Hemen zaude: Hasiera Blogak Periferiatik, erral Artxiboa 2005 Iraila

Artxiboa Iraila 2005

Argentinatik etorriko da Munduko Txapelduna

Apirilaren 1ean idatzi nuen lehenengoz Munduko Xake Txapelketari buruz. Arazoz arazo ibili ostean, FIDEk zartagia kirtenetik hartu zuela zirudien. Behingoz ganorazko zerbait egingo zuela ematen zuen. Maiatzaren 15ean iragarri zituzten jokalarien izenak eta non jokatuko zen, Argentinako San Luis hirian

Irailaren 28an hasi ziren partidak, eta irailaren 29an idatzi ditu bi artikulu interesgarri Josu Tornayk Berrian: San Luisen xakea bai, baina xake-materik ez eta Erditik hautsi zen taula. Artikuluok irakurrita Munduko Txapelketaren historiaren eta, batez ere, azken urteetako ezadostasunen nondik norakoak ezagutu ditzakegu.

Garry Kasparov-en (jokalariaren fitxa ) eskutik 1993an zatiketa etorri zenean hasi ginen xakearen penak ezagutu eta sufritzen. Kasparov-ek bere aldetik, PCA bezala, bere munduko txapelketak antolatu zituen, eta FIDE ere hasi zen bereak egiten, antzinako zonal, interzonal, hautagaien leihaketa eta txapeldunarekin finala batzen zituen txapelketa alde batera utzi, eta kopa formatuko txapelketa bat ezarriz. Las Vegas, India, Moscow eta azken aldiz, iaz Tripolin izan ziren txapelketa horiek. Eta azkenenego biak behintzat, Moscow eta Tripolikoak, guztiz itxuragabetuak izan ziren. Munduko jokalari onenek ez zuten bertan parte hartu, eta FIDEren sinesgarritasuna aidean gelditu zen. Batez ere, Pragako Akordioa izenez ezagutu zena sinatu ostean, FIDE bere betebeharrak betetzeko gai izan ez zenenean. Ezin izan zuen Ponomariov eta Kasparov-en arteko match-a antolatu, Krammik eta Lekok eurena antolatu zuten artean.

Horregatik antolatu zen Tripoliko Munduko Txapelketa. Han ere gertatu ziren gertatu beharrekoak, Libiako gobernuak ez baitzizkien beharrezko bisatuak eman jokalari israeldarrei (etsai sionistari ogirik ere ez). Gainera, txapelketa Rustam Kashindzhanov jokalari guztiz ezezagunak irabazi zuen. Aurreko txapelketa Ponomariovek irabazi zuenean gauzak ondo gelditu ez baziren, munduko 33. jokalariak irabazi zuenean FIDE dardaraz hasi zen.

Kasparovek joatea erabaki zuenean FIDEk eskuak aske ikusi zituen, Krammik-i ipurdia airean utzi eta benetako Munduko Txapelketa bat antolatzeko. Munduko jokalari onenak bilduko zituen. Azken txapelketako finalistak, Krammik eta Leko, beste munduko txapelketako finalista gisa, eta munduko lehen 4 jokalariak. Guztiekin guztiek-guztien aurkako txapelketa jokatu eta gero irtengo zen Munduko Txapelduna.

FIDEren jokaldia ondo irtengo dela espero dut. Krammikek San Luisen jokatzeari ezezkoa esango ziola askok espero genuen, baina oraintxe dauka aukera FIDEk Krammik alde batera uzteko, beste munduko txapelketan finalista izan zen Peter Leko hungariarra ere San Luisen baitago. Beraz, ez nago guztiz ados Josuk bere artikuluan dioenarekin:

Baina denborak bakarrik esango du hortik irteten den txapelduna xake munduak benetan onartzen duen ala ez. Munduko txapelketa bateratzeko askorentzat ia ekidinezina izango da San Luiseko txapelduna Kramniken kontra jokatzea.

Hemendik irtengo den txapelduna munduak onartu egingo du. Onenen aurkako txapelketa bat irabazi duen jokalaria izango delako irabazlea, eta ez Pragan akordioa sinatu zutenen artean zeudelako.

Azken egunotan FIDEren presidente Kirsan Ilyumzhinovek San Luistik irtengo den Munduko Txapeldunak Krammik-ekin jokatzeko ateak ireki ditu, betiere txapeldunaren iritzia errespetatuko duela esanez.

Badirudi txapelketa Anand indiarra eta Topalov bulgariarraren gauza izango dela, nahiz eta gainontzeko 6rak ezin ditugun alde batera utzi. Leko ere indartsu dago eta Judith Polgarek irabaztea ederra litzateke.

Partidak zuzenean ikusi nahi badituzu, ICC da aukera onenetako bat. Munduko xake klub handiena. PlayChess zerbitzarian ere zuzeneko komentarioekin jarrai daitezke partidak, webgune ofizialeko 70$ak ordaindu gabe.

Mikel Larreategi 2005/09/29

Azkenean irabazi

Azkenean irabazi du Eibarrek ligako lehenengo partidua.

Iñork ba al daki Alfonso Barasoain entrenatzailea libre dagoen? Terrazas botatzen badugu repuesto bila hasi beharko gara eta Barasoainek behin baino gehiagotan libratu gaitu jeitsieratik.

Mikel Larreategi 2005/09/24

Eibarko trafikoa (I)

Eibarko Torrenteren lankide batek Eibar apurtuta izeneko bloga hasi zuen Eibarnautak blogeatzen hasi zirenean eta banuen Eibarko trafikoa eta gainontzekoen inguruko lubakiko lehenengo lerrotik emandako informazioa irakurtzeko gogoa (SER-Radio Eibarren Torrenteren jefeak ematen dituen informeek "parte" bat bakarrik ematen dute: carteristas en el mercadillo, una baldosa suelta en Urki, una mujer se fracturó la clavícula al caerse en el paso de cebra de Untzaga, eta antzekoak. Mirillarako egokiagoak diruditen gauzak alegia).

Ikusita blog hura ez atzera eta ez aurrera gelditu zela, Eibarko trafikoaren inguruko nire ikuspegia emango dizuet. Eta hasteko, arratsaldeetako trafiko fantasmaren inguruan idatziko dut.

Behin baino gehiagotan, mirari antzeko bat gertatu izan zait arratsaldeko 19:30ak inguruan Untzaga eta Urkizu artean.

Txokoko bidegurutzera heltzen zaren tokitik heltzen zarela (Udaletxe atzetik, Isasitik edo Juan Gisasolatik) karabana egoten da. Normala, ordu horretan kotxe asko ibiltzen da. Gainera, Untzagan beti egongo da kotxeren bat autobusa gelditzeko tokian traban eta Torrenteren lankideren bat guztia kakazten ere bai.

Kalbetoi kalean kotxeak alde bietako azera gainean aurkituko dituzu, eta botikatik Galeriasko parkera bigarren ilada egongo da.

Plaza Barrian ere, Denok zegoen lekutik Ifar kaleraino bigarren ilada. Hori guztihori, lehenengo martxa jarrita pasatu beharko duzu geldo geldo.

Bidebarrietako lehenengo zatia ere ederra izan ohi da, Iraolagoitia denda ingururaino, baina hortik aurrera, bat-batean kotxe guztiak desagertu egiten dira. Ez naiz konturatzen eta baliteke Julian Etxeberriatik behera joatea, baina San Andres eskola ingurutik aurrera ez da trafikorik egoten. Kotxeak lurrak irentsiko balitu bezala izaten da.

Zergatik?

Hurrengo kapituluetan:

  • Nola aparkatu aparkatu ezin den lekuan eta Torrentek multa ez jartzea lortu.
  • Nola aparkatu aparkatu ezin den lekuan eta 6 €ko multa ordaindu.
  • Merkatu plaza eta atzeko aparkalekua. Tokia, tokirik ez dagoen tokian.
  • Marra horia nola errespetatu.
  • Eroskiko aparkamendua: ate aurrean aparkatu, nola egin ordubetez ezindua zarela simulatzeko eta aparkatuta urtebete daraman Land-Rover-a.
  • Non deskargatu FIATerako autoak.
Mikel Larreategi 2005/09/19

Vaya Semanita berria

Hasi da Vaya Semanita saioaren 2005/2006 denboraldia. Aurtengo albiste nagusia, saioa hasi zuen boskotearen TVErako ihesa izan da. Oscar Terol eta Santxez familia osatzen zuten 4 kideak TVEra joan dira beste programa bat egitera eta epa, la portuguesa eta argentinarraren esku utzi dute saioaren gidaritza.

Programa honi buruzko lehengo posta 2004ko martxoan idatzi nuen, jendeak oraindik programa asko ezagutzen ez zuenean.

ETBk programa hau erretzea lortu du. Oso ondo dago "gure buruari barre egitea" (bueno, hori egiten dutela diote), baina progama hau ez da jende guztiak dioen bezain ona. Puntu on asko ditu, sketch onak ere bai, baina sin pasarse.

ETBk hobe luke programa ekainean "itxi" izan balu. ETBn ikusitako saio onenetako gisa gogoratuko genuke, Jaun ta Jabe bezala. Bi denboraldi eta kitto. Barre asko egin genuen, askok nahi genuen programak jarraitzea, baina ez. ETBk stop egin zuen.

Programa pikutara bidali aurretik kendu mesedez. Joé, ni ere ETBren aurkari bihurtzen hasi naiz bada, Telezaborra bezala? Eta hori Vaya Semanita ez dela ETB-1eko programa...

OO: Epa hobeto zebilen garagardoen iragarkiak eta baserritar golflariaren iragarkia egiten Vaya Semanita aurkezten baino...

Mikel Larreategi 2005/09/15

Mikel Larreategi

Mikel Larreategi Arana

(Eibar, 1981). Informatikaria ikasketa eta ofizioz, CodeSyntaxen egiten dut lan Eibar.ORG bezalako webguneak egiten. Ikastolan nengoela xakean jokatzen hasi nintzen eta horretan jarraitzen dut, eta 2006tik Eibarko Klub Deportiboaren presidentea naiz. Xakeak eta Klub Deportiboak, horretxek jaten dit nire denbora.

Goiburuko irudia Barcelona da. Orain dela urte batzuk bisitatu nuen hiria eta asko gustatu zitzaidan. Irudia nondik hartu nuen ez dut gogoan (lehen jarrita nuen baina aldatu egin nuen eta berriz itzuli eta galdu egin dut kreditua. Baina haren CC-BY-NC lizentziak dioena jarraituz kreditua ematen diot. 

Azken erantzunak
halaxe da bai... Oier A., 2012/01/20
Arrazoia! e-gor, 2011/11/17
Autogestioa Txopi, 2011/10/17
Bizikletak Herbeheretan Trebi., 2011/09/03