Uxue Alberdi: "Betiko mantendu gura dodan fasean nago: ikasten"
Hogeita bat urte baino ez daukaz eta daborduko sendo agertu jaku euskal letren panoraman. Uxue Alberdi elgoibartarrak Igartza Beka irabazi dau "Aulki bat elurretan" proiektuagaz, 2007ko udabarrian argitaratuko dan ipuin-liburuagaz.
Igartza Beka irabazi dozu, eta zeu zara irabazlerik gazteena, 21 urtegaz. Hain gaztea izanda, erantzukizunaren pisua sentiduten dozu gainean?
Pentsetan dot ilusinoak irabazten deutsala pisuari. Urte honetan idazten disfrutetan ahaleginduko naz, eta ahalik eta ondoen egiten. Inor ez dezepzionetea espero dot!
Ezagutzen ez zaituenentzat, nor da Uxue Alberdi? Nondik dator eta zer egin dau oin arte?
Nor nazen esaten ez naz atrebiduten, beste norbaitentzat itxiko dot definizinoa. Nondik natorren? Elgoibartarra naz baina Bilbon bizi naz ikasle pisuan, kazetaritza ikasten nabil-ta Leioan. Azken urtea Suedian pasau dot Erasmus bekeagaz. Oin arte, bertso-paperak eta ipuin laburrak idatzi ditut batez be, eta Suediak emon deust gehiago idazteko denporea, gogoa eta lasaitasuna.
Bertso munduan zabilz, ipuin lehiaketa mordoa irabazi dozu, eskutitzak idazten trebea zara, irratian bizi-bizi mobiduten zara... Non zabilz gustoren?
Egia esan, danetan. Ezingo neuke aukeratu, eta hori dauka ona: ez dagola aukeratu beharrik. Literatura eta bertsoa nire afizino handienak dira. Ikaragarri disfrutetan dot Santutxuko bertso eskolan edo edozein lekutan bertsoaren inguruan sortzen dan lagun-giroan. Ipuinak, irratiko lana horreek be jolas baten modukoak dira niretzat, esan gura dot ahalik eta gehien disfrutetan saiatzen nazela, eta disfrutetako egiten ditudala.
Zer emoten deutsu literatureak?
Gozamena. Berbetan iminita, gauza txikiak handi bihurtu daitekez eta handiak txikitu; laburrak luzatu eta luzeak laburtu. Beste batzuen ezinegonak irakurtea eta berbek papelean osotzen dituen marrazkiak deskubridutearen plazer estetikoa bera asko dira niretzat. Literatureak, beste arteek lez, ostantzean iges egiten daben gauzak atrapetan dituela esango neuke.
Zer emon gurako zeunskio zuk literatureari?
Puf! Ez daukat halango helburu handirik! Konformetan naz idaztean ondo pasetan badot eta nonori berben bidez zeozer sentiarazoten badeutsat.
Zein da zure asmoa "Aulki bat elurretan" proiektuagaz?
Ahal bada, ipuin bilduma polit bat sortzea. Helburu handiena hori da niretzat: zeozer polita eta gozagarria sortzea. Gozamen horren atzean gorde gura neukez beste helburu danak: Suediako gizartearen ispilu txikiak eskaintzea, gaur eguneko kontraesanen bat aireratzea, atentzinoa emon deustien paisajeak eta arpegiak konpartidutea
Arin begituta, emoten dau soziologia literarioa egitera zoazela, suediarren erretratua edo. Euskal irakurleei bitxia egingo jake igual, ez gagoz ohituta...
Ez dot pentsetan. Ipuin batzuk lotura estua daukie dinozun suediarren erretratu horregaz, baina beste asko Euskal Herrian bertan jazo leitekezan istorioak dira. Suedian bizi izan danak detektauko dau, seguruenik, soziologia literario hori, baina euskaldunentzat beste marko baten kokatutako ipuinak izango dirala iruditzen jat, beste barik.
Begitandu jat Dogma mobimenduko zinemaren eragina dagoala ipuinotan. Lortu dozun hoztasun erakargarri horretan, beharbada.
Suedian hoztasuna lortzea ez da gatxa izan Ez dakit, ez neuke jakingo esaten, baina egia da ipuin asko geratu dirala eskuko kamara bategaz grabetan ibiliko banintz lez: denpora-salto handirik egin barik, kanpoko musikarik eta elementu artifizialik gehitu barik, esentzia atrapau guran holan dabilz istorio asko; baina ez dot modu konzientean egin.
Ze elementu literario eskaintzen dau Suediaren moduko herrialde hotz eta "perfektu" batek? Hango ze miseria eta ze handitasun aprobetxauko dituzu libururako?
Hotza, indibidualismoa, isiltasuna, elurra, lasaitasuna Suediaren xarma eta gatx guztiak elementu berberetan dagozala begitantzen jat, beste leku guztietan lez. Alde batetik, perfekzino horri barre egin deutsat, baina saiatu naz Suediak transmitiduten dauen lasaitasuna eta poesia be testuetan islatzen.
Momentu honetan, idazketearen ze fasetan zagoz?
Betiko mantendu gura dodan fasean: ikasten. Asko falta jat irakurteko eta idazteko: ia dana. Momentu honetan intuizinoz idazten dot gehienbat.