Sutara
Joan den astean, Eroskiko poltsa bat hartuta, etxeko liburu batzuk sartu eta erretzera eraman nituen, San Joan suetara. Ez zen lan erraza izan: ez asko kostatu zitzaidalako nire apaletako liburuei agur esatea, baizik eta liburu txar guztiak ez zitzaizkidalako poltsa txiki hartan kabitzen. Zakarretarako poltsa beltz handi horietako bi hartu behar izan nituen, beraz.
Hantxe agertu nintzen, bada, poltsekin. Segituan etorri zitzaidan andre bat, harrituta, kezkatuta, fedea galdu ote nuen galdezka. Ezetz erantzun nion, lehen bezala edo gehiago sinisten nuela. Orduan, nire jokaera are okerragoa zela esan zidan, pertsona kabalak ez dituelako liburuak botatzen. Ea inkisidoreen moduan jokatu gura nuen, ea ez zitzaidan bururatu liburuok liburutegira eramatea. Gazteek gutxi irakurtzen dutela lehendik ere, eta ez emateko eredu txarrik.
Ze gustura ikusi nituen erretzen, ze pozik egiten zuten gazteek salto suaren gainetik! Liburu haien artean, o sakrilegioa, euskal literaturako zenbait ale zeuden. Liburuak sakratutzat baditugu, zer esanik ez gure hizkuntza nano eta jainkotuan idatzitakoak badira. Liburuei modu desberdinean begiratu nien lehenengo eguna ikastolan izan zen, munduko jakituria guztia liburuetan dagoela esan zigutenean. Literaturari dagokionez behintzat, hori gezurra zen, baina sinistu egin nuen. Institutuan esan ziguten liburuak goitik behera irakurri behar zirela, eta sinistu egin nuen. Orain, galdetzen didatenean ea garrantzitsua den liburu-azokak antolatzea, erantzuten diet ez dakidala literatura bera garrantzitsua ote den. Ez: literatura ez da garrantzitsua. Literatura gozamena da, leiho ederra; baina garrantzitsuak, benetan garrantzitsuak, beste gauza batzuk dira, sarritan ahaztu egiten ditugunak. Hori esanez hasi nintzen atal honetan, 2003ko azaroan, eta horrelaxe amaitzen dut.
Plazer bat izan da. Ondo esandakoak zuentzat opari. Txarto esandakoak, badakizue: sutara.
Irakurzaletasuna sustatzeko edo, Frantzian, hain zaletuak beraiek, gazteei "irakurtzeko-txekea" ematea proposatu dutela irakurri dut. Hau da, politono, garagardo edo porroetan gastatu ezinezko txekea; bakarrik egunkari edo liburuak erosiaz xahutu daitekeen txekea.
Bestalde, ezagutzen dut tipo bat inoiz lagun arteko afarietara etxean soberan dituen liburu kaja batekin joan dena, liburu guztiak bertan banatzeko asmo xelebrearekin :-)