Hemen zaude: Hasiera Blogak Sareinak Artxiboa 2008 Urtarrila 04 "contact-uan" atal berria
Dokumentu Akzioak

Sareinak

"contact-uan" atal berria

"contact-uan" , nolabait, Sareinak blogeko atal emigratua izango da, Indianatik. Elixabete Ansak berak aurkeztuko du:

Irakurle denoi, agur!

Elixabete Ansa Goicoechea nauzue, eta laburki “Contact-uan” deritzon atal honen azalpena eman nahi nizueke. AEBetara etorritako ikasle bat naiz, Donostian jaioa eta orain dela sei urte hona etorria, Bloomingtonera, Indiana. “Contact-uan” atala nolabait nere esperientziatik ateratako ideia izan da. Euskaldun emigratua naiz eta “Contact-uan” nolabait, Sareinakeko atal emigratua izango litzateke, non euskal emakumeen literatura atzerriko begiz ikusia, aztertua, nahiz aberastua izan nahi duen. Baten batek pentsa dezake, zer berri esan dezake EHari nahiz euskal emakumeen literaturari buruz AEBetan dagoen batek? Oso galdera zentzuduna, guztiz!

Nire ustez, identitate kolektibo baten imaginarioa kolektibo horretan parte hartu nahi duten guztiek eratzen dute, edozein delarik beren generoa, edonon daudelarik eta edozein hizkuntzatan idazten dutelarik. Ikuspuntu teoriko honek bi ardatz ditu helburutzat: 1) euskara eta euskal kultura ikuspuntu geografiko nahiz generikoek (generotik) murriztu gabe aztertzea eta indartzea – mota desberdinetako migrazioek leku pribilegiatua lukete nire azterketetan – eta 2) euskara nahiz EHari buruz zerbait esanguratsua dutenek bere lekua izatea euskal letretan; bere ahotsa errespetuz azaldua izatea, edozein hizkuntzatan idazten dutelarik.

            “Contact-uan” hitzak elkarren arteko komunikazio aberats bat izan nahi luke. Nire kontestu emigratutik – non AEB edo Amerikak direlarik habia puntu – euskal emakumeen literaturari buruz ingeles, erdaraz, nahiz euskaraz adierazia izan dena Sareinakeko irakurleekin konpartitu nahiko nuke. Ezin dezaket nire azterketa AEBetan izan dudan heziketatik at azaldu, ezta nahi ere! Beraz, eskatu nahi nizueke bertan azalduko ditudan gaiak, galderak, nahiz azalpenak, zuen ikuspuntuekin aberastea.

            Atal honi hasiera emateko Monique Urza hartu dut aitzakia. Monique Urza euskal familia emigratu baten hirugarren belaunaldiko idazlea da AEBetan. 1993an The Deep Blue Memory liburua argitaratu zuen – emakumaren ikuspuntutik argitaratu den lan bakarra euskal literatura amerikarrean. Lan literarioak aztertzeaz gain, AEBetan bizi eta lan egiten duten euskal emakumeen literatura ikertzen dutenen berri ere eman nahi nizueke: Linda White, Joseba Gabilondo, eta abar. Azkenik, AEBetan plazaratzen diren teoria feministak ere aurreratu nahi nizkizueke.

             “Contact-uan” saileko azalpen hau dei batekin bukatu nahi nuke; nire ikuspuntua kontuan harturik, Sareinak aberasteko beste gomendiorik bazenute, esan mesedez!

 

Sareinak 2008/01/04

ERANTZUNA

ZUBIAK ERAIKITZEN — 2008/01/15 12:35
Oso ikuspegi interesgarria!!!
“Contact-uan” egongo gara ba!
Muxuak!
;)

http://zubiakeraikitzen.blogspot.com/

Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)