Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola / Julio Ibarra, kontrastatu gabeko informazioa

Julio Ibarra, kontrastatu gabeko informazioa

gabiria 2005/10/18 09:10

Giza miserien aurrean ezin da miserable jokatu, baina beti gertatzen da miseria hori bizi ez duenaren aldetik ematen dela jokamolderik miserableena, beti.

Atzo Julio Ibarrarenak ez zuen izenik izan. Ohituta gaude bere iritzietara, eta, behin azaldu nuen moduan, bengantza atzeratuz entzuten ditut esaten dituen astakeria batzuk, Jose María Callejaren itzala oraindik gainetik kendu ezinda banu bezala.

Atzo gertatu zena, baina, iritzitik harago joan zen (Josu Martinezek esan zuen moduan, "alkimia moraletik haratago"), eta iritzia barik albistea eman zuen: gezurra zena baina, egia izanda ere, hobeto geratuko litzatekeena ezer esan gabe.

Aintzane Garai neska gaztea hilda aurkitu zutela eta, berriemaileek albiste osoa eman ostean, Julio Ibarrak ere bere aportazioa egin behar izan zuen: "se da la trágica circunstancia de que, al parecer, las madres de Aintzane Garai y Laura Orue son primas".

Sentsazio txar batekin geratu nintzen: ze ekarpen egiten dio xehetasun horrek albisteari, ez bada aipatutako familia bi horien mina handitzea? Ze beharrizan kaka mugitzeko, "al parecer" sendo horren babespean?

Gauean, Radio Euskadin, esan zuten familia bien arteko senidetasunari buruz bolo-bolo zabaldu zen informazioa faltsua zela.

Kazetaria ez den honentzat ere, erraza dirudi albiste hori egia den konfirmatzea: telefono dei pare batekin, atoan jakingo duzu ama horiek lehengusinak diren. Baina Julio Ibarrak ez zuen horrelakorik egin: kondaira urbanoa berehala sortu zen, zurrumurrua bere belarrietaraino heldu zen, eta, ezer konfirmatu barik, albiste bihurtu zuen FOAF hori.

Honi, gehitu Anjel Lertxundik gaur idatzi duen artikulua, eta Julio Ibarraren atzoko show lotsagarria konpleto izango duzue. Seriotasuna eskatzea, une honetan gutxi da: errespetua, edozeren aurretik.

etiketak: Hara-honakoak
Auzokidea
Auzokidea dio:
2005/10/21 16:49

Hemen jentea estresauta ikusten dot! Hartu patxadaz gauzak.

"Gutakoak" eta "gutakoak ez diranak" neurtzen hasi behar gara, ala? Hemen danon iritxiak izango dira inportanteak, suposatzen dot, ez "gutakoena" bakarrik. Esateko zeozer dekonak blog bat sortu behar badu, erantzun barik geratuko dira blog danak edo dana "blogeatu" egingo da.

Julio Ibarra langabezira bidali nahi dabenei be, trankil! Ez da hainbesterako izango! Batzutan egiten dauzan loturak "forzatu" xamarrak dirala bale, baina hortik INEMera bidaltzea be! "Inpresentable manipulatzaile" dino Janinek. Ez dakit holan dan (ez da hori nik berari buruz dodan iritzia), baina Julio Ibarraren aurrekoak ezagutu ditut nik eta argi daukot zein nahiago dodan. Batzuk ahaztu dabez Calleja, Txetxu Ugalde eta konpainia.

matxalde
matxalde dio:
2005/10/21 22:46

Zorionak!! Zuri, Julen! Zorionak bloga bizirik dagoelako. Zureari lotutako katebegiak irakurri ditut eta pozten naiz iritziez, haserreez, kontraesanez, irakurleez. Irakurtzen da, ergo bizirik dago. (A! Orain urte batzuk -Lizarran izarra; ez ibarra, e!- preso politikoei buruzko informazioa "normalagoa" izaten hasi zenean telefiestan, aurkezle hori oso ondo ikusten zuen jende ugari topatu nuen, enroilatua omen. Orain, ordea... Noski, batak ez du bestea justifikatzen) Ba, hori, esandakoa, zorionak, Julen

mahen
mahen dio:
2005/10/20 14:49

Julen ezagun hori: Ez zaitez umelez hasarratu... Zenbat kubata hartu dituen, gero munduari esateko, kontatzen duen mozkortiarena deritzot zeure lista horri. Bakarrik dinot, zuk kazetari honegaz, berak (dirudienez) egin duenaren t'erdia egin dozula: nahiz ta datu oroak ez izan, publikoki zure iritzia emon. Ba dakit zuk kazetaria ez zarela esango doztazula, ezta nik ere idazlea (nabaritzen da ezta?) Neuratzako zer den garratzitzua? Zihurazki edozeinentzako txikikeria dena. Denpora daroat blog hau irakurten, geio ondino zeuri irakurten, hemetik aurrera neure eritsiak regularki idazten saiatuko nahiz (ez bazaizu txarto iruditzen), eta neure eritsi eta berbatan igerriko dozu neure benetako izena, jakin badakizulako.

Julen
Julen dio:
2005/10/20 15:07

Aupa Mahen,

ez naz hasarratu! (internetek hori dauka, abotsaren tonua ezin dala igarri). Julio Ibarrak hasarratu ninduen lehengoan, ez zuk. Baina puntuz puntu erantzungo deutsut:

  • Nire zerrendaren arrazoia ez zan harrotasunez erakustea zer idatzi dodan, baizik eta erakustea niretzat zer diran gauza inportanteak (Euskaltelen kontua da garrantzi gitxiena daukana zerrenda horretan). Euskeraren egoera nire izekoren arnasestuak baino inportanteagoak dira? ba ez dakit, baina igual ez. Adibidez.
  • Dinozu nik egin dodala berak egin dauenaren tŽerdia. Bale. Esango deutsut zer egin dodan: berak esan ebana hemen idatzi ("dirudienez" dinozu: nik halan izan zala ziurtatzen deutsut, eta konprobatzea oso erreza da) eta publikoki nire eritxia emon. Mahen: hau nire bloga da, hemen nire eritxia emoten dot egunero. Horretarako da bloga. Eta nire eritxia kazetaritzaren funtsezko printzipio baten oinarritzen da: informazioa kontrastau egin behar dala. Julio Ibarrak ez eban hori egin, eta ondorioz guzurra esan eban. Letra guztiakaz, Mahen: guzurra. Igual guzur horrek ez dau eukiko inongo garrantzirik, baina guzurra izan zan esan ebana, eta hori ezin da permitidu (hori ez da eritxia emotea: hori kazetaritzaren printzipio etikoa da, eritxietatik aparte).
  • Pozten naz benetan aspaldi bazara nire irakurlea, benetan. Eta oindino gehiago poztuko naz blogean erantzunak erregularki emoten hasten bazara. Izen honegaz be bai, esan neutsun atzo bardin jatala. Segidu niri kontra egiten, saltsa apur bat sortzeko ;-)

Tira ba, aber laster asmatzen dodan nor zaran!

janine
janine dio:
2005/10/20 22:23

Julio Ibarrak egiten dituen loturak lotsagarriak dira telebista publiko batean. Kazetari on asko egongo dira ETB, ea noiz kentzen duten inpresentable manipulatzaile hau.

Oliverio Mackarrinho
Oliverio Mackarrinho dio:
2005/10/21 14:19

Mahen,

neuri be inportantea iruditzen zait, edo blog baten jartzeko modukoa behintzat, askotan besteengan kritikatzen duguna "gutakotzat" dugun batek egitean kritikatzea.

Julio Ibarraren kasuan gainera, ez da ez lehen ez azken aldia. Ala txikikeria deritzozu Andu Lertxundik batu duenari ere?

Edozein modutan, oso erreza daukazu, honelako gauzek aspertzen baizatuzte. sortu ezazu zeuk zeure bloga eta berba egin bertan gura duzunaz.

Nik egunero irakurriko zaitut.

Xabi Aigrre
Xabi Aigrre dio:
2005/10/18 18:18

Albistea idatzi editoreak baino erredaktoreek egiten dutelakoan nago . ..

mikel
mikel dio:
2005/10/19 01:59

Aurkezleak pantailan irakurtzen du albistearen testua, eta badira horretara mugatzen direnak. Baina, naturaltasunaren bila, batzuk erabiltzen dituzte hainbat trikimailu, muletilla, eta antzekoak, beti inprobisatuz. Eta Julitori asko gustatzen zaio loturak egitea. Arazoa da beti egin behar dituela, berdin diola nola egiten dituen, eta ez dakiela esaldiak amaitzen. Hortik egiten dituen txapuzak.

mahen
mahen dio:
2005/10/19 20:13

Ez zait hainbesterako iruditzen komentarioa, lehengusinak izan nahiz ez, zoritxarra berbera da. Hobe zendukete gauza garrantzituetaz berbaitea, kazetari baten esaldia bere burura biderkatua bota baino.

Julen
Julen dio:
2005/10/19 22:51

Mahen ezezagun hori:

Une honetan nire bizitzak argi izpi bat behar du, kandela bat kobazuloaren ilunean.

Mesedez, esadazu: zer da zuretzat gauza garrantzitsu bat?

Izan daiteke, akaso, hauetakoren bat?

-Andres Urrutiaren deklarazio batzuk?

-Bertso sorta zahar bat zelan deskubritu nuen?

-Nire izekok zelako ahaleginak egin behar dituen arnasa hartzeko?

-Eduardo Galeanoren poema baten itzulpena?

-Joxe Aranzabali zelan lagundu zion bere arreba Fatimak?

-Bilboko kale bati buruzko kronika?

-Azkunari egurra ematea?

-Euskararen fartsa?

-Euskaltel taldearen ibilera?

Mesedez, esadazu zer den zuretzat garrantzitsua, eta hortik aurrera egingo dugu berba (eta lasai: ez dizut eskatuko zure benetako izena jartzeko).

xabi
xabi dio:
2005/10/18 18:03

Katea honakoa da: editoreak bere albistegiko gaiak erabaki eta kazetariei banatzen dizkie, zuk honen eta honen adierazpenekin kronika politikoa, zuk Irakekoa, zuk Bakioko hilketa. Teorian berea da erabakia, bistan da presio ugari ere badituela, batetik eta bestetik hau eta beste sartzeko (larunbatean Boroako manifa eman eta igandean zentral termikoaren publirreportaje hutsa albiste-itxuran). Gero presioa kazetariari doakio: editore batzuk gaia eman eta bere mahaira doaz, besteek ia xehe-xehe eginda ematen diote, kazetariari gaia mamituta, errazago baina beretik ipintzeko aukerarik gabe. Hortik aurrera kazetariak idazten du albistea, telefono deiak eginda, teletipoetatik, bertara joanda... gero ordenagailuan minutu baten bueltan uzten du guztia. Baina albistea ez da bere bideoan hasten, aurkezleari (kasu batzutan, editorea bera dena) idatzitako sarreratik baizik. Hori garaiz egin behar du, aurkezleak, berak irakurri behar duenez, bere tonura moldatuko baitu testu hori. Logikoa denez, horretarako ematen du berak aurpegia. Bada, hori da albistegietako "katea"

azpi
azpi dio:
2005/10/18 17:24

Nik aspaldi utzi nion Julio Ibarraren albisteak entzuteari. Orain, albiste biren tarteko loturak entzutera dedikatzen naiz, bihotz-arima.

Harrigarria da. Ez dakit puntu eta aparte bat egiten. Derrigor tartean zerbait sartu behar eta, askotan, patetiko geratzen zaizkio gizonari.

Patxi
Patxi dio:
2005/10/18 13:34

Ados nago zurekin, baina nere zalantza hau da: Julio Ibarrak zer egiten du, idatzita duena irakurri? Berak idazten du?

Pásalo tarteka ikusi izan det, eta atentzioa deitzen dit beti ze ekilibrioak egiten dituzten aurkezleek, tonu eta hiztegi jakin batetik ez aldegiteko.

Iruditzen zait aurkezleek oso estu izan behar dutela lotuta gerrikoa, eta sentitzen, pentsatzen ez dituzten gauza asko esan.

Ez dakit ordea. Gustora jakingo nuke, honetaz gehiago dakien baten ikuspegia.

Patxi
Patxi dio:
2005/10/18 16:24

Ez nekien editorea zanik. Hala ere, editorearen gainean, zuzendaria ez dago?

Albistegiek izugarrizko garrantzia dute. Gustora jakingo nuke, idazten diren momentutik, ematen diren momenturaino, ze "kate" jarraitzen duten.

Albiste hau hala ere, ez zait iruditzen oso galbahe finetik pasatakoa danik.

Beste asko bezela. Askotan geratzen naiz ni seko harrituta, nola ematen diren albiste asko. Ze garrantzi ematen zaien, edo nola erredaktatzen diren. Batzuetan batere konturatu gabe irensten ditugu. Beste batzuetan justu justu konturatzen gera.

Konturatzen geranean, salatzea komeni da, nola ez ba!

_

Jozulin
Jozulin dio:
2005/10/18 16:04

Nik dakidala, Julio Ibarra albistegiaren editorea da; beraz, berak idazten du esan beharrekoa. Berea da erantzunkizuna.

amentxe
amentxe dio:
2005/11/27 21:03

pozten naiz Julio Ibarra azkenik ETB-etik joan delako (bazen ordua). Nola ikusi zaion plumeroa..!!!! PNV-ari ez dio ezta behin ere kritikatu...neretzat beti izan da izugarrizko manipulatzaile bat, Eusko Jaurlaritza eta EAJ-PNV-ren onespenakin. Lotsagarria benetan. Esaten dituen berriak eta nola esaten dituen...!!!! NI Abertzaletzat jotzen det neure burua, baina, hala ere...lotsa emateko modukoa zer Julitoren notiziak emateko modua. Ea kazetari normal bat jartzen digute...dena den, esperantza gutxi daukat. Agur bero bat.

janine
janine dio:
2005/11/02 18:46

Pasa den astean: Juliok Alfa urakanak Nikaraguan eta Hondurasen egindako kalteak eta Castejonen izandako auto istripu bat lotu zituen trankil-trankil, bietan ura zegoelako tartean. Esango didazue.

Julen
Julen dio:
2005/10/27 14:10

Eibartarrak posta-zerrendan atera du primizia Mitxel Sarasketak: Julio Ibarra badoala ETBtik, Metro Bilbaoko komunikazio arduradun izateko.

Susmo horri, gero, Amatiñok erantzun dio: "Badoala, seguru gero", esan du. Badoa, beraz.

Julen
Julen dio:
2005/10/22 11:34

Bloga siestan egon da, eta horrela jarraituko du: siesta goxoan, noizbehinka esnatuz eta berriro apur baterako lokartuz. Eguneroko erritmotik apur bat aldenduago, baina bizirik.

Eta bizirik, batez ere, zuoi esker.

Eskerrik asko, Matxalde eta beste guztioi!

Julen
Julen dio:
2005/11/28 21:30

Tira, tira... txoko miresgarri haundi... pasatu ere ez gara egingo e!! Joxan Ormazabal idazleak esango lukeen moduan, txoko txiki txukuna. Horrekin konformatzen naiz.

Baina ze gustura hartzen diren loreak!

manex
manex dio:
2005/11/28 20:56

Nik zure kritikea gehiegizkoa dala esatea baño, esan gure nebana jenteak larregi kritikatu deutsola da. Horren adibide, abertzaletasun eza eta Pnvri faboritismoa egin ei deutsonaren kritika bat irakurri neban zure blogean neska batek idatzita. Ni ganera zuk diñozunagaz ados nau. Halaber, jenteak bidali deutsuzan erantzunetan, kritika aho beroak irakurri leikez.

Jakin, irakurle fidel bat gehiau dekozula zure txoko miresgarri HAUNDI hontan.

by manex

Julen
Julen dio:
2005/11/28 20:40

Nik ere uste dut asuntua apur bat eskuetatik joan zaigula.

Blog honetan idatzi nuen iritzia osatzeko, beste erantzun hau idatzi nuen Edorta Aranaren blogean, eta horixe da (eta ez besterik) nik uste dudana gai honi buruz.

Eskerrik asko, Manex, animoengatik.

Manex
Manex dio:
2005/11/28 16:18

Uste dot exageretan zabiziela dana. Hainbesterako modukoa ez jat irudituten niri. Egie da kagada politek in dauzela kazetari moduen, baia hori guk be ein geinke, eta berez, eingo doguz, gure beharretan. Horrenbesteko jipoi kritikoa eztau merezi. Oin teleberrie itxi dauela, ikusiko dogu bere ordezkoak nibel gehau edo gitxiau dekon, baia akatsak krikiketan diren moduen, in dauen lana be goraipatu behar geunzkio.

Zorionak Julen blogagatxik.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.