Kanpeona
Izekok deitu zidan aurrekoan, pozik.
Izeko Begoñak arnasa hartu ahal izateko aparatua erabili behar du egunero eta gauero, duela urtebete baino gutxiagotik hona. Azken bi urteotan edo, gauez erabili behar zuen bakarrik, baina jada ezin zituen lau pauso ere eman kaletik, ito egiten zen, eta egunerako ere jarri zioten aparatua.
Esan ziotenean egunez ere erabili behar zuela, mundua gainera jausi zitzaion, jendeak zer esango ote zuen eta. Horren atzean beste arrazoi pertsonal batzuk ere badaude, guztiz zentzudunak eta erraz ulertzekoak, baina ez gara horretan sartuko.
Eta kontua da, hasieran, etxean geratzen zela. Egun batzuk baino ez ziren izan. Holako batean, erabaki zuen bost inporta zitzaiola jendearen begirada, eta etxetik irten behar zuela, besterik ez bazen ere nahiko ahulduta dituen hankak eta bihotza indartzeko. Eta irten zen, lirain, aparatuaren tutua sudurraren azpian jarrita, arnasa enlatatua baina bizigarria arnastera.
Aparatua ere gero eta txikiagoa dauka. Lehen zorro handi baten barruan eraman behar zuen, baina, bere urteekin, gerria ere ez dauka ondo, eta gero eta txikiagoa eman diote aparatua. Orain poltsa barruan darama kilo bat inguru pisatzen duen makina.
Hala ere kanposantura ezin da igo. Ze kanposantua, Gernikan, goialdetxo batean dago, paseotxoa zuretzat eta niretzat, baina alta montaña berarentzat. Eta kanposantuan bizi da osaba, eta izeko ezin izaten zaio joan bisitan.
Aurrekoan deitu egin zidan, pozik. Bakar-bakarrik esateko egun horretan kanpeona bat izan zela, horrelaxe esan zidan. Goizean osabarengana joatea okurritu zitzaiola, bainakeba pentsatu omen zuela, zelako gauzak pentsetan dozuzan, izeko (ze berak, bere buruari, izeko deitzen dio), ea zelan igoko zen bera hara goraino.
Eta, armozatzen zegoela, pentsatu zuela a muerte!. Horrela, a muerte, horixe pentsatu zuela. Hori esan zidan. Eta jantzi eta aparatua hartu eta kanposanturantz hasi zela, apurka-apurka, nor eta bera, azken aldian ozta-ozta heltzen zena frontoira eta buelta. Baina buruan hitz horiek zituela, eta berak osabarengana nahi zuela, Gabonak baino lehenagotik ez zelako egon berarekin eta kontatu nahi ziolako zer afaldu genuen eta. Hori ere esan zidan. Osabari, izekok osaba deitzen dio. Osabak ere izeko deitzen zion izekori.
Eta heldu zela esan zidan, jakina. Horretarako baino ez zidan deitu, kanpeona bat dela esateko. Baina hori nik banekien aspalditik.
Horregatik esan dut kanposantuan "bizi dela" osaba. Eta horrela da, benetan. Hil dira nire inguruan hau eta bestea, baina osaba bezain bizirik ez dago inor. Bizirik daudela dioten batzuk ere ez.