Euskalduna Jauregira.) Weblog-a estandar bat da dagoeneko. Informazioa, albisteak antolatzeko modu arketipikoa weblog-arena da gaur egunean. Azken albisteak goian, haren azpian, atzeranzko ordena kronologikoan, gainerakoak. Lehen orrian hamar sartzen badira, bat berria kargatzen denean, 10.a orritik irten egiten da, baina (idealki bederen) artxibatuta jarraitzen du. Weblog-aren eredu sinple honi jarraitzen diote albistegi ia guztiek Interneten. Baita berez blog-ak ez direnek: egunkari digital gehienak eta prentsa-ohar korporatiboen bildumak, adibidez, goitik beherako ordena kronologiko horretan egituratzen dira.

Hortik aurrera, ñabardurak has daitezke. Bi motako weblogak daudela esan daiteke:

  • Kolektiboak, lehen jeneraziokoak. Slashdot izan zen aitzindari, eta Kuro5hin haren ondorengo nagusia. Gaztelaniaz Barrapunto sortu zen, eta tinko dirau. Euskaraz, Sustatu. Oro har, weblog terminoa erabiltzen da horientzat.
  • Pertsonalak. Pertsona edo taldetxo bakarrak sortzen eta kudeatzen dituenak. Intimitate bitxiak anonimatotik kontatzen zituen neskarena izan zen, beharbada, era honetako lehen weblog esanguratsua, baina harrezkero espertoenak asko indartu dira. Hauentzat, gehiago erabiltzen da bitakora terminoa, edo blog, laburtuta, forma luzearen ordez.

Berez, blog eta weblog gauza bera dira, baina badago halako ñabardura lexiko bat bien artean, kolektiboak (weblog) eta pertsonalak (blog) desberdintzen dituena.

Blog-ak, halaber, idazteko orduan partehartze-aukera desberdinen arabera ere sailkatu daitezke. Kolektiboetan, erantzunak posible izaten dira ia beti, eta parte-hartze ireki samarra ere egoten da, baina mezu nagusien zein erantzunen argitalpenerako, moderazio, ponderazio edo kontrol sistema desberdinak egon daitezke.

Blog pertsonaletan ere, egileek batzuetan ez dute nahi erantzunik, eta ez da egoten. Beste batzuetan, erantzun moderatuak egoten dira, eta blog-gile batzuek erantzun libreak ere sustatzen dituzte. Blog pertsonaletan beste erantzun mota ere badago: trackback-a, artikulu bati beste blog batetik egiten zaion deia edo erreferentzia.

--- Bitartekariek, bitartekotza ezabatzeko funtzionatzen dutenean

Aurreko mezuan azaldu dut batzuetan hartzaileengan miraria gertatzen dela. Hartzaile bat espertoa da esparru jakin batean, iturri askotarako sarbidea du sarean, hango informazio desberdina prozesatzeko gauza da, eta bera ere, igorle bihurturik, informazio-banatzaile bihurtzen da: Bitartekari bat gehiago (bloglari esperoa), baina bitartekaritza gutxiago informazioaren zikloan, horra Interneten ondorio bat.

Batzuetan ez da ezinbestekoa esperto handi bat izatea informazioa prozesatzen duena. Esperto txiki mordoak, edo, nahi bada, tonto mordoxka batek ere efektu bera egin dezakegu. Honela, blog kolektiboan:


Era honetako informatibo kolektiboak badaude, eta ez nolanahikoak. Hartzaile mordo baten artean osatutako Barrapunto.com albistegia da, adibidez, espainolez informatikaz eta teknologiaz oro har informatuta egoteko mediorik onena.

Hartzaile bakoitza igorle izan daiteke Barrapunton, eta beharbada mezu ertaina edo hartzaile bakoitzak interesekotzat jotzen duen gai medioa memelokeria handi bat da, baina oro har, zaborraren artean, harribitxiak ere sortzen dira, analisi sakonak, edo informazio benetan berriak.

Gainera, artikulu bakoitza ere, jatorrizko "informatikaren mundu informatiboa" bezala, hartzaile mordo baten eskuetatik pasatzen da, eta erantzunez hornitzen da, datu osagarriz, errefutazio biribilez, eztabaidez... Kakofonia horretan askotan zarata besterik ez da sortzen, baina beste batzuetan, zentzua eta benetako informazioa.

Era berean, Armentiaren bezalako bloga, edo blog kolektibo hauek, informazioaren ziklo orokorrean sartzen dira. Nik sartuta ditut zenbait blog eta filtro nire informazio-iturrietan, eta feed-irakurgailuen bitarteko teknikoak erabiliz, zentzu zehatzagoa ere lor dezaket horrela. Honela jarraitzen du Luistxok informatika enpresa handi-handi batzuen informazioa Interneten:


Googlek eta Microsoftek zuzenean esaten didatena sinistu baino, beste batzuek informazio-katean ezarritako filtroen bidez irakurtzen dut. Filtro horiek ez dira, inola ere ez, "hedabideen bitartekaritza", beste internauta batzuek ezarritakoak baizik... Armentia eta bere bloga, edo Barrapunto, teknologiaren inguruko blog kolektiboa: horrelakoak eskura izanda, zertarako behar ditut kazetariek prozesatutako zientzia eta teknologiari buruzko albisteak? Ezertarako ere ez. Prozesatzaile hobeak dira haiek...

Blog irakurketa: zutabegilearen esperientzia, eta tabernako tertulia

Gainera blog irakurketak badu beste ezaugarri kalitatezko bat. Blog bat irakurtzea, zutabegile bat jarraitzea bezala da. Eta zutabegileak bezala, gai zehatz batean duten ezagutza apreziatzen duzu batetik, baina ez hori bakarrik, bere idazteko era ere apreziatzen duzu... Mikel Elorza irakurtzen dut igandero Berrian, eta politikaz ematen dizkidan pistak gustatzen zaizkit, baina baita txiste txoroak egiten dituenean ere. Nire blog faboritoak ere hala irakurtzen ditut: apreziatzen ditut Mini-D-ko [6] argentinarrak web diseinuaz esaten dituenak (maisutzat daukat horretan), baina bere fetitxe japoniarrak aipatzen dituenean ere interesa du bere blogak.

Zutabea ez da, gainera, beti sorkuntza literarioarekin lotu behar... perfil teknikoa, akademikoa edo ekonomikoa duten blog-gile asko dago sarean. Hauen zutabeak jarraitzea, nolabait, aholkularitza zerbitzutxo bat izatea bezala da...

Blog kolektiboak, berriz, zutabe pertsonalarena baino gehiago, kafetegiko tertuliaren antza daukate. Eztabaidak proposatzen dira, eta ideiak trukatzen dira, edo desbideratzen dira... Tertuliano nagusienek gidatzen dute eztabaida, eta arau demokratiko edo autokratikoak egon daitezke tertulia bakoitzean, baina guztietan dago, gutxienik, adi-adi egoteko aukera, eta ia beti, halaber, norberak aportatzekoa.

Hortaz, gorago egindako blog-en sailkapenean, beste ezaugarritxo bat:

  • Blog pertsonalak, zutabegileeak jarraitzea bezala.
  • Blog kolektiboak, kafetegiko tertuliak.

Informazio ziklo honetan sarturik, blog-gile bakoitzak ziklo bitartekatuan beste begizta bat suposatzen du:

Feed eta blogak irakurtzen dituzten hartzaile aurreratuak dira, era berean, igorle bihurtzeko aukera gehien dutenak. Eta igorle direnean, feed-arekin hornituta irteten dira plazara: Informazio zikloaren zentzu-kalitatea hobetzen dute, bitartekotza katean katebegi gehiago azaltzen dira, baina informazioa bera araztuago, garbiago, irteten da amaierna.

Blog-en arrakasta non dago: ez hedabidean, baizik eta kontsumitzailean

Eztabaidak ikusi ditut Interneten: Blog fenomenoaren arrakastaren faktorea zein da?

  • Arrakastazko blogak, oso irakurriak, komentatuak, eragina dutenak? ze ezaugarri dituzte.

Eztabaida okerra iruditzen zait. Niri hau interesatzen zait:

  • Arrakasta duten irakurleak: ondo informatutako jendea

Blogak jarraitzearen porbetxua neuk ateratzen dut. Horretan datza blogen arrakasta, ez horrenbeste Euskara eta Publizitatea blogak izan ditzakeen irakurle edo audientzia handi edo txikian, baizik eta bere harpidedunak hura irakurtzetik lortzen dugun jakintza apurrean. Hori da blog arrakastatsu bat niretzat, niri laguntzen didalako, berak, eta beste mordoxka batek, jarraitzea erabaki ditudan blog eta Interneteko iturri multzoak...

  • Blogosferan, ez da hedabideen, igorleen, arrakasta komunikazio-prozesuaren faktore klabea, irakurleena baizik.

Gainera, blog jarraipenean, orakurtzearen plazerra ere aurkitzen dut:

  • Kazetari sen oso-osoa duten blog-gileak: "berria" ulertzen dutenak, eta idazten dakitenak
  • Zutabegilea jarraitzearen ohitura: idazkera gustuko dugulako, profesional informatutzat daukagulako
  • Enpatia: artikulu pertsonalen xarma (mezu profesionalen artean, nota pertsonalak sartzea oso normala da), tertulia giroa weblog kolektiboetan
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004