Hemen zaude: Hasiera Blogak Periferiatik, erral Artxiboa 2009 Maiatza

Artxiboa Maiatza 2009

Ubuntu Errezetak: Chromium nabigatzailea Ubuntun

Googlek irailean argitaratu zuen Chrome nabigatzaile berria. Windowserako bertsioa argitaratu zuen bakarrik, ordea, eta Chromium izeneko kode askeko nabigatzailean oinarritzen zela esan. Egia esan, aspalditik ez dut Windows erabiltzen, gauza jakin eta konkretu batzuetarako bakarrik darabilt, bai etxeko ordenagailuan eta baita eramangarrian ere, eta oso gutxitan erabiltzen dut Windows nabigatzeko.

Hala ere, orain dela hilabete pare bat eramangarrian birtualizatuta daukadan Windows-ean Firefox nabigatzaileari hastea asko kostatzen zitzaiola-eta, Chrome deskargatzea erabaki nuen. Bere azkartasunak txunditu ninduen. Oso azkar irekitzen ditu webguneak, fitxa berriak, aukerak, ...

Orain dela pare bat aste, Chromium proiektuaren webgunera sartu eta Linuxerako bertsiorik zuten begiratzen hasi nintzen eta baita aurkitu ere. Eguneroko konpilazioen emaitzak deskargatzeko aukera dago eta beraz, egun hartakoa jeitsi eta proba pare bat egin nituen.

Gehiago inbestigatu eta eguneroko konpilazio horietatik, Ubunturako deb paketeak sortzen dituen proiektua ere aurkitu nuen Launchpad zerbitzuan. Gaur bertan instalatu ditut pakete horiek eta mezu hau nabigatzaile hori erabiliz idazten ari naiz. Oraindik gauza asko ditu egin gabe. Hobespenen leihoan ez dago ezer aukeratzerik, java eta flash pluginak ez dabiltza, ez dago gehigarriak instalatzerik, ... baina webguneak oso azkar irekitzen dira, fitxa berriak berehala irekitzen dira, eta onena: ez du Firefox-ek beste memoria jaten.

Beraz, zuen Ubuntuan Chromium nabigatzailea instalatu nahi baduzue, jarraitu pausu hauek:

  1. Ireki software jatorrien kudeatzailea: Sistema -> Administrazioa -> Software-Jatorriak
  2. Joan "Third Party Software-a" fitxara, egin klik "Gehitu" botoian eta idatzi lerro hau: deb http://ppa.launchpad.net/chromium-daily/ppa/ubuntu jaunty main
  3. Egin klik berriz "Gehitu" botoian eta idatzi lerro hau: deb-src http://ppa.launchpad.net/chromium-daily/ppa/ubuntu jaunty main
  4. Zuen Ubuntua ez bada Jaunty, jaunty beharrean bertsio izena jarri beharko duzue (hardy, intrepid, jaunty eta karmic bertsioetarako paketeak daude).
  5. Ireki nabigatzaile bat, gorde chromium paketeen gako hau fitxategi baten eta joan berriz "Software Jatorriak" aplikaziora. Bertako "Autentikazioa" fitxan "Gehitu" botoian klik egin eta aurretik gordetako fitxategia inportatu.
  6. Egindako aldaketak gorde eta paketeen informazioa eguneratzeko eskatuko dizu. Eguneraketa hori egin.
  7. Ireki Synaptic pakete kudeatzeailea: Sistema -> Administrazioa -> Synaptic, aurkitu "chromium-browser" paketea eta instalatu.
  8. Abiatu Chromium: Aplikazioak -> Internet -> Chromium Web Browser

Probatu eta kontatu zure esperientzia !
Mikel Larreategi 2009/05/30

Coveritlive = txat?

Barcelonaren lehenengo gola ospatzeko, Mikelen purrustadetako bat

Azkenaldian modan dago Twitter, lanean inguruan ditudanak hor ibiltzen dira "zera ikusi dut Twitterren", "harek beste hura esan dit Twiterretik" eta antzekoak. Orain dela aste batzuk Luistxo etorri zitzaigun tresna bat aurkitu zuela eta Sustatu.com-en proba bat egin behar zuela esanez. Esan eta egin EGA azterketen prestaketan laguntzeko tresnen aurkezpenean probatu zuen. Twitter bidez zuzeneko ebentu bat jarraitzeko tresna zela esan zigun.

Egia esan, ez nion kasu gehiegirik egin kontu hari. Handik aste batzuetara, martxoaren 1eko Hauteskunde gauaren jarraipenarekin antzeko zerbait egin zuen Sustatu.com-ek. Orduan bai, orduan jarraipena egin nuen eta halako sentsazio arraro batekin irten nintzen: hau ez al da ba txat bat? Hori da hurrengo egunean bulegoan galdetu nuena, eta baiezko moduko bat esan zidaten.

Gaur gauean ere Athletic-Barça partiduaren jarraipena egiten ari dira Sustatu.com eta Berria.info eta bertan ikusten dena txat arrunt bat dela iruditzen zait. Jendeak Twitter bidez idatziko ditu bere mezutxoak. Edo Sustatu.com eta Berria.info-n jarri duten flash pegata horretan idatziko ditu, baina zein da honen eta garai bateko IRC kanalen bidezko txataren arteko aldea?

Ondo dago modan egotea, baina gauzei bere izenetik deitzea ere ondo dago, ala? Coveritlive txat bat da ez.

P.S.: azkenaldian gehixeago idazten dut blogean. Eibar.ORG zerbitzariz aldatu dugu eta askoz arinago dabil dena orain. Gozada bat da hemen idaztea!

P.S. 2: inork ezer esan aurretik, badirudi Coveritlive horixe dela, txat tresna bat, Twiterreko integrazioa ondoren gehitutako zerbait omen da. Nik Twiterrekin zuzenean lotutako zerbait zela uste nuen, horregatik purrustadarena, baina beno, txat bat baldin bada, ba hori, txat bat da.

Mikel Larreategi 2009/05/13

Argitu du eguna gaur ere

Azken egunotan batak eta besteak esan dituenak irakurrita bazirudien Patxi Lehendakari izanda mundua amaitu egingo zela.

Maiatzaren 6a da gaur, jada 12 bat ordu igaro dira Patxi Lehendakari denetik eta mundua ez da amaitu. Urduri zeundeten guztiok, lasai !!! Ez da ezer gertatzen-eta.

Aldaketa nabarmenen bat igarriko ote dugu bada gure eguneroko bizitzan? Patxik ordainduko ote du zure etxearen hipoteka? Edo ganorazko alokairuko etxe bat zure ordez aurkitu? BBK bankarrotara eramango al du hipoteka dutenen pozerako? Ez. EAJ, EA eta EBk hori egin ez duten bezala.

Orain arte gisa, agian PPren influentzia gehiagorekin, hitzaldi potoloagoekin "libertad" hitza gehiagotan esanez, baina gauzak ez dira egunerokoan aldatuko. ETB1etik ez da euskara desagertuko, ikastola/eskola publikoetan euskaraz ikasten jarraitu ahalko da. Agian ETBko eguraldiaren mapa desagertu egingo da, ez ditugu Osasunaren partiduen laburpenak ikusiko eta Otegi ez dute EiTBn gehiago elkarrizketatuko.

ETA ere ez da aldatuko. Berean jarraituko du.

Baina hau guzti hau esateko ez da Rappel izan behar ala?

Mikel Larreategi 2009/05/06

Trenaren zain

Asteburuan pentsakor ibili naiz. Gauza askori buelta asko ematen. Larregi agian.

Igandeko azken pentsakerei kasu eginez-edo, blogeko goiburukoak aldatu ditut. Periferikook trena ere badaukagula demostratzeko, Eibarko tren geltokiaren argazki bat. Josuk Flickr-era aspalditxo kargatua. Ez naiz batere artista horrelako gauzak egiten eta agian txapuzeroa irudituko zaizue, baina horraino heltzen naiz. Eta goiburu berria estreinatzeko, Ken Zazpi taldearen "Trenaren Zain"...

Mikel Larreategi 2009/05/03

Mikel Larreategi

Mikel Larreategi Arana

(Eibar, 1981). Informatikaria ikasketa eta ofizioz, CodeSyntaxen egiten dut lan Eibar.ORG bezalako webguneak egiten. Ikastolan nengoela xakean jokatzen hasi nintzen eta horretan jarraitzen dut, eta 2006tik Eibarko Klub Deportiboaren presidentea naiz. Xakeak eta Klub Deportiboak, horretxek jaten dit nire denbora.

Goiburuko irudia Barcelona da. Orain dela urte batzuk bisitatu nuen hiria eta asko gustatu zitzaidan. Irudia nondik hartu nuen ez dut gogoan (lehen jarrita nuen baina aldatu egin nuen eta berriz itzuli eta galdu egin dut kreditua. Baina haren CC-BY-NC lizentziak dioena jarraituz kreditua ematen diot. 

Azken erantzunak
halaxe da bai... Oier A., 2012/01/20
Arrazoia! e-gor, 2011/11/17
Autogestioa Txopi, 2011/10/17
Bizikletak Herbeheretan Trebi., 2011/09/03