Barrenkale Barrena (II)
Eskuratzen duzu Mp3 entzungailu bat, eta hiria aldatu egiten da. Ilusioa izango da, baina ematen du mugimenduak zure soinuaren aginduetara daudela, obrako gizonak Horace Silverren pianoaren tempoari jarraituz altxatu duelako porlanez betetako zakua, Horace Silver existitzen dela ere ez dakien arren, eta, gutxiago oraindik, beragandik hain hurbil Blues for Monique jotzen ari dela ez dakien arren, ondotik pasatzen ari zaion betaurrekodun haren belarrietan.
Eta zebrabidea zeharkatzen ari den jendeak gospela dauka ariman sartua, goizean, etxetik irtetean, aitaren egin beharrean erritmo txute bat hartu izan balute legez. Baina ez: kontu zikinegia da txute hitza Bilborentzat. Hori San Frantzisko auzorako uzten da, bizimodu zuritik urrun, Bilbo berriaren alfonbrapean. Ilusio optiko edo sonoroa izango da, beraz, jendearen gospelarena. Ilusioa da pentsatzea Bilbok soinu banda duenik ere. Lekutan dago 1980an Ruperrek Atxagaren poemak kantatzen zituenekoa, zubiak, kale-garbitzaileak, sukalde proletarioak. Urrunago MCD, Eskorbuto, Zarama edo Parabellum, ez urtetan baina bai jarreran. Hurbilago, baina ez gaurkoa moduko egun eguzkitsu baterako, Doctor Deseo.
Indautxutik irten eta ez naiz heldu Barrenkale Barrenara, Abandoko geltokiaren parean etxera zetorren autobusa topatu dut eta. Baina bidean, ikusi ditut Indautxuko komisariako poliziak, fusilak eskuetan, galdutako turista birekin berbetan; Alondegiaren aurrean, ikusi dut itxura ez hain txarreko emakume bat mozkortuta, zapatak kentzen; aitak zaplazteko bat eman dio seme txikiari, eta umeak ez du negar egin; Fernández del Campo kaleko telebista-dendaren aurrean, agure bat arrastietako talk-showa ikusten; lau brasildar berbetan, bati qué horror ulertu diot; begetarianotik bikote bat irten da eskutik helduta eta, kalea zapaldu bezain laster, askatu egin dituzte eskuak: gizona zaharra zen, neska gazte-gaztea; Blas de Oteroren jaiotetxea ikusi dut Hurtado Ametzagan, gizon bati begiak joan zaizkio zebrabideko ijitoaren eskotera. Gero autobusa hartu dut, eta leihoaren atzetik jarraitu dut jendearen gospela, ilusio sonoro hori.
Julen, egin dozu nonoz aproba "Les mecaniciens" en -desioren zapatak-entzuten, aurrean daroazunaren zapatei begira joatea? kontauko deustazu!