Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola / Barrenkale (II)

Barrenkale (II)

gabiria 2005/05/04 08:07

Begiak zabalik, kieto, hormaren kontra egon nintzen horietako batean, nire ezkerreko belarriaren ondotik neska batek oihu egin zuen: "Vaneeeeee!". Bera zen. Izan behar zuen. Patxik abisatu zidan, eta, geroztik, sarritan ikusi dut. Ezagutu, lehen ere ezagutzen nuen, baina izena jartzea falta zitzaidan, eta hori Patxiri zor diot. Vanessa ez dela neska bakarra esan zidan: Vanessa, Vanessak direla, azken tribu handia. Esan zidan kontuz ibili behar nuela eurekin, sorginak zirela. Erretratua zehatza zen oso: plataformak, dena ondo markatzen duten kanpaidun praka arrosak, piercingdun zilborra agerian uzten duen kamixeta laburra, ile lisua (aukeran, ile beltz naturala, botilako hori barrakeroa edo metxa laranjak fondo beltzaren gainean) eta uztai formako belarritakoak. Beste pista bat ere eman zidan: Vanessak, askotan, ez dira Vanessa deitzen, baina beti egongo da Vanessaren bat tartean, tribuko gurua, hain zuzen. Gainontzekoak Ainara deituko dira, esate baterako. Eta derrigorrezkoa: euren artean oihuka komunikatzen dira, esku batean zigarroa daramatela, besoa -erakunde autonomo hori- altuera erdian balantzaka, parean tokatzen zaien edonor erretzeko puntuan. Iturri fidagarrietatik jakin dudanez, Vanessa batek zigarroarekin erretzen bazaitu, zugana joan eta alkandora astintzen dizu errautsa kentzeko, eta lehenengo kontaktu hori galbidea da: maitemindu egiten zara berarekin, alkandora astintzeko modu horrekin, bere azazkal pintatu eta ipurdi estuarekin, kamixeta laburraren azpitik irteten den gerri txitxiarekin, eta orduan akabera da: zu bere Charly bihurtzen zara apurka-apurka, eta denbora gutxi beharko duzu plastikozko praka eta jaka zuriak erabiltzen hasteko, eta betaurreko ilunak, eta ilea bale-koipez bustiko duzu eta rottweiler bat paseatuko duzu Zazpi Kaleetatik, eta zeure burua tunningduko duzu, eta Gueñesko kartingeko bazkide egingo zara, eta kotxeko antenatik sokatxo laranja bat zintzilikatuko duzu, eta okerrena da Vanessarekin seko maiteminduko zarela, eta okerragoa akaso: bera ere zurekin seko maiteminduko dela.

etiketak: Bertan Bilbo
asel
asel dio:
2005/05/04 14:42

aukera bakarra geratzen jaku arrisku horreetatik libratzeko: Alde Zaharretik aldendu eta indiar erreserba bat sortu Bilboko beste tokiren baten, ondino Vanessek kolonizatu bako bazterrik lotu ezkero... Piloa gustatu jat, askok sentitu dogun sentimendu kontraesankorra ezin da hobeto kontatu. Pololoak liburu parebakoan dagoen PoLolitaren irudia berbetan ipinita :-D zahar lizunak bilakatzeko prozesuan ete gagoz?

l.k.
l.k. dio:
2007/11/14 22:37

Beno, guk, koadrilan holako neskeei "Yenis" esaten diegu ("Por ahí viene una Yeni" horrela, gaztelaniaz); Jennifer-etik dator hain zuzen, Vanessarik ez dagoenean Jennifer bat egongo da eta, edo bestela Jessica.

vane
vane dio:
2005/05/04 20:34

agure buru zuri oilandazalea, nork erakatsi deutsu gurera bidea?

Jozulin
Jozulin dio:
2005/05/05 11:48

*Amoratzea gazteentzat loratzea, zaharrarentzat xoratzea.

*Ardi zarrak, lagun gura.

*Ez gizona, ez erlie, lora zarretara ez doye.

*Neskatilla maratilla, ipurdixen korapilla.

(;-D

Vladimir
Vladimir dio:
2005/05/05 23:55

What drives me insane is the twofold nature of this nymphet - of very nymphet perhaps; this mixture in my Lolita of tender dreamy childishness and a kind of eerie vulgarity, stemming from the snub-nosed cuteness of ads and magazine pictures; and from very young harlots disguised as children in provincial brothels.

  1. N.
el madriles
el madriles dio:
2005/08/07 03:16

Kaixo el madriles naz. Batan bat ondiño be akordauko da nigaz. 1983ko inundaziñoetan itota agertu nintzan Barrenkaleko taberna baten... Portaletan lo egiten naban ta behin ondiño be "sietecalles"etatik ibiliko dan batek, bere taberna itzi osten bertan lo egiteko. Giltzaz sarratute euen ta gabaz ur igoten hasi ta han gelditu nintzan... Patxu batzuk danori

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.