Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola / Barrenkale (eta IV)

Barrenkale (eta IV)

gabiria 2005/05/18 08:28

Barrenkalen eguna ere existitzen da. Bizilagunek ondo dakite hori, eta gaueko bizilagunen txizak goizero zapaldu behar izaten duten dendariek ere bai. Barrenkale ez litzateke Barrenkale izango, goizetan ez balitz agertuko kristalezko edalontzi bat zure atariaren ondoan. Barrenkalera gauez joan behar da. Egunez ere bai, baina egunak ez dauka zentzurik hemen, aurretik gaua existitu dela onartu nahi ez badugu.

Barrenkale egunez tristea da. Niri pena ematen dit Barrenkalek egunez. Errondak, adibidez, ez dit penarik ematen, horrela gustatzen zait, bere iluntasunean, bere zikinean. Baina Barrenkale ilun tristea da: soilik gauez bizi direla dakiten kaleen ilun tristea dauka, eta egunez zabalik dauden denda zahar urriek ez diote pozik ematen kaleari. Egunez ez dakit zenbatzen zenbat taberna dagoen Barrenkalen, apenas ezagutzen dudan kalea, hainbeste aldatzen da.

Egunez, batez ere denda eder bi daude Barrenkalen. Horietako bat, izenik gabekoa, zoragarria da benetan. Antzinakoa da. Hori ere laster joango da airean. Jabeak hiltzean taberna bat jarriko dute bertan, eta izena jarriko diote Oasis edo Sancheski, ziurrenik Oasis, eta lehen bakailaoa eta indabak eta penkak eta -antzinago- angulak saltzen zituzten lekuan Vanessak ibiliko dira dantzan, memoriarik gabeko (zertarako memoria?) Vanessa oldeak, moldean egindako maniki okagarriak, replikanteak memoriaren gainean dantzan, axolagabe.

Eta ez gara gogoratuko, adibidez, 1983ko urioletan denda horretako janari-latek kale bi harago (Pilota kalean) bizi zen andre bat salbatu zutela. Atsoa isolaturik geratu zen lehenengo solairuko etxean, ura haraino helduta. Telefonoa ez zebilen, auzokideek lehenago egin zuten alde eta gauak luze jo zuen. Andrea sukarrak jota zegoen, edateko urik ere ez zeukan. Ez dakigu zenbat denbora iraungo zuen, balkoitik dendako antxoa latak sartu ez balira. Bizirik irauteko motiboa sartu zitzaion, eta bizirik iraun zuen. Handik urte batzuetara, hil egin zen, gauza zaharrek hiltzeko duten mania horrekin.

etiketak: Bertan Bilbo
newton
newton dio:
2005/05/19 00:08

Gustokoago daukat nik Iturribide ;D Barrenkale gauez ez!!! Egunez barrenkale bizirik, zergatik aldatu da garai bateko barrenkale ;? M.C.D abestiak ditut gogoan... Horrelakoxea da Botxo milaka toki, milaka istorio :P

Patxi Lurra
Patxi Lurra dio:
2005/05/18 19:43

Itzela Pilota kaleko atsoaren kontakizuna, ez neukan entzunda.

Vanessei jagokienez, posta elektronikoz bidali deutsut zelan gertatu zan euskarazko irakasle pribatu horren eta Vanessa erdaldun "monstruoa"ren arteko gorroto / amodioaren istorioa. On egin!

PD Neu, martzianoak ebiteatzearren, Goienkalen segiduko dot poteak hartzen. Barrenkan, Txomin i prou.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.