Zinebi (2. eguna)
Atzoko egunak gazi-gozoak eman zizkigun arratsaldeko eta gaueko saioetan: arratsaldean gazia, gauean gozoa. Arratsaldean aurkeztutako 8 pelikuletatik, bakarra ere ez zen salbatu. Gaueko saioan beste 8 film eskaini ziren, gehienak interesgarriak.
Beharbada Zinebiko antolatzaileen estrategia izango da: badakite arratsaldeko saiora oso jende gutxi joaten dela (atzo 50 bat egongo ginen), eta, aldiz, Arriagak beste kolore bat hartzen duela gauetan, eta butaken patio ia osoa beteta egoten dela. Kalitatea, eskaintzekotan, jende asko dagoenean eskaintzea erabaki dute? Akaso.
Gaueko saiotik, beraz, lau pelikula aipatuko ditut, onenak nire ustez.
Lehenengoa, Dawn, Britainia Handiko 10 minutuko filma, atzoko lanik erakargarriena izan zen, proposatzen zuena proposatzen zuen moduagatik. Shreepali Patel zuzendariaren pelikulak neba-arreba biren goiza kontatzen du: goizeko 6ak dira, ama eta haren maitalea ez dira oraindik esnatu, eta umeak etxeaz jabetu dira. Aita-ametan jolasten dira, elkar orrazten dute, batak errieta egiten dio besteari, gosaria prestatzen dute, bazkaria prestatzen dute, etxea askatasun eremu bihurtzen dute, ama lotan dagoen bitartean. Kanpoan, esne-partitzailea lanean, trenak pasaeran. Eta ama denbora larregi ari da lotan. Ez baitago lotan.
Bigarrena, 26 minutuko Krooli dokumental finlandiarra da, Pv Lehtinen zuzendariarena. Dokumentala esan dut eta dokumental gisa agertzen da Zinebiren egitarauan ere, baina fikzioa da, edo dokumental faltsua: Sirja Luomaniemi igerilaria da, munduko errekorraren jabea 50 metro libreetan, 23:59ko markarekin. Egia izan zitekeen, errekor horren jabea Inge de Bruijn holandarra ez balitz, 24:13rekin. Edozelan ere, dokumental faltsu honek kirolari eta benetako bizitzari buruzko hausnarketa interesgarria planteatzen du, eta gizakiek geurea ez den medio bat (ura, kasu honetan) konkistatzeko egiten ditugun ahaleginei buruzko ideia eskaintzen du. Gainera, zalantzarik gabe, orain arteko proposamen bisualik ederrena izan da pelikula hau.
Hirugarrena, benetako dokumentala, HlŽadanie ilúzií eslovakiarra, 26 minutukoa hau ere. Zuzendaria Sahraa Karimi da; bistan denez, ez oso izen eslovakiarra: izan ere, Sahraa Karimi afganiarra da, ez eslovakiarra. 2001ean, Agfanistandik irten eta, Bratislavako Zinemaldian parte hartzeko aitzakiarekin, hantxe geratu zen, asilo politikoa lortuta. Eta, hain zuzen ere, asiloa lortu ezinean dabiltzan errefuxiatuen arazoari buruzko dokumentala ekarri du Bilbora: Gabcikovoko (Eslovakia) errefuxiatuen esparruaren berri ematen digu, hango txetxeniar, afganiar, irandar, afrikar eta abarren bizimodua erakutsita. Filma soil-soila da, baina Karimik ez du gehiago behar izan gugandik hain gertu dagoen errealitate ezezagun hori fideltasunez erakusteko.
Laugarrena, At the Quinte Hotel, Bruce Alcock zuzendariarena. 3 minutuko animaziozko film kanadiarra da, eta, egia esan behar badizuet, ezin izan nuen behar bezala jarraitu, narratzaileak oso arin egiten zuelako berba eta irudiak ere borborka zihoazelako. Hitzezko mezua jaso ala estetika bisualarekin gozatu, hori izan zen nire barne-borroka pelikulak iraun zituen 3 minutuetan. Baina, edozelan ere, denbora labur horretan sumatu nuena ona izan zen, orain arte animazioan ikusitako onena, nire ustez.
Gaur egun laburra dugu, 6 pelikula baino ez dituzte emango eta.
Aipatzeko puntuan egon naiz pelikula hori ere, baina azkenean erabaki dut ez jartzea nire gustukoenen zerrendan, arrazoi bategatik: ideia geniala eta ezin originalagoa da, hasiera ere bai, baina iruditu zitzaidan apurka-apurka beherantz egin zuela filmak, gero eta beherago. Azkenean, planteamendua bikaina iruditu arren, filma ez zitzaidan gustatu.
Iritzi bat, beste askoren artean. Patxi Lurra ere handik ibili zen. Zer diozu zuk, Lurra jauna?