Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola / Kultura sinpatikoa gara

Kultura sinpatikoa gara

gabiria 2006/03/06 09:00

Bide luzea egin dugu inoren eskutik joan gabe. Heldu gara honaino, eta konturatu gara eskuak libre ditugula, inork ez digula lagundu errepidea zeharkatzen, geure kabuz ikasi dugula usaimena zorrozten arriskua nondik etor zitekeen sumatzeko, konturatu gara urrun heldu garela eta pauso guztiak, lehenengoak eta azkenak, inoren laguntzarik gabe eman ditugula. Euskal kulturak jakin du, hiru pauso aurrera eta bi atzera, bidea egiten, eta leku eroso samarrera helduta, muinotxo honetara helduta, ingurura begiratu du eta alboko kulturen sinpatia irabazi nahi izan du, kultura sinpatikoa baita izatez, txikia eta singularra.

Ordea, euskal kulturak ez daki gauza txiki eta singularrak ez daudela lar ondo ikusita alboko erraldoien begietara. Bitxikeria moduan bai, bitxikeria moduan ondo daude, zirkuan ondo dauden bezala nanoak. Baina bitxikeriatik harago, nanoek ez dute ezertarako balio, erraldoiaren begietara. Kultura txiki eta singularrek, berriz, pozik begiratzen diete elkarri, baina urrunegi daude, eta alferrikakoegi izaten jarraitzen dute.

Eta gertatzen da, baita ere, gauza txikiak arriskutsuak direla, indigenak eta indigenteak, ezkerrekoak maiz edo ia beti, eta, txikiak izanagatik, gehiago txikitu beharrekoak.

Baina ondo dago bidelagunak aurkitzea, saiatzea behinik behin aliatuak lortzen. Besterik ez bada ere, bide onetik ari ote garen jakiteko, gutaz geuk bakarrik ez hitz egiteko; normaltasuna lortzeko nahi honetan, normalak izateko ahalegina egin behar dugulako. Azken batean, bakarka arituta, betiko esparrutxoan jarraituko dugulako, gure lekua munduan zein den oso ondo jakin gabe. Edo gure lekua zein den jakinda, baina gure lekutik mugitu gabe, geuretzat produzitzen eta geuretik edaten, beren zakilak txupatzen dituzten kontortsionisten antzera, plazer izugarri eta autonomoarekin.

Patxi Zubizarretak berriki esan duen moduan, inertzian sartuta gaude, noragabetuta. Eta, berari bezala, niri ere poz berezia eman dit Bertsozale Elkarteak hartutako bidea. Bertsolaritzaren irudia gizarteratzeko apustua egin dute, eta ondorioak nabarmenak dira. BECera Belodromora baino 5.000 pertsona gehiago joan ziren, eta horren arrazoiak beste asko izango badira ere, arrazoietako bat da ohikoak ez ziren medioetan ere agertu zela bertsolaritza. Baina bertsolariek beraiek ere onartzen duten moduan, oro har, interes berri hori ez da etorri publiko erdaldunetik, baizik eta medio erdaldunak kontsumitzen dituzten euskaldunetatik. Euskaldun horiek euskal kulturaranzko pausotxo bat eman dute eta ez da gutxi, baina geure buruak engainatzea izango litzateke interpretazio horretan geratzea.

Andoni Egañak behin baino gehiagotan esan du gure ondoan bizi diren baskoengana iristen ez bagara, oso etorkizun urria daukagula herri moduan. Bat nator. Denborak erakutsi digu hori, baina gertatzen dena da alboan ditugun horiek ere gogoa izan behar dutela guri eskua emateko, errepidea zeharka dezagun (edo, esaldiari buelta emanda baina gauza bera esanda, gogoa izan behar dute errepidea zeharkatzen lagun diezaiegun). Eta ez nago batere seguru gogorik duten. Salbuespen eredugarri batzuk alboan utzita, alboan dugun erdal mundu horrek ez gaitu ikusten. Sekulakoa bota dezaket zutabe honetan, eta inor ez da enteratuko. Euskal kulturari begiratzerakoan, "euskal" etiketari begiratzen diote, kulturari beharrean.

Euskal Herriko idazle erdaldunek esango dizute euskal literaturak ez lukeela erdarazko argitaletxeen iragazkirik gaindituko, eta diru-laguntzei esker bizirauten duela euskal literaturak. Durangoko Azokari begiratuta, albiste bakarra aipatuko da: Zutabe aldizkariak agertu zirela. BECeko erakustalditik, albiste bakarra: presoen aldeko oihuak eta Iturriagaren kamixeta. Hori da alboko baskoek ikusten duten euskal kultura: euskal, oso euskal, baina kulturarik ez dute ikusten batere. Eta eurek ez badute gogorik guri begira jartzeko, alferrik ariko gara gu eskua luzatzen. Oso sinpatikoak bagara ere.

patxi  lurra
patxi lurra dio:
2006/03/09 23:54

Hiztun gitxitu gehienok antzeko-parecido gabilz. Galizan be txakurrak oinutsik:

"Galiziako egunkarientzat, idazleak, Madrilen argitaratzen dutenak eta gazteleraz idazten dutenak dira. Besteok idazle domestikoak besterik ez gara. Halako tratua ematen digute. Entrañableak besterik ez gara." (Xose Luis Mendez Ferrin)

X..L.
X..L. dio:
2006/03/09 04:01

"Inoren laguntzarik gabe"? Euskal kultura deitzen dugun hori, hainbat kasutan, diru publikoari esker bizi da. Zenbat euskal idazle izango genuke instituzioek lagundutako liburu, aldizkari, egunkari, itzulpen, mintzaldi eta abarrik gabe, merkatu libre eta basatian?. Zenbat liburu dira benetan rentableak, zenbat ale erosten dute euskal irakurle urriek liburudendetan? Eta "basko" horiek, hainbestetan kritikatzen ditugun erdaldun baskito horiek, diru asko jartzen dute urteroko aurrekontuetan hain arrotza omen zaien euskal kultura honek aurrera egin dezan. Haiek gabe, oso pozik eta libre biziko ginateke, bai, seguru. Eta pobreago, fijo. Ah! Eta ez nago laguntza horren kontra. Are gehiago: laguntza hori behar-beharrezkoa iruditzen zait. Baina izan bada, bai, izan nada. X.L.

asier
asier dio:
2006/03/06 13:39

Ez da beharleku erraza inguruko baskoak geureganatzea. Sikeran aldeko ditugu baina, gurasoen artean-eta, seme-alabek ikasi eta egingo duten esperantzan bizi dira, beti marroia hurrengoei utziaz.

Morauren letra hau ekarri dit gogora zuk idatzitakoak, neuk ere neure ingurraztitxoan (to, neologismoa) eskegi dut:

Sukaldari ona behar du izan ondo menperatu lapikoak apostuzale, tratalari bikain asetu guztien sabelak 300 kiloko harria altxatu astopotro xamarra beraz hitz bakarra ta hori sekula jaten ez duenetakoa Morroitzarako aproposa behar du umil eta langilea inork ez dituelako maite euskaldun alprojak eta hori guztia aski ez balitz zintzo eta egizale behar elizkoi, ondradu, kantuzale, mozkor izatea da bere kondena non da euskaldun ezinhobea zeu zara euskaldun perfektoa hori al da super euskalduna? tripa zorro, ixil, bihotz onekoa primitibo engainaerreza etxekoen nagusi, kanpokoen morroi zerbitzari oso leiala laster museora eramango gaituzte hain gara maitagarriak desagertze zorian leudeken beste batzuekin batera non da euskaldun ezinhobea zeu zara euskaldun perfektoa hori al da super euskalduna?

Joxe
Joxe dio:
2006/03/06 11:53

Fragak ere esan zuen bere garaia: euskalgintza sinpatikoa da, baina euskara museoko hizkuntza dugu: http://tinyurl.com/s7wgl

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.