Hemen zaude: Hasiera Blogak Periferiatik, erral Artxiboa 2005 Abendua

Artxiboa Abendua 2005

Nor da María de la Peña?

Gazteleraz esaten den bezala la que corta y pincha en la Real.

Teledonosti, Realaren Akziodunen Batzar Orokorra zuzenean ematen ari da eta emakume honek aginte makila eskuan duela argi eta garbi dago.

Ederra fitxajea egin du Fuentesek de la Peña anderearekin...

Mikel Larreategi 2005/12/30

Diputapenari dirua eskatu

Zure enpresak diru arazoak ditu?

Administrazio Kontseiluak kapital-handitze bat proposatu eta akziodunek ez onartzeko beldurra duzu?

Diru-zorrak direla eta ezin duzu ezer erosi?

Diru faltan zaudela eta, ezin dituzu langileen soldatak ordaindu?

Lasai, eskatu dirua Diputapenari pegatinatxo batzuen truke emango dizute eta...

Mikel Larreategi 2005/12/29

2005eko Bertsolari Txapelketa Nagusia: Andoni Egaña txapeldun

Andoni Egañak txapelketa lehenengo aldiz irabazi zuenean Iturburun nebilen ikasten, 7. edo 8. mailan egongo nintzen.

Maila horietan izan genuen Euskarako irakasleak, Begoña Barojak, sartu gintuen bertsolaritza munduan. Euskarako klaseetan bertso asko eta asko ikasi eta aztertzen genituen eta baita gero San Andresetan Iturburun egiten zen jaialdian kantatzeko bertso batzuk idatzi ere. Bertso haietako asko gordeta ditut oraindik, jadanik digitalizatuta eta nire ordenagailuko bazterren baten gordeta.

Gogoan dut, Txapelketa Nagusiaren finalaren hurrengo egunean, klasera sartu eta zera esan zuela: "Gaur bertso bat egin behar duzue, nahi duzuen neurri eta doinuan. Hauxe da gaia: Larrean belarra jaten dagoen zezena zara. Ondoan daukazun zezen plazatik jendearen oihu eta txaloak entzuten dituzu." eta zera gehitu zuen "Ah, eta ez du balio sobrero batek esan zidanez hitzekin bertsoa hasteak". Gehienok harrituta gelditu ginen, eta jarraian esan zuen: "Ez zenuten atzo finala ikusi ala?".

EGUNERAKETA: Bertsozale Elkartearen webgunean bila aritu ondoren, aurkitu dut bertsoa. Transkibituta dago eta baita online entzungai ere. Gozatu ezazue

Orain hementxe bertan integratuta

Andoni Egañak bota zuen bertso bati egin zion erreferentzia esaldi horrekin. Ez dut gogoan bertsoa, baina seguraski txapela eman zion bertsoa izango zen. Ez dakit txapelketa haretan izan zen, ala hurrengoan, baina bukaerako agur bikain bat ere bota zuen Andonik. Txapela Lazkao Txikiri eskeini zionekoa hain zuzen ere. Andoniren beste bertso batzuk ere baditut gogoan. 1989ko txapelketan kartzelako lanean kantatu zituenak. "Zure bizitza osoa itsasoari lotuta pasa duzu. Gaur ohean mugitu ezinik zaude. Zure gelako leihotik itsasoa ikusten da" gaia jarri zion Laxaro Azkunek. Hau amak txapelketa hura irrati zahar bat erabiliz kasetean grabatu zuelako dut gogoan, handik aurrera kotxean hura besterik ez zuen jartzen eta jakina, azkenean bertsoak ikasi egin genituen.

EGUNERAKETA: Bertso hau ere aurkitu dut

Aurtengoari buruz zer esan. Andonik oso ongi egin zuela finalean. Asko gustatu zitzaizkidan goizeko kartzelako lanean bota zituen bertsoak, "Aspaldiko partez gaur bi begiak busti zaizkizu" gaiari erantzunez bota zituenak.

Beste bertsolariei dagokienez, Amets Arzallusek zerbait egingo zuen esperantza neukan. Azkenean 4. postua lortu zuen, 3.arekin berdinduta. Lan bikaina egin duela uste dut, hasiera hasieratik jokatu duela Txapelketan, final laurdenetatik hasita. Kartzelako lanean goizean bota zituen bertsoak asko gustatu zitzaizkidan, eta baita Finalerdietako kartzelako gaietan kantatu zituenak. Ez nituen zuzenean entzun, baina Txapelketa Nagusiaren webgunean entzun daitezke. Asko gustatzen zait kartzelako lanean darabilen doinu hori. Ea norbaitek doinu hori zein den esaten didan.

Mikel Larreategi 2005/12/23

ETB eta futbol taldeen izenak

Zergatik erabiltzen ditu ETB1en hirien izenak futbol taldeen izenak esateko?

Barcelona futbol taldea beharrean, Bartzelona erabiltzen dute, Valentziak ere lehenengo mailan jokatzen du, bere herrikidea den Vila-Real-ekin batera.

Ostera, inon ez ditut ikusi Arabarrak, Atleten taldea edo Errege Taldeak jokatutako partiduak.

Taldeen izenak itzultzen hastekotan, itzuli guztiak, edo bat ere ez. Taldearen izena Ciudad de Murcia bada, zein behar dugu Murtzia Hiria esateko?

Mikel Larreategi 2005/12/21

Euskaltel eta Lurreko Telebista Digitala (TDT): SEG

Euskaltelek bere abonatuei eskeintzen dien telebista+telefono+internet pakete horren barnean TDT edo Lurreko Telebista Digitala delakoa nola integratuko den jakin nahi duten guztientzat honako SEG edo Sarri Egiten diren Galderak presetatu ditut:

Euskaltelek LTDa eskeiniko al du?
Bai. Jadanik kanal batzuk ikus daitezke Euskaltelen Telebista Digitala (deskodegailua duena) badaukazu.
Edozein dendatan eros daiteke deskodegailua?
Ez. Euskaltelek bereziko saldu edo alokatzen duen deskodegailua erabili behar da, dendetan saltzen dituztenak ohiko antenara konektatzen baitira eta hauek Euskaltelen kablera konektatu behar baitira.
Joan al naiteke jada Euskaltelen denda batera eta deskodegailua erosi? Zein da prezioa? Zenbat balio du alokatzeak?
Urtarrilaren 20an jarriko dituzte deskodegailuak salgai edo alokagai. Oraindik ez dute preziorik esan.
Euskaltelek ordainpeko telebista digitalarekin Mirador zerbitzua eskaintzen du, PPV edo Ikusteagatik Ordaindu deritzan modalitatean pelikulak eta futbola ikusteko. Hori ikusteko aukera izango al dut?
Bai. Mirador zerbitzuko filme eta pelikulak erosi ahal izango dituzu. Egia esan, hilero 3 €ko gastua egin behar duzu. Praktikan hilean 3€ko kuota bat balitz bezala ulertu behar da.
Informazio gehiago nahi dut.
Informazio hau Euskaltelen bezeroarekiko arreta telefonoan lortu dut, 1717an, baina epostaz ere ematen dute horren berri info-a-bildua-euskaltel.es heblidean. Bestalde BandaAnchako foroetan ere horren berri lor dezakezu.

Eguneraketa: Euskaltelek prezioen berri ere eman dit. Informazioa dosifikatu egiten dute...

Telebista-seinalea kable, satelite edo lurreko uhinen bidez heda daiteke. Euskaltelekin kontrata daitekeen Gaikako TB edo Digitala kable bidez hedatzen da. Lurreko Telebista Digitala (LTD), aldiz, lurreko uhinen bidez eta lurreko telebista konbentzionalaren emisiogune eta antena berak erabiliz hedatzen da. Hori dela eta, guk erabiltzen dugun teknologia eta zuk aipatutakoa desberdinak dira.

2012ko apirilaren 3tik aurrera, guztiok ezagutzen dugun telebista analogiko konbentzionala Lurreko Telebista Digitalak (LTD) ordeztuko du. Lurreko Telebista Digitala (LTD) jaso ahal izateko, orain erabiltzen den antena, banakakoa edo kolektiboa, berrikusi behar da, eta LTDaren hargailu egokia izan behar da telebistetan. Ez duzu izena eman edo kuotarik ordaindu behar, doakoak eta irekiak baitira emisioak.

Hortaz, teknologia hori izan nahi baduzu, antena-teknikariari galde diezaiokezu zure oraingo antena-instalazioa egokia den, zer deskodetzaile-mota behar duen seinalea jasotzeko eta abar.

Hala ere, Lurreko Telebista Digitalak eragiten dituen eskaerak asetzeko irtenbide baten bila dabil Euskaltel. Hori dela eta, abenduaren 1etik 15era Lurreko Telebista Digitalaren kanalak sartzen hasiko gara, eta, gainera, orain arte Gaikako Telebistan (analogikoa) emititzen ziren kanalak digitalizatzen hasiko dira; hala, adibidez, Natura kanala digitalean emitituko da.

Hona hemen Lurreko Telebista Digitalean sartuko diren kanalak eta horiei dagozkien dialak:

  • TVE1 (6. diala)
  • TVE2 (7. diala)
  • Teledeporte (21. diala)
  • Canal 24H (997. diala)
  • CLAN TV/RTVE50 (998. diala)
  • ETB1 (1. diala)
  • ETB2 (2. diala)
  • ETBSat (988. diala)
  • Canal Vasco (989. diala)
  • Tele5 (5. diala)
  • Antena3 (3. diala)
  • Cuatro (4. diala)
  • Natura (44. diala)

Segur aski dial horiek aldatu egingo dira. Datozen bi hiletan, Lurreko Telebista Digitaleko gainerako kanalen emisioak ezartzea espero dugu. Zehazki, Canal 40 latinoren emisioa laster ezartzea espero dugu (991. dialean) eta, bestalde, Teledeporteren eta CNN+-en oraingo dialak aldatu egingo dira 999. eta 992. dialetara, hurrenez hurren.

2005eko abenduaren 15etik aurrera, Euskaltelek Telebista Digital Miniaren zerbitzu berria eskainiko die Euskaltel Leihoaren bezeroei. Horren bidez, deskodetzailea erosi ahal izango dute 99 euroan edo, bestela, deskodetzailea aloka dezakete (55 euroko alta-kuota eta 6 euroko hileko kuota). Bezeroak bi aukera horietako batez baliatu ahal izango du, baldin eta hilean 3 euroko ikuskizunak erosteko konpromisoa hartzen badu. Eta deskodetzailea erosten badu, 12 hilabetez irauteko konpromisoa hartu behar du.

Zerbitzu berri honen bidez Lurreko Telebista Digitalaren kanal guztiak eskainiko dira, baita Euskaltelek hautatutako hainbat kanal ere; bestalde, zerbitzuetara sartzeko, hautatzeko eta horiek kontratatzeko telebista erabiltzeko hainbat zerbitzu ere eskainiko ditu.

Euskaltelen eskaintza komertziala, labur-labur, honela dago osatuta:

  • Lurreko Telebista Digitaleko kanalak, tokian tokikoak, nazioartekoak, Natura...
  • Horiei lotutako informazio-zerbitzuak (EPG eta minigida) - Informazio-zerbitzuetarako sarbidea: Euskaltel 24 ordu (albisteen on line ataria), Burtsa (Norbolsa)...
  • Urrutiko agintearen bidez, IPPV edo PPVko ekitaldiak erostea (futbola, zinema eta helduentzako saioak).

Lurreko Telebista Digitalak eskainitako eduki horiek doakoak izango dira Telebista Digital Interaktiboaren eskaintzan. Telebista Digital Interaktiboaren oraingo bezeroek bezala, deskodetzailea 59 euroren truke erosi ahal izango dute.

Zeharkako zergak ez daude sartuta mezu honetako tarifetan.

Agur bero bat,

Euskaltel, S.A.

Mikel Larreategi 2005/12/19

Agur betiko telefonuari

Benetan? Telefonica eta Euskalteli ordaintziari lagako detsagu? Bai eta ez. Internet bidez telefono deixak egiteko programak eta baliabidiak ugaldu egin dira azken aldixan. Batez be "Skype" izeneko programa bat oso ezaguna egin danetik. Era honetako programeri esker ordenadoretik ordenadorera egiten diran deixak dohain izaten dira. Baina ez da hori trukua. Trukua, programa horrek telefono dei oso merkiak egitteko aukeria emoten dabela da. Hori darabixe jentia erakartzeko.

Ondiokan hobetu biharra dago horretan, batzuetan berbetan zarela mozketak egoten diralako, edo ahotsa atzerapenakin entzuten dalako, telebistan espaziuan darenekin berba egitten dabenian moduan. Baina gero eta jende gehixaok daka "banda zabala" deitzen dan hori, abiadura handiko interneterako sarbidia (ADSL, kablia eta holakuak), eta zenbat eta internetera konektatzeko abiadura gehixao euki, hainbat eta hobeto entzungo da dei hori.

Gero eta gehixago erabiltzen dira holako programak eta askoz gehixago erabiliko dira banda zabala deitzen dan hori generalizatzen danian eta ordenadora emetau be egingo ez dogunian. Egun hori datorrenian, telefonuan tinbriak joten daben momentuan, ordenadorera hurbildu, mikrofonua integrauta daken kaskuak ipini eta deixari erantzungo detsagu, eta dei horregaittik iñok ez dau zentimorik pagau bihar izango. Eta hori noiz? Laster. Nik erabiltzen dot batzuetan. Deittu nahi badozue.

Mikel Larreategi 2005/12/16

Kutxa transferentziak kobratzen hasi da

Kutxa.net zerbitzuaren erabiltzailea bazara eta e-kontu bat baldin baduzu, jakizu Kutxak beste entitate batzuetako kontuetara egindako transferentziak kobratzen hasi dela. 61 €ko transferentzia bategatik € 1 kobratu didate.

e-kontu delako hori, Internet bidez bakarrik kudeatzen den kontu bat da, eskeintzen zituen abantailen artean, ohiko kontu batek baino interes handiagoa (ez askoz handiagoa) eta transferentzia guztiak (nazioartekoak ezik) komisio gabe egiteko aukera.

Bigarren aukera hori jadanik desagertarazi dute. Zertarako orduan Internet bidez bakarrik kudeatzea? Ez dut ulertzen...

Eguneraketa: kobratu zidaten € 1eko komisioa, itzuli egin dit Kutxak, inolako mezu edo oharrik esan gabe.

Eguneraketa 2: Kutxaren erantzuna:

Kutxako Kalitate Sail / Bezeroarentzako Arreta Zerbitzu honetan zure abisu bat jaso dugu, zure kontu elektronikotik beste erakundeetara transferentziak Internet bidez egitean komisioa kobratzeari buruzkoa, hain zuzen.

Komisio horiek eguneratuta daude bai kutxaren web gunean, www.kutxa.net, bai jendeak eskuragarri dituen gai horiei buruzko Tarifa eta Komisioen eskuliburuetan. Komisioaren informazio hori, gainera, azaltzen da sinadura elektronikoa tekleatu aurretiko erantzun-pantailan ere. Eta sartuak daude beste hainbat hobekuntza ere, hala nola helburuko erakundearen datuak, berrinprimatzeko aukera, etab.

Asko sentitzen dugu ez baldin baduzu jaso komisio horren eraginaren hasierari buruzko informazioa, izan ere indarrean baitago jada urriaren 14az geroztik. Horregatik, hain zuzen, itzuli egin dugu lehengo abenduaren 13an egindako transferentziari zegokion komisioa.

Dena dela, gure inguruko finantza-etxeek aplikatzen duten tarifa baino abantailatsuagoa izanez jarraitzen du oraindik.

Eskerrik asko gure Erakundean jarria daukazun konfiantzarengatik, eta bihoakizu, bide batez, gure agurrik beroena.

Mikel Larreategi 2005/12/13

Nahikoa da ETB, bidali Sobera behingoz....

Post honekin ez diot Telezaborrari konpententziarik egin nahi, baina ez dut Carlos Sobera gehiago aguantatzen.

Eguerdian bazkaltzen ari naizela etxeko guztiek Date el bote programa ikustea nahi izaten dute, baina nik ezin dut aguantatu Sobera. Tontakeriak egiten egoten da programak dirauen ordubetean eta beti txiste berdinak egiten ditu.

Telezaborra, eskeini monografiko bat Soberari mesedez, ea horrela ETBk tipo honen tontokeriak aguantatzeari utzi eta bere bekain jasoarekin telezaborra oraindik zaborragoa den beste kate batera bidaltzen duen.

Mikel Larreategi 2005/12/09

Badaukagu zortzikotea

Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio BECen zain dauden arren, BECeratuko diren gainontzeko 6 bertsolarien izenak zein diren badakigu jadanik:

  • Amets Arzallus Antia 1566.5 pt (788.5 + 778)
  • Jon Maia Soria 1510 pt (769 + 741)
  • Igor Elortza Aranoa 1506 pt (772.5 + 733.5)
  • Aitor Mendiluze Gonzalez 1505.5 pt (763 + 742.5)
  • Unai Iturriaga Zugaza-Artaza 1504 pt (774 + 730)
  • Sustrai Colina Acordarrementeria 1455.5 pt (725.5 + 730)

Nork irabaziko du? Aposturik? ...

Mikel Larreategi 2005/12/04

Euskaltel eta LTDa. Bai ala Ez?

Euskalteli galdera egin nion LTDaren inguruan, ea euren kablearen bidez LTDa jasotzerik egongo zen, eta gaur erantzun egin didate.

Galdera:

Euskaltelen kablearen bidez telebista ikusten dugunok izango al dugu Lurreko Telebista Digitala ikusteko aukerarik? Kable horren bidez bidaltzen al da LTD hori?

Erantzuna:

Bezero hori:

Telebista-seinalea kable, satelite edo lurreko uhinen bidez heda daiteke. Euskaltelekin kontrata daitekeen TB Tematikoa edo Digitala kable bidez hedatzen da. Lurreko Telebista Digitala (LTD), aldiz, lurreko uhinen bidez eta lurreko telebista konbentzionalaren emisiogune eta antena berak erabiliz. Hori dela eta, guk erabiltzen dugun teknologia eta zuk aipatutakoa desberdinak dira.

2010ko urtarrilaren 1etik aurrera, guztiok ezagutzen dugun telebista analogiko konbentzionala Lurreko Telebista Digitalak (LTD) ordeztuko du. Lurreko Telebista Digitala (LTD) jaso ahal izateko, orain erabiltzen den antena, banakakoa edo kolektiboa, berrikusi behar da, eta LTDaren hargailu egokia izan behar da telebistetan. Ez duzu izena eman edo kuotarik ordaindu behar, doakoak eta irekiak baitira emisioak.

Hortaz, teknologia hori izan nahi baduzu, antena-teknikariari galdetu behar diozu zure oraingo antena-instalazioa egokia den, zer deskodetzaile-mota behar duen seinalea jasotzeko, eta abar.

Bestalde, jakinarazten dizugu gaur egun antena bidez hartzen diren kanal jakin batzuek erabiltzen dutela emisio-teknologia hori emisio digitala eskaintzeko. Hortaz, ez dago teknologia hori bakarrik ematen duen hornitzailerik.

Azkenik, gure bezeroek LTD argailua dakarten telebista integratuak edo aparteko deskodetzailerik ez erosi ahal izateko, Euskaltel irtenbide baten bila dabil Lurreko Telebista Digitalaren ondorioz sortutako eskaerei erantzuteko. Gomendatzen dizugu pixka batean itxaroteko gai horri buruzko presazko erabakirik hartu baino lehen; izan ere, gaur egun ez dago eduki diferenterik airean, deskodetzailea erosita lortzen den sarbidearen bidez ikus daitekeenik.

Har ezazu agur bero bat,

Euskaltel, S.A.

Hau da, bai ala ez?

Mikel Larreategi 2005/12/02

Mikel Larreategi

Mikel Larreategi Arana

(Eibar, 1981). Informatikaria ikasketa eta ofizioz, CodeSyntaxen egiten dut lan Eibar.ORG bezalako webguneak egiten. Ikastolan nengoela xakean jokatzen hasi nintzen eta horretan jarraitzen dut, eta 2006tik Eibarko Klub Deportiboaren presidentea naiz. Xakeak eta Klub Deportiboak, horretxek jaten dit nire denbora.

Goiburuko irudia Barcelona da. Orain dela urte batzuk bisitatu nuen hiria eta asko gustatu zitzaidan. Irudia nondik hartu nuen ez dut gogoan (lehen jarrita nuen baina aldatu egin nuen eta berriz itzuli eta galdu egin dut kreditua. Baina haren CC-BY-NC lizentziak dioena jarraituz kreditua ematen diot. 

Azken erantzunak
halaxe da bai... Oier A., 2012/01/20
Arrazoia! e-gor, 2011/11/17
Autogestioa Txopi, 2011/10/17
Bizikletak Herbeheretan Trebi., 2011/09/03