Hemen zaude: Hasiera Blogak Prospektiba Berriak

Prospektiba

Berriak

G2020, Gipuzkoa 2020 Hausnarketa estrategikoa

G2020 Gipuzkoa 2020 Hausnarketa Estrategikoa

Etorkizunean Gipuzkoa berritzailea eszenategia lortzeko asmotan, GFA-k berriro helduko dio Gipuzkoa 2020 Hausnarketa Estrategikoari.

Horrela, jarraipena ematen zaio Jose Ramon Belokiren eskutik 2000 urtean etengabeko hausnarketa izateko asmoarekin jaio zen egitasmoari. Inoiz aipatu dugu blog honetan. Orain jarraipena ematea txalotzekoa da, batez ere behin baino gehiagotan esan dugulako hausnarketa prospektiboa, derrigorrez, etengabeko ariketa dela. Izan ere, prospektibaren definizioan dago: saiakera sistematikoa izan behar du.

Hori dela eta, Miramon Jauregian atzo egindako ekitaldian, Joxe Joan Gonzalez de Txabarri Diputatu Nagusiaren batera, Europar Komisioaren Ikerketa Zuzendaritzan dagoen Jean Marie Rousseau egon zen.

Beste batzuetan, J. Marie Rousseau Interneten etorkizunari buruz ikusi dugu hitz egiten, atzokoan Irlanda erabili zuen eredutzat Rousseauk, eta atzokoan esandakoen artean honekin geratzen naiz:

"Autopistak zabaltzeko inbertsioak egin beharrean, adimenak zabaltzeko egin behar dira" edo "Inbertsioa hezkuntza eta ikerketa bezalako ondare ukiezinetan egin behar da".

G2020 web: logo aldaketa bai, baina informaziorik ez

Duela gutxi arte, G2020 - Gipuzkoa 2020 hausnarketa estrategikoari zegokion informazio eta txosten guztiak www.g2020.net webgunean zeuden. Hausnarketak, aurkezpenak, txostenak, eszenategiak, ekarpenak, ... dena.

Baina, hausnarketaren irudia eta logoa aldatzearekin batera, informazioa desagertu egin da. Momentu honetan sarrera orri bat baino ez dago, irudian duzuena. Lehengo informazioa eta informazioa berria agerian ipiniko delakoan nago, momentuz dena desagertu egin da.

Horren faltan, gaurko egunkarietan esate baterako:


Technorati Tags: ,

Eneko Astigarraga 2005/11/05

Prospektiba eta wikipedia

wikipedia

Gaston Berger prospektibista frantziarraren arabera, prospektiba etorkizuna aztertzen duen zientzia da, etorkizuna ulertzeko eta etorkizunean eragin ahal izateko.

OECD - Organisation for Economic Cooperation and Development -aren arabera, prospektiba epe luzera zientzia, teknologia, ekonomia eta gizartearen etorkizuna aurreikusteko saiakera sistematikoen multzoa da, helburutzat onura ekonomiko eta sozial handienak eragingo dituzten teknologiak identifikatzea duena.

Wiki-Raid: prospektiba editatzen Wikipedian

Budapest-en egin zen bilera baten ondorioz, mundu osoko prospektiba zaleek indarrak batu eta gaurko egunean, urriak 31a, prospektiba eta orokorrean etorkizuneko ikerketak terminoen inguruan wikipedian dauden sarrerak gehitu, hobetu eta editatzea erabaki zuten.

Wiki-Raid esaten zaio "kedada" mota hauei, kasu honetan Future Study Wiki Raid izendatu dute eta deialdia World Futures Studies Federation delakoak (www.wfsf.org ) egin du. Hemen, Community Mobilization blogean azaltzen dute ondo.

Hizkuntza ezberdinetan ageri diren sarrera batzuk:

Prospective en francais

Prospectiva Catala

Foresight in english

Prospectiva espainolez.

Vilaweb komunikabide katalanak albistea jasotzen du eta laguna den Jordi Serra prospektibista katalan ezagunak katalanezko sarrerak landuko dituela dio.

Parte hartzeagatik euskarazko sarrera gehitu dut: Prospektiba .

Baina egia esan euskal wikipediak hutsune larregi ditu funtsezko terminoetan, prospektiba bezalako berba hain bereziak sartzen lan larregi hartzeko.

Baina tira, beste lurraldeetan prospektiba terminoarekin badabiltza, ez gara gu gutxiago izango :-)

Eneko Astigarraga 2005/10/31

Hezkuntza eta prospektiba, Prospecti... va aldizkarian

Prospecti... va Construyendo Futuros

Berriz ere Hezkuntza eta Prospectiva dira sarean dagoen Revista Prospecti...va, Construyendo Futuros, Millenium proiektuko aldizkariaren zenbaki berriaren ardatz nagusiak.

Mexikon espainolez argitaratzen den Prospektiba aldizkariaren 7. zenbakia ikusi eta irakurtzera gonbidatzen gaituzte Prospectiva posta-zerrendara bidalitako mezuan.

Era berean, aldizkariaren editoreak Miguel Angel Pérez Wong, datorren zenbakiari begira ekarpenak bidaltzera gonbidatzen du . Hurrengo aleak, zortzigarrenak, jorratuko duen gaia Prospektiba eta Zientzia Fikzioa da.

Eneko Astigarraga 2005/10/16

Podcasting politikoa

Podcasting politikoa

Guy Verhofstadt, Belgikako lehen ministroak Podcasting-a hasi du erabiltzen. Lehendik ere, albiste eta prentsa oharren jarraipenerako XML jarioa eskaintzen zuen, hori adierazten duen etiketa laranjarekin, nola ez.

Orain, bere asteroko prentsa agerraldiak podcasting moduan hasi du ipintzen eta zabaltzen frantsesez (www.premier.be/fr) eta flamenkoz (www.premier.be/nl ).

Oso ideia ona, bai horixe. Kopiatzeko modukoa.

Eneko Astigarraga 2005/10/13

Shuttleworth

Gaur goizean Araba Digitalak antolatuta Mark Shuttleworth Miñaon. Arabako Parke Teknologikoko Areto nagusia bete-betea zegoen.

Shuttleworth  Gazteizen 3

Bere espazioko bidaiko irudiak ikusten ziren bitartean, Shuttleworth-ek Software Libreaz hitz egin du denbora gehienean, aldez aurretik konbetzituta zegoen entzulego baten aurrean, egia esan. Beraz gehienek bazekiten gauzak aipatu ditu, baina hala ere, oso interesgarria izan da hitzaldia. Neurtua eta dinamikoa.

Nik ere, aurretik uste nituen pare bat gauza apuntatu ditut Mark Shuttleworth-en hitzalditik:

  • Software libreak etorkizun handia duela. Hazkunde tasa handiak ezagutuko dituela.
  • Software Librearen alde egiteko arrazoi ekonomikoak (merkeagoa, garapen endogeno lokala, ...), kulturalak (kultur aniztasunari edo hizkuntza gutxituen kasuari egoki erantzuten diola aipatu du) eta teknologikoak (aurreratuagoa, segurtasuna, ...) daudela.
  • Software jabedunetik software librera transizioa gradualki egin daitekela. Hutsetik dena aldatzera aldaketa handia dela, baina pixkanaka egiteak ez duela arazorik. Abiapuntua merkatu kuota handia duten aplikazioak izan daitezkela, adibidez: Apache, Firefox, web aplikazioak, ...
  • Software jabeduna sortzen duten enpresa handiak ez direla desagertuko. Egoera berriari egokitu egingo dira. Sektore hau beti izan da oso aldakorra.
  • Etorkizunean software banaketak unibertsalak izango dira, baina egokitzapen pertsonalizatuekin, kulturalak (kultura edo hizkuntzaren arabera), sektorearen arabera (hezkuntzarako, eraikuntzarako, metalerako, ...) edo talde profesionalen araberakoa (medikoena, irakasleena,...)

Shuttleworth  Gazteizen 1

Espazioan ibiltzeak, lurra han goitik ikusteak, lehendik kartografian zeukan zaletasuna berpiztu egin duela komentatu du. Beharbada, Tagzania garapenerako finantziatzioa eskatu beharko diogu!

Ekitaldiaren bukaeran E.S.L.E. Euskadiko Software Libreko Enpresen Elkartea aurkeztu dugu.

Eguneraketa, 2005.10.28

Gaur bertan 53R61-ren weblogean ikusi dut :

Orain Euskadi Digitalekoei esker hitzaldi horren audioa jaisteko prest daukagu esteka honetan:

www.euskadigital.net/especiales/ubuntu_shuttleworth.mp3

edo eta euren Podcast jarioaren bitartez:

www.euskadigital.net/rss/especiales.xml"

Audioan bapateko itzultzailea entzuten da gazteleraz eta atzetik Mark ingelesez berba egiten.

Gazteizera joan ez zirenentzako hitzaldia entzuteko aukera ona.

Eneko Astigarraga 2005/10/06

Jagoleen kluba

Irailaren 15ean, bloga estreinatu du duela bost urte sortutako Le Club des Vigilants , frantziako prospektiba elkarteak.

Nolabait esateko, elkartean zaintza kolektiboa egiten dute, eta blogaren bitartez iritziak kaleratu, baina batez ere elkarrizketa bideratzea nahi dute.

Argitaratzen dituzten alerten helburua erreakzioak sortarazi, bide berriak ireki, arriskuak jakinarazi, aukerak nabarmentzea da.

Esan bezala, elkarrizketak sortzea da helburu:

Le Club des Vigilants blogean zientzialari batek finantzario bati erantzuten badio, finantzarioak nekazariari, txinatarrak frantzesari,... orduan eta hobeto!

Nous voulons maintenant ouvrir, grâce à ce Blog, un terrain neutre où des gens de qualité pourront amorcer un dialogue. Notre souhait est que nos « Alertes » suscitent vos réactions, ouvrent des pistes, soulignent des risques, signalent des opportunités. Si un scientifique répond à un financier, un financier à un agriculteur, un Chinois à un Français, tant mieux !

Eneko Astigarraga 2005/10/06

Eibartarren ahotan, etorkizunerako artxiboa Interneten.

Interneten eskuragarri ipini berri diren Eibartarren ahotan proiektuaren emaitza batzuk aurkeztu ziren atzo arratsaldean.

Proiektuaren helburua Eibarko ahozko ondarea jasotzea da: herriko nagusiekin berba egin eta antzinako ipuin eta kontuak grabatu eta bideoz jasotzea.

Asmoa, hurrengo belaunaldiei XX. mendearen lehenengo zatiaren bizimoduaren ñabardurak eta alderdi desberdinak zehatz-mehatz, protagonisten ahotan, jasoko dituen ikusentzunezko artxibo eta datu-basea lagatzea, zaletuen gozamenerako eta adituen (filologo, historialari, etnografo zein soziologoen) azterketarako.

Izugarrizko lan sistematikoa eta antolatua egiten dihardute 1999 urtetik, besteak beste Asier Sarasua lankideak eta Itziar Alberdi-k. Aurkezpenean, era batean edo bestean ikerketan parte hartu duten Bego Azpiri, Jose Valderrey eta beste batzuk zeuden. Txalotzekoa guztien lana.

CodeSyntaxetik Interneteko sarbidea eta artxiboaren erabilpena errazten saiatu gara: datu basea, bilaketak, nabegazioa, Interneterako diseinua, ...

Eibartarren ahotan Interneten

Internetari begira, lan txukuna geratu dela iruditzen zait, baina benetako ondarea grabaketak eta bideoak dira. Lekukoen hitza jaso duten grabaketek.

Eibartarren ahotan artxiboak balorea handia du gaur egun, baina handiago izango du hemendik urte batzuetara. Atzoko aurkezpenean Itziar Alberdik ondo azaldu zuen bezala, ez bakarrik hizkuntzalaritzatik begiratuta, XX mendearen hasieran eibarko euskalkia jasotzen duelako, era berean, ahozko artxiboak balore etnografiko, historiko, soziologiko, ... handia duelako.

Otxabiña, elkarrizketatuen zerranda luzean ageri den eibarko militante komunista euskaldun historikoa hil da aste honetan . . Eibartarren zerredan aipatu da : Zahar bat hiltzen jakun bakotxian, memorixa zati bat juaten jaku. .

Proiektuaren inguruan Asierrek esaten duen bezala, hauen testigantzak orain ez baditugu grabatzen eta gordetzen, aurrerago ez dugu izango horretarako aukerarik: hau da garaia.

Eneko Astigarraga 2005/10/01

The Ubuntu Experience. Mark Shuttleworth Gasteizen

Mark Shuttleworth , Hego Afrikako ekintzaile, espazioko bigarren turista eta Sotware Librearen mezenas da. Ostegunean, urriak 6an, Araba Enpresa Digitalak Miñaoko Parke Teknologikoan antolatu duen hitzaldian egongo da.

Duela ia 10 urte, 1996. urtean, Shuttleworth-ek Thawte enpresa garajean sortu zuen, ziurtagiri digitaletan eta Interneteko segurtasunean espezializatutakoa.

Beranduago, 1999. urtean, Verisign enpresak Thawte erosi zuen.

Lortutako etekinekin HBD Venture Capital , negozio eta arrisku kapitaleko hazitegia, eta Shuttleworth Fundazioa , - Hego Afrikako gizarte-berrikuntzan eta hezkuntza-proiektuetan aritzen zen irabazi asmorik gabeko erakundea - sortu zituen.

Lehen afrikarra espazioan?

Shuttleworthek mundu mailako ospea lortu zuen 2002ko apirilaren 25ean, historiaren bigarren kosmonauta zibila eta, kroniken arabera, espazioan izandako lehen afrikarra izan baitzen.

Baina, eztabaida dago puntu honetan, Wikipedian irakurri daitekenez batzuen iritziaren arabera, Kamerunen jaiotako Patrick Baudry , Kamerun frantziako kolonia zenean, kontsidera daiteke lehen kosmonauta afrikarra moduan. Beste batzuk, aldiz, Baudryk beti nazionalitate frantziarra izan duela diote eta ezin dela lehen kosmonauta afrikarra izan.

Dena dela, urtebete entrenatzen ibili ondoren, Soyuz TM-34-ren barruan Nazioarteko Estazio Espazialera heldu zen Shuttleworth.

Hantxe zortzi egunean IHESA, genoma eta beste gairi buruzko zenbait esperimentutan parte hartu zuen.

Software librearen bultzatzailea

Shuttleworth 90eko hamarkadatik Linux Debian-eko banaketaren garatzaile bat izan zen, eta 2004ean Software Librearen mundura itzuli zen Linux-aren garapenari eta hedapenari ekin zion; Ubuntu izeneko proiektuaren bidez.

Doan eta erraz erabiltzeko modukoa zen. Orain dela gutxi Ubuntu Fundazioa sortu du eta hasieran 10 miloi dolar inbertitu ditu horren garapen eta euskarrirako.

Ubuntu-rekin (Linux for Human Beings), hizkuntza anitzeko eta plataforma anitzeko Linux erraz eta doan baten erabilera komunitate guztiei zabaltzea zuen helburu.

Markek Ubuntu proiektuaren iraganari, orainari eta etorkizunari buruz hitz egingo du, ostegunean, urriak 6, 12.00etatik 13:30etara, Arabako Teknologi Parkean, Miñaon.

Gizartean, eta bereziki enpresen eremuan, Software Libre-ak zer nolako abantaila eta aplikazio dituen ere azalduko ditu, eta beste ekintzaile batzuentzat Software Librean oinarritutako negozio-eredu batzuk ere erakutsiko ditu. Guzti hau, Araba Enpresa Digitalak antolatu duen hitzaldian.

Seguru gauza interesgarriak dituela esateko, ni behintzat han izango naiz entzuteko eta ikasteko. Gainera, egun berean, duela gutxi martxan ipini dugun eta Software Librearekin zerikusia duen proiektu baten aurkezpena egingo dugu Miñaon.

Eneko Astigarraga 2005/10/01

Nahi duzu Europako Teknologia Instituto bat?

Europako ikerkuntzaren lehiakortasuna Ipar Amerika eta Asiaren aurrean mantendu nahiean, Komisioak Europako Teknologia Institutoa sortu nahi du.

Cordis ikerketa buletinak jasotzen duen bezala , AEB-n MIT (Massachusetts Institute of Technology) zentroa dagoen bezala, Europan EIT (European Institute of Technology) ikerketa zentroa izan behar genuela bota zuen Barrosok joan zen otsaileko bilera batean.

Eurodiputatu batzuk Strasburg-en bertan izan behar zuela zioten, baina nolakoa, zein eremu, zein egitura,... izan behar duen jakiteko, galdekizuna ireki da duela gutxi Europako Komisioaren webgunean .

Iritzia eman nahi baduzu, hemen duzu galdeketarako Europar Komisioak ireki duen orria: European Institute of Technology Consultation

Lau galdera nagusi dituen galdetegian zuzenean erantzuteko aukera dago

Emaitzak 2006 urtearen hasieran argitaratuko omen dituzte. Erantzunen arabera erabakiko da proiektua aurrera eraman edo ez, eta nola.

Eneko Astigarraga 2005/09/28

Hilda dago dmoz?

¿DMOZ está muerto? galdetu du norbaitek Barrapunto bitakora espainolean eta Dmoz - Open Directory Project proiektuko world/euskara atal euskaldunarekin akordatu naiz.

Ez dakienarentzat, labur azalduta DMOZ - Open Directory Project editore bolondresen lanari esker egindako web direktorioa da. Gizakiek egindako munduko web direktorio handiena. Kreditoetan ageri den bezala, mozilla.org , ChefMoz , MusicMoz , Open-Site eta Wikipedia guneen webgune anaia.

Gaurko datuen arabera, Dmoz-ek 5 miloi webgune baino gehiago indexatuak ditu eta ia 70.000 editore bolondresak lanean edo gutxienez izena emanda ditu ( 5,148,836 sites - 69,629 editors). Beraz, datu handiak eta gende asko kolaboratzen proiektuan.

Baina, nola aldatzen diren gauzak, gaur eguneko bilatzaileak oso indartsuak dira, duela urte batzuk baino askoz ere potenteagoak, dudarik ez.

Hasiera batean, direktorioek Interneteko anabasa ordenatzeko balio zuten. Informazioa ataletan sailkatzeko. Horrela, 1998 urtean Netscape-k hasi zuen Dmoz-ODP proiektu librearekin, Yahoo-k bere direktorioarekin, eta horrela Altavista eta beste askok, bakoitzak berea egiten. Baina, bilatzaileak indartzerakoan direktorioak ez dira hain erabiliak, eta jendeak zuzenean bilatzaileetara, Googlera esango nuke nik, jotzen du, direktorioak baztertuz, edo alde batera utziz.

Hori egia izanik, nere ustez arrazoi ezberdinengatik eta ez dakit zenbat denboratarako, Dmoz-ODP garrantzitsua izaten jarraitzen du oraindik:

  • Alde batetik, Googlek (eta beste batzuk), DMOZ - Open Directory Project-eko direktorioa darabil. Esate baterako, Google Directory-ren atal euskalduna, www.google.com/Top/World/Euskara/ , Open Directory Project-eko www.dmoz.org/World/Euskara/ atal euskaldunetik ateratzen du. Konparatu biak eta berdinak direla ikusiko duzue.
  • Bestetik, Googleren emaitzetan ageri diren definizioak , kasu askotan Dmoz -ODP-tik ateratako definizioak dira. Esate baterako, Google-n Kontseilua bilatu eta ematen den definizioa The Council is bringing together all those organisations and groups whose prime aim is to encourage the normal, everyday use of the Basque language, Euskara, zuzenean Dmoz-ODPtik hartutako definizioa da.
  • Gainera, Googleren algoritmoa ezkutua bada ere, badirudi hobeto indexatzen dituela Dmoz-en jasotako webguneak.

Baina, etorkizunari begira, eragozpenak ditu:

  • Gaur egun jendeak ez ditu direktorioak erabiltzen, eta joera honek direktorioen etorkizuna baldintzatu dezake, argi eta garbi.
  • Googlek Dmoz erabiltzen zuela zabaldu zenean, webmasterrek eskaerak eta eskaerak bidaltzen zituzten Dmoz-ODPera, editore bolondresak lanez gainezka ipini arte. Bolondresak izanik, erantzuteko kapazitaterik ez genuen eduki.
  • Bestalde, webmaster batzuk editore "bolondres" giza sartu ziren dmoz-en beraien webguneak promozionatzeko asmoarekin, eta ez lan serio eta objetiboa egiteko.
  • Editoreen onarpena ondoegi funtzionatzen ez duela iruditzen zait. Ezaguneren batek izena eman du aspaldi eta ez du erantzunik jasotzen. Horrelako zerbait aipatzen da Barrapunto-n

Eta Euskal Open Directory Project-a?

Ba, geldi xamar dagoela esango nuke. Editore gutxi gaude. Azken boladan Albertok lan izugarria egin du, baina atal nagusiak, Kultura eta Ekonomia izan ezik, ez dute editorerik.

Gaudenak "editore zaharrak" gara, 1999 urtetik ni, beste batzuk nere aurretik, eta hasierako kemena galduta dugula iruditzen zait.

Dmoz-eko atal euskaldunetik sortu zen Aurki direktorioa . Baina argi dago gaur egun Aurkiren bidea askoz ere biziago dagoen euskal blogosfera jaso eta sustatzera bideratu behar dela, nahiz eta oraindik martxan egon Dmoz-ODP proiektuarekin lotura zuzena duen Aurki Bilatzailea .

Aldiz, katalanak (bai, bai, beti katalanekin konparatzen, 8 miloi hiztun dira, badakit) World/Catala atala oso bizia, ODP-ko barne foroetan ikusten da, eta osasuntsua dute, 42.415 webgune indexatuak, Euskal atalak 2.406 webgune baino ez dituen bitartean (Orain lan gehiago aurreikusten dute ODP-ko editore katalanek, dominio asko .es-etik .cat-era pasatuko direlako).

Hemen duzue hizkuntza guztien zerrenda , asko, tartean Bable edo Interlingua bezalakoak.

Ez dakit editore berririk animatuko den euskal atalerako , lan erraza da, muzu truke baina estres gabekoa. Froga egin nahi baduzue, aukeratu atal bat eta eskatu editore izatea!

(editoreen interfazea, hori bai, euskaraz dago)

Eneko Astigarraga 2005/09/20

"Etorkizuna interesatzen zait datozen urteetan bertan biziko naizelako".

Prospektiba, estrategia eta plangintzari buruzko bloga.

Azken erantzunak
Patricia fabian, 2010/01/13
lisbet patricia, 2010/01/13
www.tusitiowebgratis.com.ar diseño de paginas web, 2009/11/30
SITE aaaaa, 2009/11/03
2009/14/07 panchi, 2009/07/15
Etiketa lainoa
...eta kitto! 0 2018 Administración Ana Morato Barcelona Bartzelona Berriak Bilbao Bitxikeriak CUIMPB CodeSyntax Codesyntax Desarrollo Local Deusto Diputación ESTE ESTE Deusto Estrategia FLOSS FLOSSMetrics Flossmetrics Future studio GPS ISEA Interoperability Joerak MCC Metodoak Morfeo Newport News OBOOE OCDE OECD OPTI Open_Source PriceWaterHouseCoopers Prospectiva Prospektiba TID UE ZEA ZEA Partners ZEA_Partners award bartzelona bbec behatokia blog blogak catalunya cinum clases codesyntax curso deusto eGovMoNet egunkaria egunkarialibre eibartarrak empresa escenarios eskola estrategia etorkizuna euskara gizakiak hauteskundeak ikastaroak joerak lurraldea makinak mede medioambiente open standars organizacion personas plonegov projet prospectiva prospektiba prospektiba bartzelona Woody_Allen cuimpb proyecto puntueus serveis socials software libre software_libre software_librea spri tecnologia telebista udalplone zibilizazio_digitala