Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia

Artekale (II)

gabiria 2005/02/16 08:07

Lagun batek esan dit lagun batek esan diola zelan, duela makina bat urte baino gehiago, negu betean, elurtzak hartu zuela Bilbo. Ezin zela Zazpi Kaleetatik ibili ere egin, dena zuri-zuri, eta zaldirik sendoenek ere ezin zituztela gurdiak mugitu elurraren gainetik, hain handia zen negu hartako otso-giroa.

Bada, merkatari aberats bat joan zen Gregorio Martínen bakailao-dendara eta, mahai gainean sekulako dirutza jarrita, esan zion egiteko zerbait. Hurrengo goizean, Zazpi Kaleetako seitan ezin zen ibili, zaldirik sendoenak ere ez. Artekaletik bai: Gregorio Martinek biltegiko bakailao guztiak eta gatz guztia atera zuen kalera, eta elurretara bota zituen, dena urtu arte. Lagunak esan dit lagunak esan diola ikusteko modukoa zela Artekale gau hartan, kalearen punta batetik bestera elur gainean bakailaoak jarrita, eta mundu guztia balkoietan, eta Gregorio Martín eskopeta batekin zaintzen, badaezpadan, ez ote zen inor ausartuko bakailaoetako bat lapurtzen, gose garaia zen eta.

Hortxe dago, oraindik ere, Gregorio Martínen denda: "Almacén bacalao y coloniales". Ezaguna da, batez ere, dendaren kanpoan duen bakailao-formako kartelagatik, zoragarria. Izena ere ederra du, eta barrua zer esanik ez, txunditzeko modukoa. Mostradore handia, seinale, gaur egun bezala, garai batean ere denda hau bezeroz gainezka egoten zela. Eta dendariak, lau edo bost dendari mostradorean atzera eta aurrera, ikustekoak dira euren bata zuriekin: eszenatoki horretan, aktore horiekin, denda osoa hartzen duten bakailaoekin, gerriraino heltzen zaizkizun indaba zakuekin, gerraostekoak diruditen kartel horiekin, denbora gelditu egin dela ematen du, ze garaitan ez dakidan arren.

Merkataritza zentro erraldoi bihurtzen ari den auzo bateko, hiri bateko, gizarte bateko azken dinosauroak dira, ozta-ozta irauten dutenak gehiago eta merkeago saltzeko gai diren piztien artean. Baina horiek, piztia horiek, ez dira gai kale osoko elurra bakailaoekin urtzeko.

etiketak: Bertan Bilbo
sardina bat
sardina bat dio:
2005/02/16 12:40

Pasa den abenduan, amarekin egon nintzen denda horretan gabon gaueko afarirako makailaua erosten eta gogoratzen dut bertara heldu nintzenean, izugarrizko jende ilara zegoela, ia ia kale erdia betetzen zuen, eta ez nabil gezurretan! ilara ha, bakailauaren buztana baino luzeagoa bazen behintzat. Eskerrak ama ikusi nuen barruan eta kostata sartu nintzen mostradoreraino. Ama agurtu ostean, dendariarekin zeukan elkarrizketa entzuten jarraitu nuen eta amak txantxetan galdetu zion ea bakailau freskoa zen eta dendariak zera erantzun zion: "bakailaua ona ez badago, ekar ezazu sukaldaria, bertan aldatuko baitugu!" Eta benetan esango dizuet, horrelako erantzun xelebrerik ez diodala inoiz dendari bati entzun.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.