Pauso txikiak
(Deian gaur argitaratutako zutabea. Sail luze bateko lehenengoa izango denez, izena jarriko diogu sailari: "Bertan Bilbo", Iñigo Aranbarrik duela egun batzuk bere artikulu bati emandako izenburu bera erabiliz)
Pauso txikiak
Urte bi eta erdi joan dira azkenekoz sentsazio hau izan nuenetik. Egia esan, Bilboko kaleetatik lasai paseatzeak, mendira joateak eta neure buruarentzako denbora hartzeak ematen duen sentsazioa behin baino gehiagotan izan dut azken urte bi eta erdian, baina beti pentsamendu txar batekin atzean: hau egiten ari banaiz, da benetan egin behar dudana ez nabilelako egiten. Pentsamendu gaiztoa da, gupidagabea, bakean uzten ez zaituen mailua. Baina amaitu ditut derrigorrez egin beharreko horiek, gozamena eman eta arnasa kendu didaten lan horiek, eta orain aske nabil Bilboko kaleetatik, eta nire pausoek ez daukate beste jendearen pausoen antzik. Edo igual badaukate, igual nire pausoak oraintxe dira, hain justu, besteenen berdinak. Baina hauexek dira nire pausoak, eta hori da onena. Nire pausoak orain lasaiagoak dira, eta geratu egiten dira eskaparate guztien aurrean, baita arropa dendetako eskaparateen aurrean ere, eta noizean behin kale izkina batean geratzen dira eta jendeari begira jartzen naiz.
Aurtengo zutabeetan, gaurtik hasi eta ekainaren amaiera arte, Bilboko Zazpi Kaleetatik paseatzen ibiliko naiz. Aurtengo zutabeetan ni agertuko naiz, beharbada zutabegintzaren legeen kontra, zutabegintzak legerik badu. Barkatuko didazue ausardia hori. Bilboko kaleak agertuko dira, eta Bilboko jendea eta kale horietatik paseatzean bururatzen zaizkidan gogoetak. Ez dakit zer irtengo den esperimentu honetatik, ez dakit hausnarketa interesgarririk edo bilbotarren estanparik eskainiko dudan, ez dakit tabernetako jendearen berbak jasoko ditudan edo kritika sozialik egingo dudan, ez dakit ze modutan agertuko naizen ni eta ez dakit ezer berririk aurkituko dudan, baina badakit paseo ederrak emango ditudala, eta kafea hartuko dudala amama zaharrekin Artekaleko degustazioetan, eta pintxo morunoak jango ditudala marokoarrekin Iturribiden, eta inork ez didala kenduko denbora niretzat izatearen gozamena. Eta gero zuei kontatzearen gozamena. Ez da asmo handia. Nire pausoa bezain asmo txikia da.
Jendearen pausua mailua joka duen hori da. Zorionekoa zu, pausua aldatu badezu, lasaiagora. Gauza interesgarriak derrigorrez kontatuko dizkiguzu. Bidean jartzea eta begia erne izatea beste sekretorik ez dago. Ziur nago asko disfrutatuko degula zuk kontatutakoekin.