Miñaoko Parke Teknologikoa
Miñao herrian dugu Arabako Parke Teknologikoa, Gasteiztik hamar bat kilometro iparreruntz Durangorako errepidean. Ez dakit Araban besterik ote den.
Urtero antolatzen dute “ate irekien egun” bat, zera, tokia eta bertako jarduna jendeari erakusteko ekitaldia. Beste urte batzutan izan dugu bertara joateko asmoa baina, arrazoiak arrazoi, inoiz ez gara izan. Aurten bai, begiratu, goizean goiz aditu orduantxe bertan zela, eta, bi bidarrez pentsatu barik, hara joan ginen ea zer topatzen genuen.
Aparkatzeko problemarik ez. Hasiera behintzat ona.
Tonto-tonto, heldu eta enpresa batean sartzen ahalegindu ginen. Ezin, lehenago inbitazioa izan behar genuen. Gero harrera gunean galdetu eta erantzun bera, ezin zela inon sartu, gehienetarako gonbitea behar zela eta ordurako denak agortuta zeudela. Nire eritziz, jarduna antolatuta dago alde batetik jende zehatz batek enpresak bisita ditzan; eta beste aldetik bestelako jendeteriak eguna pasatzeko, nahiz eta benetan parke teknologikotik ingurua edo besterik ikusi ez. Horretara, ezin izan genuen batere baina batere enpresarik ikusi. Ondo ez?
Geu bestelako jendearen artean sartzen gara, aparteko gonbiterik ez dutenen arteko beste horiek. Beraien artean mugituko gara hara eta hona, ea zer.
Badira, eta ez gutxi, guretako entretenimenduak. Hasteko globo bat, igo eta igo eta Parkea goitik ikusteko. Umeek gure dute, ume mordoak, eta demaseko ilara dago. Bertan gelditu beharko gara baina zortea gure alde dago, globoa izorratu da eta ez dago inorentzako. Libratu gara ordu erdi edo gehiago itxoiten egoteaz. A ze pena!
Txu-txu tren bat ere badago, turistentzako erroberadun horietako bat. Ondo, gero hartuko dugu, dena geroko.
Eta ez hori bakarrik, erraldoi edo hankapalu tantaien talde artezale bat ere kontratatu dute.
Eta kometen erakusketa moduko bat. Baietz! Gauza pila dagoela umeekin eguna pasatzeko!
Teknologia Parkearen etxe zentralean sartuko gara. Bai, asmatu dugu, hemen aterpeko eskaintza gehienak jarri dituzte, hementxe dago saltsa. Bista ederra ere badago bertatik kristalezko lehiateri galanta daukate eta. Ikusizue:
Etxearen barruan hainbat ikuskizun dugu. Epsilon Euskadikoek kotxe karreras bi dituzte ikusgai, bat, zuria aurreko bideoan ikusten zen. Bestea, beltza, ondoren, kotxe fantastikoa:
Horrez gain, baziren esperimentuak egiteko makinak, eta umeentzako espektakuluak esperimentuak eurak direla arretagai.
Hitzaldi batzuk ere baziren, orain gogoratzen ez ditudan beste ekintzat batzuk, eta, besteak beste, fotografia tailer bat.
Bukatzeko, teknologia maila altuko enpresak ikusteko ezer ez; baina goiza pasatzeko -eguerdirako dena bukatuta zegoen- oso ondo. Beste urte baterako, jakinik zelan funtzionatzen duen eta aldez aurretik joatea pentsatu badugu, ahaleginduko gara besperatik edo hainbat egun lehenago gonbiteak lortzen, ahal bada. Ene ba!, halako enpresetan sartzea badirudi FBIko bihotzean sartzea baino gaitzagoa dela!
Karteroak beti deitzen du bi aldiz
Beste nobela bat gure artean gehienbat haren kontura film bat egin zelako ezagutzen dugula. Hartu orduko nire kautako pregunta: “eta irakurri ahala pelikularena gogoratzen badut eta leidu baino lehenago zer gertatuko den baldin badakit?” Honezkero badaukat behintzat horren erantzuna: “ez, pelikulaz hari jenerala baino ez dugu akorduan. Horregaitik ez larritu”.
Irakurtzen hasi orduko estiloak jo zidan bistara. Azkarra, ia telegrafikoa, elkarrizketa nahikotxoekin eta kapitulu motzekin, zortzi orri bataz bestez, hasieran gutxiago eta bukaerarako gehixeago. Historioa kontatu, apaindura barik, di-da, di-da, eta bukatu arte.
Gustora irakurtzen ote den? Nobela honek lau, bost edo sei edo edizio gehiago izan ditu euskaraz. Bistan da bai gustatzen duela. Gainera kontu bitxia dauka, itzultzailea Xabier Olarra da, eta titulua lehen edizioetan “Karteroak beti deitzen du bi aldiz” da, eta azkenengo edizioetan berriz “Postariak bi aldiz deitzen du beti” Aiii, itzultzaileak irakurleok ikusten ez ditugun detaileak ikusten ditu. Eta gutxi balitz hasierako edizioetan “Erdal literatura beltza” sailean argitaratu nahi izan dute, eta halaxe jarri dute azalean, baina gero portadan nahastu, oker jaso, eta “Euskal literatura beltza” sail moduan jaso dute. Biblioteka gehienetan honetara izango dute sartuta.
“Baina bukatu mesedez, lerro hauek idatzi dituan horri, gustau egin zaik?” Bai ba, benetan obra ona da, hasieratik bukaeraraino, ondo kateatuta, ondo jantzita, dena ondo egina. Eta oso gustora irakurtzen da. Nota altua, benetan altua.












