Mariaren Bihotza plaza (I)
Harritu egiten zara jendearen hitzekin, konturatu gabe egiten dutelako berba, esaten ari direna poesiatik oso hurbil dagoela pentsatu gabe. Ohartarazten badituzu, esaten badiezu euren ahotik irtendako hori poesia izan dela, betiko lotsatu eta ez dizute gehiago berbarik egingo, poesia bizimodu erosoaren emaitza iruditzen zaielako, bizimodu alferrikako, urrun eta bizizaleegiaren emaitza. Hori gertatu zitzaidan Boluetan, iaz, botatzen ari ziren fabrikari argazkiak egiten ari nintzela. Andre bat etorri zen ni nengoen lekurantz, etxeko zapatiletan errepidean gora. Nire alboan jarri zen, eta jakin nuen poesia sortuko zela lehenago edo beranduago. Gero berbetan hasi zen; edadekoa zen, badakizu nolakoak diren. Esan zidan fabrikan jaio zela eta fabrikari itsatsitako etxe batean bizi izan zela beti. Hemen jaio eta hemen bizi, esan zidan, eta gehitu zuen: orain zelan kontatuko dut non jaio nintzen, etxerik eta fabrikarik ez badago? Zutik utzi duten tximinia bakarrari begira, eta agur esaten duenaren naturaltasun berberaz, "mundu bat doa airean" bota zidan, eta nik ezin izan nion esan poesiaren kontu hori, bestela atzera joango baitzen etorritako bidetik, etxeko zapatilak arrastatuz, irainduen sentsazio berarekin.
Andreak burdinazko hesiaren kontra jarri zituen eskuak, eta hesira hurbildu eta zuloetatik begiratu zien obrei. Argazki bat atera nion bera konturatu gabe, bere izena esan zidan, Felisa edo. Kontatu zidan, ez baneki bezala, zenbat jende zetorren Espainiatik sasoi hartan. Bere gurasoak ere Ebrotik beherakoak zirela, baina bera bertakoa, eta lanean zeuden beharginei esnea eramaten ziela txikitan, eta berak ere orduan bazekiela basko apur bat, orain ahaztuta daukala dena.
Inongo arrazoirik gabe gogoratu naiz gaur emakume harekin, Mariaren Bihotza plazaren izkinan dagoen tabernara sartu naizenean. Bolueta, Etxebarria, Euskalduna, Labe Garaiekin gogoratu naiz. Gizonak dominoan jolasten ikusi ditut gaur. Gogoratzen ote dira airean joandako munduaz?
Tximiniak, jentearen kontzentrazioa, mundu bat airean,... Nahi eta nahiez (oso present deukogun informazinoa da) kontzentrazino esparruetaz gogoratu naz. Jenteak bizitza laga dau, metaforikoki edo ez, Bolueta legezko lekuetan. Beste batzuk literalki airetik atara ziran Auxbitzen-eta. Beste Labe Garai haietan...