Hemen zaude: Hasiera Blogak Periferiatik, erral Artxiboa 2006

Artxiboa 2006

Ergatiboak behar zaitu!

Orain urtebete inguru erosi nuen Zaldi Eroaren De Rerum Natura komikiaren bilduma-liburua. Egunero Berria egunkarian argitaratzen diren komiki-tiren bilduma ederra da benetan, eta ederragoa orain tira hori internet bidez kontsultatzeko aukera. Sustatun aspaldi komentatu zen bezala Zaldi Eroaren RSS jarioa daukagu Eibar.ORG-en.

Aspaldian ez dut tira horretako nire pertsonaia faboritoa ikusi Mitxelena XVI.a, eta liburuko tirak irakurtzeak benetan barre dezente sortarazi dit.

Mitxelena XVI.az gain, The Organizationen istorioak edo "Día de la Vasquidad" ospatzeko dohaineko aholkuak ere oso onak dira ("Lau Haizeetara" saioaren aparatua marrazten Trebiñoko zeruan: "Arabako bihotzean, mendez mende euskaldun izandako lurrak mar mar mar mar mar!! ")

Ea Mitxelena XVI.aren kontuak laster itzultzen diren, eta bitartean ez ahaztu gazte, Ergatiboak behar zaitu!!

Ergatiboak behar zaituErgatiboak behar zaitu Hosted on Zooomr

Mikel Larreategi 2006/12/23

Ajedreza interneten

Behingoz etxeruntz eingo dot eta gaur ajedrezari buruz idatziko dot. Interneti buruzko txoko honetan ajedrezari buruz idaztiak ez dau zentzu askorik eukiko bat baino gehixagondago, eta igual arrazoia daka, baina egixa esan Internetak bultzakada haundixa emon detsa gure kirolari, izan be, Internetez praktikau leikian kirol bakarrenetakua (bakarra ez bada) da-ta.

Aspaldi entzun neban Deporreko xakelari izan zan Jose Mari Kruzeta zanak Interneten ajedrezian jokatzen zebala, baina Deporreko beste jokalari batek Interneta ipini zeban arte ezin izan neban hori konfirmau. Eta bai, halan zan. Programa txiki bat deskargatu eta urteroko kuota bategaittik mundu guztiko jokalarixekin jokatzen hasi zan jokalari hori. Internet eta "punto com" enpresen boomakin batera Euskal Herrira be etorri zan Interneten jokatze hori Felix Izeta Maisu Handiari esker.

Orain Internet eta ordenagailuak erabiltzia xake zaletuon eguneroko ogi bihurtu da, eta aukerak be ez dira falta. Duan, zein ordainduta. Amerikanuak edo etxekuak. Xakelarixok aukera asko dakagu Interneten jokatzeko, eta hori gure kirola gizarteratu eta munduratzeko oso ona da. Nere aukeria ICC da (http://www.clubdeajedrez.com). Zuria?

Mikel Larreategi 2006/12/15

Herri Irratiaren aurkezpena Eibarren

Asteartean arratsaldeko 7etan aurkeztu zuen Herri Irratiak Eibarren zabaldu berri duen emisora. Zezenbide kaleko 3. zenbakian ireki dituzte lokal berri-berriak: bulegoa, irratsaioak egiteko kabina eta beste gela handi bat.

Lehenengo Bilbo eta ondoren Gasteiz izan ziren Herri Irratiaren jomuga, eta orain Eibar. Hiriburu guztiak konkistatu ostean, EAEko laugarren hiriburu honetara datoz.

Eta anfitrioi lanak egiten, Herri Irratiko langileez gain noski, bertako Zuzendaria: Alex Aranzabal eibartarra, beste asko bezala, milaka saltsatan sartuta dagona, eta beste gauza batzuen artean xakelaria eta nire xake irakasle/monitore izandakoa.

Zorterik handiena Herri Irratiari Eibarren hasi duen ibilera honekin. Eta hasieran Eibartik emitituko duzuen ordu t'erdia, ea laster bihurtzen den ahal den eta denbora gehiena.

Zorte on !

Mikel Larreategi 2006/12/13

Aurkezpenak beste era batera egiten...

Orain pare bat urte deskubritu genuen S5. Web estandarrak erabiliz Power Point erako aurkezpenak egiteko modua. Hain zuzen ere XHTML puruan aurkezpenaren testua idatzi eta CSS eta Javascript fitxategi batzuen bidez nabigatzaile on guztietan aurkezpenak egin ahal izateko aukera ematen du S5 honek.

Ez dauka misterio handirik, azken finean XHTML klase jakin batzuk erabilita CSS eta Javascript-a arduratzen dira aurkezpen itxura emateaz.

Hala ere, pixkat deserosoa egiten zitzaidan XHTML fitxategia hartu eta eskuz li, ul, h1 eta gainontzeko etiketak idaztea, eta hori beste era batera egiteko modua derrigorrez egon behar zela pentsatzen nuen.

Lehengo batean aurkitu nuen erantzuna Andy McKay-ren blogean: reStructuredText erabiltzea da soluzioa !!

reStructuredText Python lengoaiako docutils paketeak erabiltzen duen oinarria da, testu hutsezko fitxategien HTML, LATEX eta beste formatu batzutako dokumentuak sortzeko. reStructuredText ikastea oso erraza da, Zopek aspalditik dakarren StructuredText arruntaren antzekoa da, baina hark zituen arazo batzuk konpontzea eta beste aukera batzuk ematea du helburu. Adibidez, Python lengoaian idatzitako software asko eta askoren dokumentazioa reStructuredText erabiliz idazten da, beste batzuen artean Plone edo Zope beraren dokumentazioa eta baita doctest deitzen diren "dokumentazio-testak" ere (hauei buruz hurrengo batean idatziko dut).

Egin beharreko gauza bakarra, aurkezpeneko testua reStructuredText formatuari jarraiki formatu jakin bat jarraituz idaztea da, eta ondoren docutils paketean datorren rst2s5 scriptari deitu eta berak sortuko du testu fitxategi horretan oinarrituz XHTML fitxategia. Beste abantaila bat ere badu, gure beharretara egokitu dezakegu defektuz darabilen CSS fitxategia, eta CSS gai edo theme berriak oso erraz sor daitezke eta ondoren XHTML fitxategia sortzerakoan existitzen den theme horietako bat erabili.

Jarraian, adibide gisa sortu dudan aurkezpena ikus dezakezu, bai bere jatorrizko testuzko formatuan, eta baita XHTMLan ere:

Batetik bestea lortzeko komandoa:

rst2s5.py adibidea.txt adibidea.html

Existitzen den theme jakin bat erabili nahi baduzu:

rst2s5.py adibidea.txt adibidea.html --theme themeizena

(Defektuz dauden themeak ikusteko, begiratu zure Python instalazioaren site-packages/docutils/writers/s5_html/themes direktorioa. Berri bat sortzea, hor bertan karpeta bat sortu eta beharrezko CSS eta Javascript fitxategiak kopiatzea besterik ez da)

Guztia testu arruntean edukitzeak bi abantaila nagusi ditu:

  • Ez duzu XHTMLrik idatzi behar (tagak ondo itxi, eta istoria guzti horiek...)
  • Fitxategiak bertsio kontrolerako SVN bezalako zerbitzari baten integratu daitezke, eta oso erraz diff bezalako tresnak erabiliz egindako aldaketak kontrolatu.

reStructuredText delakoak ez du honetarako bakarrik balio, dokumentazio eta doctest-etarako ere oso ondo dago. Merezi du begirada bat emateak.

Linux munduan bada zurea, instalatu zure banaketaren pakete kudeatzailearekin python-docutils edo antzeko paketea (Ubuntu eta Debianzaleok apt-get install python-docutils).

Windows-a bada zurea, deskargatu docutils eta ondoren install.py fitxategiaren gainean klik bikoitza egin (Python instalatuta eduki behar duzu). Beharrezko rst2s5.py scripta (eta beste batzuk) erabiltzeko prest dago.

Mikel Larreategi 2006/12/12

Xakea Kirola da, Inglaterran ere bai

The Independent egunkarian argitaratua eta Susan Polgar-en blogean ikusia

Tori Garai. Horra beste motibo bat. Beste haiek esaten duten moduan "Nosotros no olvidamos". Ziur aski berak ere ez...

Mikel Larreategi 2006/12/10

San Andresak ondo pasatzeko bi aurkezpen

San Andres bezpera izan zen atzo eta gaur San Andres eguna. Jaieguna Eibarren.

Atzo eta gaur partehartze zuzena izan dudan bi webgune aurkeztu dira. Unibertsitatea.net eta Goiena.net

Biak Plone edukiak kudeatzeko sistemarekin eginak Zope plataformaren gainean. Ez dira izan lanean egin ditugun lehenengo Ploneak (aurretik publikoak dira Dantzan.com eta Mondragon Unibertsitatea ), baina hauek izan dira nolabait Ploneren tripak ikasteko baliogarri izan zaizkidan biak.

Ploneren trukoak ikasi, eduki mota berriak sortu, produktuak sortu, DTML baztertu eta ZPT idatzi, eta garrantzitsua izan den beste alderdi bat ere bai: kode guztia fitxategi sisteman idatzi eta SVN zerbitzari batekin sinkronizatuta eduki. Zope3 eta CMF/Plone munduan lan egiteko era zein den ikasteko ere balio izan didate proiektu hauek. Eta benetan esan behar dut ondo daudela nahiz eta bere gauzak izan.

Proiektu eta lan bakoitza bere horretan aztertu behar da eta dituen ezaugarriei erreparatu erabili beharreko plataforma zein den erabakitzeko. Ploneren aldeko apustua egin dugu eduki kudeatzaile sistemak behar dituzten proiektuetarako eta tresna oso ahaltsua da benetan milaka produktu ezberdin dituena.

Laster hasiko naiz proiektu hauetan ikasitakoetaz idazten. Ikasi ditudanak norbaiti baliogarri bazaizkio erabil ditzan.

Mikel Larreategi 2006/11/30

Karguan pisua

Aurtengo urtarrilean Eibarko Klub Deportiboaren presidente izendatu ninduten. Orduandik ez dut lehen egiten ez nuenik egin eta, adibidez, lehen bezala xakean egiten jarraitzen dut (lehen baino gehiago gainera), ostiraletan taldekideekin batera arratsaldez Deporren bertan biltzen naiz, eta larunbat edo igandetako txapelketetan ere parte hartzen dut.

Baina noizean behin, karguarekin batera datozen ekitaldi batzuetan parte hartzea ere tokatzen zait, eta hori izan da gaurko kasua. Juan San Martin , beste gauza batzuen artean Deporreko presidente izan zena, Eibarko seme kuttun izendatu du Eibarko Udalak eta izendapena babestuz txostena aurkeztu genuenez, han izan naiz, udaleko pleno aretoan, beste pertsonai batzuen inguruan.

Karguarekin batera datozen hauek hartu egin behar dira eta horrelakoetara joan. Ez da lehena izan eta ez da azkena izango, ziur nago. Datorren abenduaren 16an Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako jardunaldi batzuetan ere hartu behar dut parte "mandatari gazteak klubetan", izenburupeko ordu erdiko hitzaldia eman behar dut.

Mikel Larreategi 2006/11/17

Beste pare bat hilabetez kotxea garajean sartu ezinda

Gaur egin du Udaletxeko ingeniariak Urkizuko dorreetan garajea dugunokin, bertako obrak direla eta, bilera bat.

Atzeratu egin direla, goiko hormetako obrak eta beheko saneamendu obrak batera egiten ari direla bi aldiz ez ixteko eta bla bla bla. Abuztuaren 1ean hasteko ziren, 18an hasi eta gero astebetez harri piloa utzi, eta irailaren bukaerarako bukatuta behar ziren obrak, gabonak ingururako amaitzea espero dute. Eta bitartean gu kotxea kalean aparkatu ezinda (besteak beste Barrena kalean beste 6 bat aparkaleku kendu dituztelako joan zen astean geldi egon ziren obra batzuengatik) edo Torrenteren lagunen multak jasotzen (orain bai bere lana ondo betetzen), Karmen kaleko espaloian edo Barakaldon.

Gainera gure garajeetarako oinezkoen sarrera, "gure segurtasunagatik" itxi egin dute. Bileran ingeniariari zera aurpegiratu dio gure alboko garajearen jabeak: "Ez esan segurtasunagatik dela, goiko hormako balla jartzen inolako lotura eta soka barik langileak ikusi ditugu eta. Eta horren testiguak ditut".

Hemendik dei egiten diot Urkizuko dorreetan bizi den irakurleari, argazki kamara digital bat badu langile horien "segurtasun baldintzak" ziurtatzen dituen argazki pare bat hartu eta neri bidaltzeko (utzi mezu bat erantzunetan edo erabili kontaktu formularioa ), gure segurtasunagatik hainbeste larritu beharrean, bertan ari diren langileen segurtasunagatik ardura daitezen. Nahiz eta horrek obrak beste hilabetez atzeratzea ekarri.

Mikel Larreategi 2006/11/06

Internet eta informaziño lokala

Informaziño lokalak be badaka lekua interneten. Dana ez da DVren bakotxan herriko kartan amaitzen. Komunikabide arruntek hurbileko informaziñuari garrantzia emotiak zeozer esan nahi dau: jentiari hurbileko informaziñua gehixago ardura jakola. Internetek gainera informaziño horretan parte hartzeko erreztasunak emoten ditxu, blog, posta zerrenda edo foruen bidez, jentia kazetari bihurtzen.

Gure inguruan holako informaziñuan adibide on ugari dagoz. Igual nabarmenenak Azpeittiko eta Debagoieneko kasuak dira, Uztarria eta Goiena elkarteek kudeatutako Internet atarietan (http://www.uztarria.com eta http://www.goiena.net). Bi atari hórretan jentian partehartzia, bai albistieri erantzuten edo eztabaidetan parte hartzen, izugarrixa izan da, eta beste egun baten tratatuko doten anonimuen arazua alde batera lagata, esperientzia positibua dala esango neuke.

Elgoibarren be, juan zan astian zabaldu zeben euren atari lokala: http://www.elgoibarren.net Eurak diñuen moduan "orainkaria" da. Oraingo informaziñua, orain eman eta jasotzeko lekua. Infraestruktura eta teknologia aldetik be, ez da oso garestia, eta benetan lana ondo egiñ ezkero, produkto oso txukuna lortu leike, Azpeittixan eta Debagoienian moduan. Eibarren? Oso ondo, eskerrik asko.

Mikel Larreategi 2006/10/31

Bidaiak

Azkenaldixan Interneten bidez hegaldixak erostia modan dago. Internetez billetiak merkiago saltzen dittuen konpainiak ugarittu ein dira, eta gure inguruko aireportuetara be etorri dira. Sekula holako hegaldi baten bila ibili bazarie, jakingo dozue zein astuna dan webgunez webgune ibiltzia, bakotxian era desberdinetara datuak sartu (batzuetan herrixa, bestietan aireportuan kodia, bestian zerrendatik aukeratu) eta fetxak (bi kalendarixo igual ez dittut sekula ikusi) aukeratzia. Badago horrendako soluziño bat: Trabber (http://www.trabber.com)

  1. webgunetan zihar bilaketa egitten daben webgunia da Trabber. Herrixan izena idazten hasi eta atzetik dakan AJAX teknologixiari esker, berak sugeritzen dau herrixan izena. Fetxia kalendarixo sinple baten aukeratu leike eta gero bilaketen emaitzeri itxoin. Bera arduratzen da bilaketa danak eitxen eta zuri preziuan edo orduen arabera hegaldixak aurkezten. Gainera hegaldixa erreserbatzeko webgunerako loturia be emoten detsu. Kreditu txartelan informaziñua eta zure izena sartzia bakarrik geratzen da. Amaittu da hamar lekutan gauzak begiratu biharra.

Ideia horri berorri beste gauzatxo bat gehittu leikixo: bidaiak bilatzeko aukeria. Hau da, zelan juango naiz ni Eibartik Irunera eguasten goiz baten? Webgune bakar baten datuak sartu eta bera arduratu bihar litzake informaziñua emotiaz, ni Pesa, Euskotren, Alsa edo RENFEn orrialdietan zihar ibili biharrian. Trabber dagon moduan, hau be egingarrixa izan leike ba... Ia zeinek ataratzen daben !

Mikel Larreategi 2006/10/20

Mikel Larreategi

Mikel Larreategi Arana

(Eibar, 1981). Informatikaria ikasketa eta ofizioz, CodeSyntaxen egiten dut lan Eibar.ORG bezalako webguneak egiten. Ikastolan nengoela xakean jokatzen hasi nintzen eta horretan jarraitzen dut, eta 2006tik Eibarko Klub Deportiboaren presidentea naiz. Xakeak eta Klub Deportiboak, horretxek jaten dit nire denbora.

Goiburuko irudia Barcelona da. Orain dela urte batzuk bisitatu nuen hiria eta asko gustatu zitzaidan. Irudia nondik hartu nuen ez dut gogoan (lehen jarrita nuen baina aldatu egin nuen eta berriz itzuli eta galdu egin dut kreditua. Baina haren CC-BY-NC lizentziak dioena jarraituz kreditua ematen diot. 

Azken erantzunak
halaxe da bai... Oier A., 2012/01/20
Arrazoia! e-gor, 2011/11/17
Autogestioa Txopi, 2011/10/17
Bizikletak Herbeheretan Trebi., 2011/09/03