Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola / Ederra dator itzulia

Ederra dator itzulia

gabiria 2005/04/05 08:02

Euskal Herriko Txirrindulari Itzuliaren aurtengo maila itzela da. Aspaldi ez da egon horrelako partaidetza bikainik, baina denei buruz berba egitea ezinezkoa denez, atzo aurreko tropelean heldu ziren ziklistarik nabarmenenak baino ez ditugu aipatuko:

Valverde, Julich, Pellizotti, Rebellin, Pereiro, Savoldelli, Garzelli, Frigo, Heras, Menchov, Contador, Beltran... eta zelan ez: atzoko etapako irabazlea, Danilo Di Luca; eta iazko Giroko irabazlea, Damiano Cunego.

Ez ditut alferrik azkenerako utzi bi horiek.

Danilo Di Luca sekulako ziklista iruditu zait beti, 2000. urtean itzuli honetako La Lejanako helmugan lortu zuen garaipenetik. Adi, ze gaur leku berera helduko da itzulia. Di Lucari ederto datorkio gaurko etapako amaiera gorabeheratsua, batez ere ikusita ze indartsu dagoen, bera eta bere taldea. Dudarik gabe, kontuan hartzeko moduko ziklistak dira atzo Zarauzko helmugara aurreko tropelean sartu ziren Liquigaseko laurak: Di Luca, Pellizotti, Garzelli eta Noe. Ederto daude, oso indartsu, eta gaur ikusiko da nor den benetako liderra talde horretan.

Damiano Cunegori dagokionez, zer esan? Iaz Giroa zelan irabazi zuen ikusita, ulertuko duzue mirespenez begiratzea italiar gazteari. Atzo bosgarren geratu zen, eta bada zerbait: Girorako hilabete eskas falta da, baina ikusten da fin dagoela, edo hori pentsatu nahi dut. Poztuko nintzateke Cunegok irabaziko balu Euskal Herriko itzulia! Kontua da beste askok irabazita ere poztuko nintzatekeela.

Valverde, berriz, ikaragarri dago. Ikusi zenuten egin zuen sprinta? Onena izan zen, hirugarren geratu zen arren. Oso-oso-oso atzetik etorri zen, txarto kolokatuta. Eta, hala ere, denak gainditu eta hortxe sartu zen. Liquigasekoen gurpila hobeto zaindu izan balu, hanka erdiarekin irabaziko luke murtziarrak. Ona, oso ona da morroia.

Aurreko tropela

Aurreko tropelean euskaldun bi baino ez ziren sartu: David Etxebarria (seigarren) eta Aitor Osa (hamaseigarren). Itziartarrak eraso polita jo zuen Garate gainean, eta Davide Rebellin irten zitzaion atzetik, baina ez zuten tropela apurtu. Merezi du Osatarren zaharrenak zerbait polita egitea itzuli honetan (2002an irabazi zuen), baina berak ere aitortu du Valverderen menpe egon beharko duela, normala denez.

Euskaltel taldeari dagokionez, ez zuen inortxo ere sartu aurreko taldean, eta Gorka Gonzalez zarauztarra izan zen talde laranjako lehenengoa, 45. postuan eta 21 segundora. Horrenbestez, etaparen bila joan beharko dute Gorosperen mutilek, aurten inauguratu barik duten palmaresari hasiera eman nahi badiote. Triste ari dira iazko Tourretik, burumakur. Eta iruditzen zait aurtengo denboraldia txarto planifikatzen ari direla, denboraldi hasierari hain kasu gutxi eginda. Badirudi gehiago ari direla Mayoren denboraldia prestatu nahian, beste ezer baino. Zergatik ez dute izan 10-12 txirrindulariko taldetxoa fin denboraldi hasierarako?

Aldiz, beste euskal taldeak, Kaikuk, bai sartu zuen txirrindulari bat aurreko taldean: Ricardo Serrano espainiarra hain zuzen ere, itzelezko erasoa jo zuena Garaten gora. Pereiro zihoan une hartan aurrean ihes eginda, baina Serranok gezi baten moduan aurreratu zuen, harrigarria izan zen. Baina badakizue: azienda ahulak zorri asko, eta Serranori katea irten zitzaion. Jaitsi barik, eskuarekin sartu zuen atzera katea, eta plater handiarekin ekin zion berriro maldari. Indartsu dagoen beste bat, antza.

Kaikuk Dioni Galparsoro ere ondo omen dauka, Oscar Guerrero zuzendariak esana baita lehenengo hamarren artean sartzeko asmoa zuela. Orain zailago izango du, 21 segundoko tartea baitago lehenengo eta bigarren taldeen artean, eta hori, hain itzuli laburrean, oso zaila da gainditzeko. Batez ere, kontuan izanda aurrean zelako jendea dagoen, eta zelako taldeekin.

Eta atzoko beste euskaldun protagonista, Iban Mayoz donostiarra, garai bateko Jose Luis Mayoz haren semea. Ia hasiera-hasieratik egon zen ihes eginda, Carlos Zarate espainiarrarekin batera. Baina jendeak Iban Mayoz entzun eta Iban Mayo pentsatzen du, eta lankide bi etorri ziren atzo galdezka eta ilusionatuta, entzun dutela Mayo ihes eginda doala. Baina ez: Mayoz zen, Mayoren izen bera duen beste txirrindularia.

Aurten ere, seguru nago Iban Mayoz Iban Mayo ibiliko garela, baina alferrik: asko harrituko nintzateke Iban Mayok noizbait Tourra irabaziko balu, eta ez txarra delako, ez: kontua da onartu beharko dugula Tourrean etapak irabaztea ere oso gauza handia dela, eta Dauphine irabaztea ere ez dagoela edonoren esku. Tourra irabazteko, berriz, ziklista ona izan behar da (Mayo bada), baina, gainera, suertea izan behar da, talde ona izan behar da (Mayok ba al du?) eta mila faktore ez-matematiko. Iaz ilusio handiegiak egin zituen jendeak, Alcobendaseko karrera irabazi zuenean. Gero beste garaipen batzuk etorriko ziren, baina jendea eta medioak Tourraren aukeraz hizketan hasi ziren Mayok Alcobendasen irabazi zuenean, eta horrela zaila da zerbait txukuna egitea. Horregatik diot Mayoz Mayo ibiliko garela aurten ere, gehiegi nire gusturako. Eta oker egon nahi nuke, baina ez dut uste Tourrik irabaziko duenik.

Denboraldi hasiera ikusgarriak

Esate baterako, Julich eta Contador ere bikain ari dira. Estatubatuarrak sekulako denboraldi hasiera izan du, Paris-Niza eta Nazioarteko Kriteriuma irabazi ditu eta. Aldiz, Alberto Contadorrek Kataluniako Setmana irabazi du, eta erakustaldi ederrak egin ditu Paris-Nizan eta Milan-San Remon, adibidez.

Gaurko etapa

Une honetatik aurrera, eliminazio lasterketa egin nahi izango dute batzuek, etsai batzuk paretik kentzeko. Izan ere, 42 txirrindulari daude denbora berarekin, eta oso izen handiak daude tartean.

Hasteko (edo jarraitzeko, hobeto esanda), gaur etapa polita daukagu: Zarautz-La Lejana, 166 kilometro.

Helmugarako 60 kilometro inguru falta direla hasiko da festa, Zugaztieta igo behar baitute. Gero, jaitsi eta gora eta behera ibiliko dira Bizkaiko mugetan, txirrindulariek "pestoso" deitzen duten bide horietako batean. Gero, Kobaron eta, azkenean, La Lejanako igoera izango dute.

Adi atzoko protagonistekin, etapa bat lortu duenak bi ere lortu nahi izaten ditu eta! Lortu ez zutenek ere ondo estututa dituzte hortzak, a zelako plantela aurtengoa...

etiketak: Ziklismoa
Julen
Julen dio:
2005/04/05 22:11

Aizu zein ongi Julen, zure aurreko liburuan bezala txirrindularitzari buruz hitz egiten. Gai politta da, eta ikusten denez ongi ematen zaizu. Xabier Usabiagari bezala, esate baterako.

Julen
Julen dio:
2005/04/05 14:04

Ez neban Etxebarriaren alkarrizketa hori leidu, Aritza. Non urten zan? Leiduten dodanean, esango deutsut hori be arrazoia dan Mayok Tourra ez irabazteko.

Afariarena, eginda. Lekua ipini beharko da: Aretxondon?

Ondo esan dozu, Aritza: Euskaltel apustu bakarra egiten dabil, udako apustua, baina bien bitartean udabarri osoa muturren aurretik pasauko jake enterau barik. Momentuz, Paris-Niza, Milan-San Remo, Tirreno, Kriterium, Murtzia, Setmana... karrera gehiegi oindino Euskaltelen kolore laranjarik ez agertzeko.

Aritza
Aritza dio:
2005/04/05 13:06

Gainera Di Lucak berak 2000. urtean Trapagaranen amaitu zan etapa (gaurkoa) irabazi egin eban. Bestetik, oso adierazgarriak izan ziren David Etxebarriaren berbak (atzo irakurri genduazanak) Libertyra zergatik joan zan azaltzeko. Hori bere, Julen, sartuko zenuke Mayok Tourra inoz ez irabazteko arrazoi multzoan? Nik uste dot kapaza dala irabazteko eta irabazi egingo dauela (afari bat??). Baina egia esanda Euskaltel-Euskadikoak itzuli handietara begira dagoz (Tourrera batez bere), baina hor gauza asko kontuan hartu behar dira irabazle izateko (erorikoak, sortea, taldea, karrerako bat-bateko erabakietan asmatzea,...) eta nago ni pustura bakarra egitea lar arriskutsua ez ete dan. Ikusiko dogu. Euskal Herriko Itzulian dagozan txirrindulariak eta ez dagozanak ikusita, sano gatxa begitantzen jat bakarrak irabaztea. Maila handia, zalantza barik.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.