Zinebi (3. eguna)
Atzokoa arratsaldeko saioa izan zen, horrek dakarren guztiarekin (edo ia). Ez, exajeratu egin dut: atzokoa ez zen hain txarra izan. Egia da ez zela egon punta-puntako obrarik, baina Arriagatik nahiko gustura irteteko moduko lanak ikusi genituen, hori bai.
Atzo eman zituzten 6 filmetatik, lau nahiko interesgarriak izan ziren. Proiekzioaren ordenean joanda, hauek, hain zuzen:
Milk, 10 minutuko film britainiarra, Peter Mackie Burns zuzendariarena. 20 bat urteko neska bat bere amama garbitzen ari da urez betetako baineran. Euren artean sortzen diren konbertsazioek osatzen dute istorioaren haria: amamaren atzetik dabilen sagu bat, neskaren mutil-laguna, amamaren umetako fobiak eta oraingo filiak... eta amaiera dibertigarri eta ausarta, zeinetan konplexurik gabe erakusten baita atsoaren gorputz biluzia.
Viva volta, 15 minutuko dokumental brasildarra, Heloisa Passosek zuzendua. Raúl de Souza munduko tronboi-jolerik onenetakotzat zegoen hartua 70eko hamarkadan; gaur guztiz ahaztuta dago, baita Brasilen ere, bere sorterrian. Gainbehera joandako musikari itzelaren hitzak jasotzen ditu dokumentalak, bossa-novaren musika ederrak lagunduta. Filmaren amaierako eszena luze eta ederrean, Raúl de Souzak sekulako pieza jotzen du Maria Bethania kantari ezagunarekin batera.
Zero degree, 8 minutuko animaziozko film irandarra, Omid Khoshnazarrena. Soldadu batek gizon bat fusilatzen du, une hori bideokamera batek jasotzen duen bitartean. Bideokamera horren bisoretik ari gara pelikula osoa ikusten, eta enkoadrea horma bihurtzen da eszena barruan dagoen soldaduarentzat. Horrela, soldaduak eszenatik irten nahi badu, ezin izango du, bisoretik ikusten dugun irudiak horma imaginario batzuk dituelako. Azaltzeko konplikatua da, baina ikusteko erraza eta interesgarria, nahiz eta, aukeran, 8 minutu horiek luzetxo geratzen diren, ideia errepikatu eta errepikatu egiten baita.
Blindgangare, 21 minutuko film suediarra, Pernilla August zuzendariarena. Azken aldian Suedian egiten diren pelikula askoren antzera, laburmetraia honetan ere, pertsonen arteko harremanetatik abiatuta, mila gai ukitzen dira: fideltasuna, bakardadea, traumak, irudi sinbolikoak, patua... Hala ere, pelikula hau ez da ur handiegi horietan galtzen, eta orekaz aurkezten ditu aipatutako gaiak.
Edozelan ere, gogoratu lan hauek ez direla, nire iritziz, aurreko egunetako punta-puntako filmen artean lehiatzeko modukoak, koxka bat beheragokoak baino.
Atzo pelikula gutxi izan bagenituen, gaur gehiegi: hiru saio daude, eta azkena 00:30ak baino beranduago amaituko da. Kritikatzeko moduko puntu bat, kontuan izanda bihar laneguna dela. Gaur 26 pelikula emango dira, horietako 10 azken saioan. Pelikula horiek, beraz, komentatu gabe geratuko dira, ze ni lotan egongo naiz desordu horietan. Ea Zinebira joaten diren beste hiru blogarietakoren bat (bat, bi eta hiru) animatzen den saio hori kubritzen...