Jendiari asko kostatu jakon guria lan profesionala zala ulertzia
JASONE OSORO eta MAITE REMENTERIA.
Elkarteko langile profesionalak
Elgoibarko Izarrako langile profesionala izatea zer den kontatu digute Jasonek eta Maitek. Militante-lanetan hasi ziren biak Txitxilibakio aldizkarian; gero, bost urtez profesionalak izan ziren BARRENen, eta, orain, militante-lanetara bueltatu dira berriz ere. Maite eta Jasone, ezagunak hasieran, lankideak gero, eta lagunak orain.

Gogoan al dituzue profesional lanetan eman zenituzten lehen pausoak?
(Maite) Bai, Txitxilibakio bertan behera laga ondoren, BARREN izango zana prestatzen jardun genduan lan-talde batek. Gero, maketazio-ikastaro bat egin naban, eta 1992ko abenduan hasi nitzan maketatzaile moduan.
(Jasone) Nik ere proiektua prestatzen jardun naban. Gero, kazetari izateko probak egin nittuan, eta bigarren geratu nitzan. 1994an hasi nitzan BARRENen la-nian lau orduko kontratuakin.
Aurpegi arraroak ikusi ziren Elkarteak langile profesionalak hartu zituenean, ezta?
(J) Bai. Izan ere, ordura arte lan guztixa militantia izan zan Elkartian, eta jendiari kostatu egin jakon aldaketia ulertzia.
(M) Bai, baiña ez zan gure kontua baka-rrik izan. Euskalgintzan ere, oro har, oso lan profesional gitxi zaguan. Baiña etapa baten amaieria ikusten zan, eta, nere ustez, profesionalen biharrian geunden.
(J) Sasoi haretan erabaki haura hartu izan ez balitz, Elkartia oso diferentia izango zan gaur egun.
Zelakoak izan ziren lehen lan-egunak?
(M) Oso gogorrak. Proiektu berrixa zan, eta dana geuk egin bihar gendun. Gaiñera, hasieran iñork ere ez zaban guria lan serixo moduan hartzen. Jendiak ez zaban pentsatzen gu soldatapian geundenik; lan militantia egitten genduala uste zaban herrixak.
(J) Maitek arrazoia dauka. Elkarteko langillia izatiak ez dauka prestigiorik. BARRENeko kazetarixa, esate baterako, ez zan kazetarixa; kazetarixa izateko DVko, ETBko edo Euskadi Irratiko kazetarixa izan bihar ziñan. Aitor Zabala kazetarixa zan, baiña guk BARRENen lan egitten genduan, besterik gabe.
Eta zuek sinesten al zenuten zuena lan profesionala zela?
(J) Batzuetan guk ere geure dudak izaten genduzen. Akordatzen naiz Euskal Bizikleta Elgoibarren amaittu zanian pasatu jakuna. Han jun giñan Mintxetara Ainhoa (Lodoso) eta bixok gure akredita-ziuak eta kamarak hartuta. Harro, pozik. Prentsako zonara iritsi giñanian, zer zan haura! Danak kristoren kamarekin zauden. Gure kamara ziztriñak etaratzeko lo-tsaz egon giñan. Jendiak guri begiratu eta, hauek nundik ete datoz?, pentsatzen zeben. Orduan konturatu giñan guria diferentia zala; ni ere ez nitzan hain profesionala sentittu.

Soldatak, adibidez, zelakoak ziren Elkartean?
(J) Hasieran ondo, ez naban gehixago bihar, baiña banakixan kobratzen genduana ez zala diru asko.
(M) Nik uste dot soldata duiñak zirala, baiña sartzen genduzen ordu guztixak kontatuz gero, ez genduan asko kobratzen.
Zer eman dizue Elgoibarko Izarrako langile profesionalak izateak?
(M) Nik, batez ere, bi gauza daukadaz Elkarteari eskertzeko: bat, lanian izan naban askatasuna gauzak egitteko, erabakitzeko eta ikasteko orduan. Dana norberak egin eta erabaki biharrak asko aportatu zidan. Eta, bi, lan-taldian izan genduan girua.
(J) Bai, nik ere BARRENetik jaso doten onena lagunak izan dira. Hasieran lankidiak ziranak orain lagunak dira. Eta, nola ez, ni BARRENen egin nitzan kazetari.
Herritarrengandik oso hurbil jardun zenuten lanean, ezta?
(J) Bai, eta horrek bere alde on eta txarrak daukaz. Izan ere, adibidez, jendiak asko pertsonalizatzen zittuan BARRENen izaten genduzen tirabira batzuetako arazuak. BARREN inplikatu biharrian, pertsonarekin sartzen ziran. Une txarrak pasatu genduzen.
(M) Bai, hori hala da. Baiña, beste aldian, jendiak pastelak eta bonboiak ere ekartzen ziguzen BARRENera, ondo ari giñala eta berdin segitzeko esanaz.
Horrelako elkarte batean lan egiteak, militantzia puntu bat eskatzen al du?
(M) Bai, nik BARRENen egin dittuten gaupasak ez dittut sekula ahaztuko. Parrandan baiño gaupasa gehixago egin nittuan lanian. Hasieran egun osua ema-ten naban BARRENetik urten gabe.
(J) Bai, gaiñera Elkartetik askotan errepikatzen ziguen langille profesio-nalok militantiak ere izan bihar giñala, eta, batzuetan, karga bat ere izaten zan.
(M) Ez zaguan militantiak izan bihar genduala esan biharrik, berez giñan. Baiña militante asko zaguan Elkartian, eta profesionaleri militantzia eskatzia normala zan.
(J) Bai, baiña nere ustez profesional bakoitzak erabaki bihar dau militantzia zenbat eta noiz eman. Eskatutakua baldin bada, militantzia ez da militantzia.
Proiektuarekin bat egin behar al da horrelako elkarte batean lan egiteko?
(M) Bai, Elgoibarko Izarran eta BARRENen sinisten gendualako eman genduan hainbeste. Hori beste lan batek ez dizu ematen, eta zuk ere ez diozu ema-ten guk hamen emandako guztixa. Horrelako lanetan badago hitzez azaldu ezin dan zeozer.
(J) Nik hogei urte naukazen eta ez nitzan hain kontziente egitten geniharduenaz. Banakixan zer zan haura dana, baiña ez naban gaur egin neikien gogoeta edo irakurketarik egitten.
Zelakoa izan behar du Elgoibarko Izarrako langile profesional batek?
(M) Langille profesionalak, batez ere, profesionala izan bihar dau. Baiña, atzetik, enpresa bat izan biharrian elkarte bat daguanez, langille horrek elkartiaren helburuak sinistea komeni da.
(J) Nere ustez, lana nun egitten dan ez da hain garrantzitsua. Egitten dozun lana gustatzen jatzun edo ez da benetan ga-rrantzitsua. Egitten dozun lanian sinisten badozu, berdin da enpresa batian edo elkarte batian lan egin.
Amaitzeko, zelako aho-gustua geratu zaizue profesional moduan emandako bost urteak eta gero?
(J) Ona. Eta batez ere jendiak zenbat estimatzen giñuzen geratu jata. Oso ha-rrera ona egin ziguen, eta, kalian nabi-llenian, jendia hasierako lan-taldekuekin akordatzen dala konturatzen naiz. Eta hori betiko geratzen da barruan.
(M) Neri ere oso aho-gusto ona geratu jata. Elgoibarrentzat garrantzitsua izan dan proiektu baten parte izan nitzan.