Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola / Burutazio batzuk blogen gainean

Burutazio batzuk blogen gainean

gabiria 2005/05/31 09:22

Larunbatean, Garak blogei buruzko orrialde bi argitaratu zituen Mugalari gehigarri kulturalean. Urtzi Urrutikoetxeak elkarrizketa egin zigun Xabier Mendigureni, Volgako Batelariei eta niri, blogak eta literaturak duten harremanean sakonduz.

Nire erantzunetako batzuk jarriko ditut gaur hemen. Ez ego kontuagatik, ezpada Mugalari (Berriaren Tartea bezala) ez delako interneten argitaratzen, eta harrigarria iruditzen zaidalako gaur egun oraindik horrela egotea, Euskal Herrian kulturari buruz argitaratzen den gehigarririk onena denean gainera.

Hemen, beraz, nire burutazio merkeak.

Idazlearentzat zer da bloga?

Niretzat literaturan aktibo mantentzeko modua da. Jakina, idazten duzun guztia ez dago asmo literarioekin idatzita, inondik ere ez. Nire kasuan, blogean argitaratzen dudanaren erdia edo gutxiago da mota horretako testua. Gainontzekoa, burutazioak, apunteak... Azken horiek ez ditut idazten idazle bezala, baizik eta pertsona arrunt bezala, gai jakin batzuei buruz edozeinek iritzia eman dezakeen moduan. Beraz, eta gai horiei buruzko iritzia (zuzena edo okerra) badudanez, argitaratu egiten ditut, jakinda atzean irakurlea dagoela eta egurra eman diezadakeela. Baina azken batean horixe da bloga, zerbait bada: idazlea eta irakurlea maila berean jartzen dituen tresna.

Exhibizioaz

Azken aldian asko aipatzen ari den kontua da. Dudarik gabe, exhibizioa badago, liburuetan baino gehiago gainera. Baina nik, nire kasuan, ez dut horren sentsaziorik, beharbada idazleak ohituta gaudelako biluzten edo, gutxienez, gure izaeraren zati bat erakusten. Idazlea bere liburuetatik ezagutu daiteke, are gehiago blogetatik. Baina ez dut uste tresna deserosoa denik exhibiziora hain ohituta dagoen batentzat.

Blogak zer du literaturatik?

Izan daiteke literatura, zergatik ez. Edo zergatik bai. Nire kasuan, blogean idazten dudanaren erdia edo gutxiago hartzen dut literaturatzat. Xabier Mendiguren egunero ari da idazten bere blogean, eta ni ia egunero. Ez dakit Xabierrek ze sentsazio izango duen, baina niri iruditzen zait egunero idazten baduzu nekez egingo duzula literatura blogean. Izan ere, erritmo horretan, egunero zerbait idaztearen erritmoan, bloga oso bat-bateko tresna da. Literatura ezkutuko zerbait da, isilpekoa eta patxadatsua. Blogek (berriz diot, erritmo honetan) ez dute patxada hori, eta isilpekotik gutxi dute. Orain, zure asmoa bada blogean literatura egitea, egin daiteke, eta tresna bikaina iruditzen zait literatura egiteko. Hori bai: blogean literatura egin nahi bada, literaturak eskatzen duen patxadarekin izan beharko litzateke hori, edo, bestela, zirriborroak ere argitara daitezke. Esperimentu bezala, polita izango litzateke idazle baten zirriborroak argitaratzen dituen bloga. Nik ezin izango nuke horrelako blog bat egin: hori bai iruditzen zaidala benetan exhibizioa, idazle bezala.

Idazkuntzan trebatzeko tresna da?

Esango nuke ezetz. Esango nuke, gainera, alderantziz dela: egunero idazten baduzu, eta egunero publiko egiten baduzu idazten duzun hori, iruditzen zait bilakaera txikia izango duzula idazteko moduan. Nire ustez, idazketan bilakaera bat izateko, behar-beharrezkoa da jardun literarioa patxadaz eta isilpean egitea, literaturak horrela eskatzen duela iruditzen zait eta. Arin eta jendaurrean eginez gero, esperimentaziorako eta, ondorioz, bilakaerarako aukera gutxiago ikusten dut.

Izan daiteke genero hibrido baten abiapuntua?

Esperimentatzeko dagoen gogoaren arabera, bloga edozer izan daiteke. Duen indarra eta ahalmena itzela da: zeu zara zeure buruaren editore, eta badakizu argitaratzen duzun edozer munduko bazter guztietara helduko dela. Eta garrantzitsuena: irakurlearekiko harremana berehalakoa eta erabatekoa dela. Beharbada Historian lehenengoz, irakurlea idazlearen maila berean dago. Baina galdetu duzunarekin jarraituz, momentuz badirudi generorik ez dela sortu blogetan: hurbilago gaude kazetaritzatik, kronikatik, testigantzatik, hausnarketatik... genero hibrido berri batetik baino.

Arriskuak

Jakin behar duzu noiz ari zaren egiten literatura, eta noiz ari zaren blogean idazten, asmo literariorik gabe. Zure asmoa blogean literatura egitea bada, eta egunero idatzi nahi baduzu, txarto pasatuko duzu, blogak ez dituelako idazlearen jardun tradizionalaren ezaugarriak. Horrek segurtasun eza ekar dezake. Baina jakinez gero blogintzan ari zarela, badakizu ze arma den esku artean duzuna, eta horretara moldatzen zara.

Bestetik, nire kasuan, hasieran sumatu nuen arriskua izan zen jendeak dena har zezakeela egia balitz bezala. Orduan, blogean fikzioa egitea zaila izan daiteke batzuetan, ze liburuetan oso argi dago idazlea dela istorio hori kontatzen ari dena, baina blogean ez: blogean Julen da, edo omen da, idazten ari dena. Hau da: pertsona da, ez idazlea, hori kontatzen duena. Eta blogean, jendea pertsona horrekin ohitzen da, ez idazlearekin.

etiketak: Berbak
Julen
Julen dio:
2005/06/01 11:17

Luzetxo geratuko bada ere, hemen sartuko dut larunbateko artikulu hori osorik, azkenean lortu dut eta:

Blogosferatik begira

Internetez dihardugula "azkena" esatea zer den arriskutsua bada ere, bloga daukagu modako berba azken hileotan zenbait idazleren artean. Idazlearen -edo beste edonoren- orrialde pertsonala baino gehiago, kaiera baten antza dauka blogak, aldian-aldian norberak nahi dituenak adierazteko lekua. Eta horrek literaturarekin daukan harremanaz galdetu diegu idazle blogzaleei.

Bloga daukaten euskal idazle gehienek ez dute uste interneten adituak direnik. Gehienek, teknologia berrien munduan sartuago zegoen norbaiten eskutik egin dute sarean euren esparrua izateko ahalegina. Xabier Mendigurenek uztailean ekin zion blogean idazteari, baina tresnak erabiltzen ez dela bat ere trebea gaineratu du. "Lagun batek esan zidan eta oso txarra naiz lagunei ezetz esaten". Luis Fernandez izan zen Mendiguren xaxatu zuena.

Pertsona berari zor dio Julen Gabiriak bere bloga: "Luistxo Fernandezek, ezustean, blog bat egin zuen niretzat eta oparitu egin zidan. Inbidiaz jarraitzen nuen Xabier Mendiguren eta Joxe Aranzabalen jarduna, baina hortik eta neure bloga sortzera pauso handi samarra zegoen. Egia esan, planteatu ere ez nuen egin bloga sortzea, eta oraindik ere horrela jarraituko nuen, opari hura jaso izan ez banu".

Jo dugun hirugarren atean beste era batera planteatu dute bloga, kolektiboki hain zuzen ere. "Volgako Batelariak" blogaren atzean dauden bost lagunek aldizkari bezala ikusi zuten, Iban Zalduak dioeenez: "nik antzeko tresnaren batekin izan nuen lehenengo kontaktua sustatu.com orrialdearekin izan zen; ez da blog bat zentzu stricto, baina esango nuke, euskal kasuan behintzat, ekimen horri asko zor diola blogosferak. Nola animatu ginen, benetako literatur aldizkari bat, couché papera eta guzti, argitaratzen oso zaila (eta garestia) zela ohartu ginenean..."

Zertarako tresna

Blogetan ez dihardute idazleek soilik, bistan da, eta nork bere erabilera ematen dio, egunkari pertsonaletik, sukaldaritza txokoraino, eta tartean norbanakoen hausnarketetarako bazter berezia. Baina idazleen kasuan zein funtzio ematen dioten jakin nahi izan dugu. Xabier Mendigurenek tresnaren garrantzia azpimarratzen du, norberak emandako erabilera bazter utzita, "edozein pertsonarentzat izan daitekeen egunkari pertsonala, exhibizio mota, egindako guztia argitaratu ahal izateko modua, hori guztia da bloga, tresna bat, telefonoa edo liburua tresna diren bezala. Daukan berezitasuna bat-batekotasuna da". Mendigurenek blogari ekin eta zeresana bazuela ikusita urtebetean egunero jarduteko erronka jarri zion bere buruari, "ariketa eta esperimentu gisa".

Julen Gabiriarentzat "literaturan aktibo mantentzeko modua da. Jakina, idazten duzun guztia ez dago asmo literarioekin idatzita, nire kasuan, erdia edo gutxiago da. Gainontzekoa, burutazioak, apunteak... ez ditut idazten idazle bezala, baizik eta pertsona arrunt bezala, edozeinek iritzia eman dezakeen moduan. Beraz, argitaratu egiten ditut, jakinda atzean irakurlea dagoela eta egurra eman diezadakeela. Baina azken batean horixe da bloga, zerbait bada: idazlea eta irakurlea maila berean jartzen dituen tresna". Hortik aspaldion asko erabili den berbara garamatza: exhibizioa. "Exhibizioa badago, liburuetan baino gehiago gainera" dio Gabiriak. "Baina nire kasuan, ez dut horren sentsaziorik, beharbada idazleak ohituta gaudelako biluzten edo, gutxienez, gure izaeraren zati bat erakusten. Idazlea bere liburuetatik ezagutu daiteke, are gehiago blogetatik. Baina ez dut uste tresna deserosoa denik exhibiziora hain ohituta dagoen batentzat".

Gasteizen bildutako taldeak apur bat desberdin ikusten du euren bloga, Rikardo Arregi Diaz de Herediak dioenez: "Guretzat aldizkari moduko bat da. Bloga izena da, tresna, baina guk nahi duguna egiten dugu, agian blog izena ez zaio komeni definizio estua egiten bada. Aldizkari mota bat da eta ez da guztia argitaratu ahal izateko, aldizkarietan bezala idazkuntza kontseilua dago eta bostok onartu behar ditugu testuak".

Juanjo Olasagarreren ustez "publikoa eta pribatuaren arteko mugen desuseztatearen adierazpide dira blogak, batzuk behintzat". Ibon Egañak ez du gustuko blogaren kutsu exhibizionista hori: "blog pertsonal batzuek badute zerbait streptease intelektual eta ez hain intelektualetik. Niri obszeno xamarrak iruditzen zaizkit asteburua eta zaletasunak kontatzeko baliatzen dituen blog horiek. Ez dut ikusten zein interes izan dezakeen denbora librean egiten dudana sarean kontatzen ibiltzeak. Ego kontu bat ere bada, jakina. Norbere buruarengan konfiantza dezentekoa behar du batek bere egunerokoa interneten paratzeko".

Bloga literatura ote?

Ez dago argi blogean argitaraturikoa literaturatzat har daitekeen, baina gehienak ados datoz blogari baino idatzikoari begiratu behar zaiola idatzitakoa epaitzeko. Hau da, bloga izateak ez du idatzitakoa literatur testu egiten, ez eta eragozten ere.

"Literatura izan daiteke, idazten denaren arabera, nobela bat ere idatz dezake norbaitek kapituluka, baina beste batek sukaldaritzaz egin dezake. Ni saiatzen nahiz txukun idazten eta ariketa literario samarra egiten, nahiko azkar egiten dut, gutxi berrikusita eta buruz egiten galbahe hori. Baina ez du zertan horrela izan" azaldu du Xabier Mendigurenek bere jarduna. Mendigurenek blogean idatzitakoa paperezko liburuan bildutako argitaratuko du aurki Elea argitaletxearen eskutik.

Julen Gabiriak idatzitakoaren erdia baino gutxiago uste du literaturatzat har daitekeela: "egunero zerbait idaztearen erritmoan bloga oso bat-bateko tresna da. Literatura ezkutuko zerbait da, isilpekoa eta patxadatsua. Blogek (erritmo honetan) ez dute patxada hori, eta isilpekotik gutxi dute. Orain, blogean literatura egin daiteke, eta tresna bikaina iruditzen zait. Hori bai: literaturak eskatzen duen patxadarekin izan beharko litzateke, edo, bestela, zirriborroak ere argitaratuz. Esperimentu bezala, polita litzateke idazle baten zirriborroak argitaratzen dituen bloga. Nik ezin izango nuke horrelako blog bat egin: hori bai iruditzen zaidala benetan exhibizioa".

Batelariak ere bat etorri dira edukiontzia eta edukia berea bereizi behar direla azpimarratzeko. Iban Zalduak blog gehiegi hartzen direla literariotzat uste du, maila horretara iritsi gabe. "Literatura izateko, asmoak literarioa izan beharko luke, hasteko, eta hala ere askotan ez da lortzen literatura egitea. Askotan kontu eta istorio anekdotikoetan geratzen dira testu horiek, gertaeretan", eta Anjel Lertxundiren hitzak gogoratuz gertaerak anekdota huts ez izateko zerbait gehiago behar duela gogorarazi du, hitzak ematen diola literatur gai izateko aukera, alegia. "Hitza sumatzen dut hain zuzen ere faltan blog askotako testuetan. Gaizki iruditzen ez zaidana, berez, baina ez dezagun hori literaturarekin konfunditu".

Idazteko eragozpen edo baliabide

Blogean literatura egin zein ez, argi dago idazlearen jardunarekin bat egiten duela. Askok ia egunero zerbait argitaratzen dutenez, galdetu izan da idazleak ohitura hartzeko tresna egokia ote den, nolabait ibiliaz ikasten denaren teoria ekarriz. Aurkakoa izan daiteke beste batzuen iritziz, kazetaritzan inoiz gertatu den legez: egunero blogean idatzita beste ezer idazteko gogoa edo astia galtzea.

Denbora kentzearena oso erlatiboa baita, gutxik egin du bat esaldi horrekin, bestela ere denbora galtzeko mila modu badaude eta. Baina Mendigurenen ustez "idazlea trebatzeko, diziplina ezartzen dizu, nahiz eta nik bestela ere asko idazten dudan". Julen Gabiriak bestela pentsatzen du: "esango nuke alderantziz dela: egunero idatzi eta publiko egiten baduzu, iruditzen zait bilakaera txikia izango duzula idazteko moduan. Nire ustez, idazketan bilakaera bat izateko, behar-beharrezkoa da jardun literarioa patxadaz eta isilpean egitea. Arin eta jendaurrean eginez gero, esperimentaziorako eta, ondorioz, bilakaerarako aukera gutxiago ikusten dut".

Iban Zalduak ere ez du uste trebatzeko tresna denik, "baina literaturaz hitz egin eta sakontzeko aitzakia izan liteke". Juanjo Olasagarrek Proust dauka gogoan: "Proustek esan bezala, idazleak ez du inoiz denbora galtzen bizitako guztiak balio diezaiokeelako bere lana idazteko". Anjel Erro izan da bestelako iritzia plazaratu duena: "nik uste dut baietz, blogek gure maisu lanak burutzeko denbora kentzen digutela".

Arriskuak eta abantailak

Idaztearen ekintzak batzen ditu jardun literaturarioa eta blogekoa. Baina baten bat-batekotasunak bestearen patxadarekin topo egiten du. Edo agian ez. "Arriskua mailari eutsi nahi badiozu da. Ahoz arinegi hitz egin ohi dugu eta idatziz gehiago zaintzen dugu, baina bloga erdibideko zerbait da, eta hor norberak neurtu behar du" aipatu du Xabier Mendigurenek. Bat-batekotasuna eta beroaldian jardutea idazlearen berezko ezaugarritzat ere baditu Gabiriak, "baina gogoratu behar da aukera dagoela patxadaz hartu eta arnasa handiagoko literatura egiten saiatzeko. Jakin behar duzu noiz ari zaren egiten literatura, eta noiz ari zaren asmo literariorik gabe. Zure asmoa blogean literatura egitea bada, eta egunero idatzi nahi baduzu, txarto pasatuko duzu, blogak ez dituelako idazlearen jardun tradizionalaren ezaugarriak".

Bestelakoa da Galdakaoko idazleak sumatu duen arriskua: "liburuetan oso argi dago idazlea dela istorio hori kontatzen ari dena, baina blogean ez: blogean Julen da, eta jendea pertsonarekin ohitzen da, ez idazlearekin. Salbu eta zure blogean fikzio hutsa idazten baduzu, jakina. Jendea errealitatera ohitzen baduzu, blogean fikzioa sartzea oso zaila izango da, zaila delako egun batetik bestera pertsona eta idazlea desberdintzea. Nire kasuan, beldur hori gaindituta daukat, eta gaur egun gezurra eta egia nahastu egiten ditut nire testuetan. Uste dut literatura blogetara hurbiltzeko modu bat izan daitekeela hori".

Blogak oso komunikazio zuzena ahalbidetzen du irakurleekin, eta hauen partehartzea ere bai. Hori pozgarria izanik, blogak ugaldu ahala denek denena irakurtzeko aukeraz galdetu diegu irakurleei, bai eta jendearen partehartze (edo partehartze ezaz) daukaten inpresioaz ere. Ez dute arazo larritzat jotzen, edozelan ere. "Askoz jota, gerta daitekeena zera da, liburugintzaren esparruan gertatu ohi dena: irakurlegoa eta idazlegoa bat eta bera izatea, edo, beste era batean esanda, irakurle diren guztiak edo gehienak idazle (edo blogari) bihurtzea. Ohituta gaudenez ez dut uste larria izango denik" esan du Iban Zalduak.

Antzera dihardu Julen Gaibiriak: "niri gustatuko litzaidake aukera hori zabalduko balitz eta idazleak animatuko balira maiztasun jakin batekin publikoki (eta dohainik) argitaratzera. Badakigu idazleek irakurtzen dituztela guk idatzitakoak, baina zain nago, hainbeste esateko eta idazteko dagoen herri honetan noiz animatuko garen teknologia berrietan guztiz murgiltzen". Rikardo Arregik ere gehiagoren beharra nabarmendu du: "Inoiz ez da nahiko, euskaldun sufrituek jakingo dute zama hau eramaten". Ibon Egañak nabarmendu du honi lotutako arriskua: "zerbait esateko duzula pentsatuz gero, aurrera, baina lehenengo bloga egin eta ondoren bertan zer idatzi pentsatzen jartzeari, ez diot zentzu handirik ikusten. Badago bestela ere nahikoa lasto, betelana egiten hasteko".

Blogaren alderik esanguratsuena, eta berritzaileena, parte hartzean dagoela uste dute denek. Hau da, irakurle-idazle harremanen horizontaltzea. "Une honetan, blogak parte-hartzearen mailarik handi eta interesgarrienetakoa dela uste dut, eta beti da pozgarria zuk idatzitako zerbaitengatik eztabaida sortzen dela ikustea. Edo, besterik gabe (eta ez da gutxi), loreak jasotzea" aipatu du Julen Gabiriak.

Ibon Egañak ere ildo horretatik jarraituz gogoratu du: "blogek daukaten abantaila da, idatzi duzun horretaz beste norbaitek duen iritzia jaso dezakezula zuzenean. Badago bestela egongo ez litzatekeen interakzioa. Eta erantzunak asko ez izan arren, badakizu, batek erantzuten duenerako, gutxienez bik irakurriko zutela eta horri buelta pare bat eman diotela. Norbaitek gutxienez interesez irakurri duela zuk idatzitakoa eta ez zarela guztiz alferrikako lanetan ari. Eta hori asko da". Anjel Erroren ustez, "pentsatzekoa da idazketaren aldaketa baten aurrean egon gaitezkeela. Orain arte inoiz ez da hain hurbil egon sorkuntza eta sorkuntzaren harrera, eta inoiz ere ez hain auzian autoretzaren kontzeptua, ezta?"

Julen
Julen dio:
2005/06/01 11:29

Patxik:

"Kontua litzake, zenbat energia, nolabait esateagatik, gastatzen duen Julenek blogean. Zer lapurtzen dion Julenek Julen-idazleari"

Denbora kontuaz ari bazara, Julen idazleak une honetan ez dauka denbora askorik bere gustuko gauzak idazteko. Beraz, Julen blogariak hartu du leku hori momentuz. Irailetik aurrera, beharbada, idazleak lekukoa hartuko dio blogariari.

"Beste kontu bat litzake, Juleni zer zaion errentagarri. Zerk betetzen duen Julen, nun dabilen gustora; barruko idazlea pozik daukan, ala erretxinduta"

Julen biak dabiltza gustura. Blogaria, zer esanik ez. Idazlea ere bai, baina sartu-irtenka dabil blog honetan. Batzutan burua erakusten du, gezur bat botatzen du eta batzuek sinistu ere egiten dute, baina ensegida joaten da, handik egun batzuetan berriro agertu arte. Julen idazleak blog anonimo bat beharko luke, burutik pasatzen zaizkion astakeria guztiak botatzeko. Baina batzuetan ez da ausartzen, jendeak blogariarekin konfundituko duelakoan. Baina biak dabiltza oso gustura. Pertsonalitate bikoiztuarekin ni zoratzeko puntuan banago ere. ;-)

"Nik behintzat, zerbitzua pagatzekoa balitz, gustora ordainduko nuke ia-eguneroko honengatik"

Eskerrik asko, Patxi! Pagatzekoa jarriko banu, zuri bono bat erregalatuko nizuke, lasai.

Patxi
Patxi dio:
2005/05/31 21:44

Kontua litzake, zenbat energia, nolabait esateagatik, gastatzen duen Julenek blogean. Zer lapurtzen dion Julenek Julen-idazleari. Julenek ezin baitu edozein gauza idatzi. Bere idazle kondizioak oso ondo idaztera behartzen du.

Idazle ez geranok askatasun gehiago degu zalantzaren gainetik salto egin eta rau! bidali-ri emateko, hiru aldiz pentsatu gabe.

Beste kontu bat litzake, Juleni zer zaion errentagarri. Zerk betetzen duen Julen, nun dabilen gustora; barruko idazlea pozik daukan, ala erretxinduta.

Nik behintzat, zerbitzua pagatzekoa balitz, gustora ordainduko nuke ia-eguneroko honengatik.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.