Andres Urrutia
Andres Urrutia (Bilbo, 1954) euskaltzainburuak Bizkaie aldizkari digitalean esandakoak:
Kalitateko euskaraz
Kalidadeko euskerea egon badago, hiztunengan eurengan. Kalidadeko euskerea da gaur egun komunikabideetan egiten dana?
---------------------------------------------------------------------------------------
Ezetz esango nuke: salbuespenak salbuespen, komunikabideetako euskara ez dela kalitatekoa. Beharbada jendea ohituz joan da komunikabideetan erabiltzen den hizkuntzara, eta duela zenbait urte baino erraztasun handiagoarekin jarraitzen da, esate baterako, telebista. Niri, batez ere, telebista interesatzen zait masen komunikabide moduan. Euskararen egoera dela eta, Berria ez da masa komunikabidea (beste alde batetik, ez da gauza bera egunkaria irakurtzeko ahalegina egitea edo telebista ikustea-entzutea), eta Euskadi Irratia ere ez. Euskal Telebista interesatzen zait niri, nolabaiteko masetara helduko den komunikabidea den aldetik eta, beraz, euskararen normalizaziorako tresna izan zitekeen aldetik. Baina ez da. Hizkuntza ingeles estandarraren eredu nagusia BBC den bezala, telebistak badu edo izan dezake hizkuntza baten eredua emateko modua. Baina Euskal Telebistak ez du holakorik egiten, duen aukera eta potentzialtasuna ez du erabiltzen: berriz ere salbuespenekin, kazetari batzuk salbatuta, ETBren euskara eredua ez da uniformea, edo ez dator bat Euskaltzaindiaren arauekin, edo, zuzen-zuzenean, itzelezko astakeriak botatzen dira. Zuzentzaileak badaude, baina ez dira denera iristen, antza. Beharbada batez besteko ikuslea ohitu egingo zen eta eroso ere sentituko da akaso, esate baterako Sorginen Laratza ikusita, baina euskararekin lan egiten duenak belarria minduta amaitzen du ETB-1eko butaka-saio baten ostean. Kiroletan, adibidez, maila ona lortu da urteekin, eta kirol bakoitzerako terminologia ere sortu da. Umeen saioetan ere (marrazki bizidunetan eta) esango nuke euskara bizia eta egokia dela. Dokumentaletan ere bai. Baina, hain zuzen ere, horixe da tristeena: ze programa salbatzen den aukeratzen ibiltzea, eta beste guztietan belarria minduta ibili beharra.
Arrazoi dezu Julen. Oso arreta gutxi eskeintzen zaio. Nik ere askotan sentitu izan det hutsune hori, zuzentzaileena alegia. Telebistan entzundakoak pisu haundi haundia dauka gainera. Gazteleraz ere ematen da, gauzak modu ez zuzenean esatea, baina inola ere ez gauza oinarrizko oinarrizkoetan, euskeran bezela. Eta inor ez da asaldatzen (tira, zu, ni eta beste gutxi batzuk ezik...)