Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola / Barrenkale (III)

Barrenkale (III)

gabiria 2005/05/11 08:33

Irakurle gazte batek mezua bidali dit posta elektronikoz, esanez Barrenkale eta enparauetako kontu hauek fin-fin irakurtzen dituela, eta, MCDk Barrenkaleri eskainitako abestiak zioen moduan, burua lehertu beharrean duela azken asteotan idazten ari naizen nesken kontuarekin. Nahikoa duela larunbateroko sufrikarioarekin, nahikoa begiratu eta gozatu ezinarekin, zer eta orain agure buruzuri oilanda zalea etorri eta deskribatzen hasteko zelakoa den Barrenkaleko gau-fauna arropa bakoa. Ia-ia literalki esan dit hori dena, arropa bakoarena neuk gehitu dudan arren. Beste detaile bat ere ematen zuen: "gero beltzak eta moroak daude", eta barkamena eskatzen zidan hori aipatu beharragatik, ez dela arrazista eta hori dena. Gero, mutikoa kexu agertzen zen, etorkinek neskak kentzen zizkietela eta ea hori ere aipatuko nuen inoiz.

Bada, aipatu dut. Baina ez horrek kezkatzen nauelako, ezpada etorkinen gaia buruan mailuka izaten dudalako ia egunero: urteak pasatu dira kolore guztietako lehenengo pertsonak gurera heldu zirenetik, baina iruditzen zait orain egiten dugun banaketa nabarmenagoa dela. Lehen, banaketa azalaren kolorearen araberakoa zen. Orain etorkinaren jatorria da aipatzen dena: errumaniarrak, ekuadortarrak, marokoarrak. Inpresio hori daukat, sailkapena gero eta gehiago mugatzen dela eskuaira eta kartaboiz egindako marra (geo)politikoetara, edo, bestela, erlijio eta sineskeretara. Eta akaso oker egongo naiz, baina iruditzen zait gaur egun azalaren kolorearekin ahaztea bezain zaila dela jatorriarekin ahaztea, komunikabideek gogoraraziko digutelako gizon batek Orioko emakume kolonbiarra jipoitu duela edo Kortezubiko lapur ukrainarrak kartera kendu diola elizatik irteten ari zen andreari. Eta, bitartean, ez dakit Larrabetzuko bikoteak adoptatutako ume txinatarrak noiz arte jarraitu beharko duen txinatar izaten, jendearen begietara.

Eta, esate baterako, Barrenkale baino hiru kale harago, Andra Mari kaleko eskolan, etorkinak pilatzen dituzte, gainontzekoekin elkartzeko aukera barik, eta kartaboia ze asmakuntza ona den irakasten diete.

etiketak: Bertan Bilbo
satortzulo
satortzulo dio:
2005/05/11 11:26

zoritxarrez egilearen jatorria kanpotarra denean bakarrik aipatzen ditek komunikabideek, ta komunikabideek gertaera "txarretaz" bakarrik jarduten diatenez, kanpotar=txar asoziazioa egunero sinistarazten saiatzen duk baten bat

urretxuko kamioilari batek aurretik berrehun ardi eraman ezkero, inork ez dik esango urretxukoa zela, baina hau txekiarra izan ezkero, denok entzungo diagu nongoa zen berrehun ardi erail dituen malapartatua

asel
asel dio:
2005/05/11 12:37

Eta ze pozik entzuten dugun euskal artzainak AEBra joan zirela eta euren euskal nortasunari eutsi diotela belaunaldiz belaunaldi. Guztiz amerikar eta guztiz euskaldun, haiek. Hona etorritakoak guztiz kanpotar (Espainiatik etorri ez badira, jakina, horiek ez baitira inoiz kanpotar izan eta ez baitute inoiz gure kultura arriskuan jarri...). Eta zelako elkartasuna sentitzen dugun AEBn edo Filipinetan euskal jatorrizo bati herio zigorra ezartzen zaionean, denok dakigulako euskaldunok ez garela ez lapur ez hiltzaile, ezta beste herri batean inmigrante garenean ere. Baina Europa pobre horretatik, Afrikatik, Hego Amerikatik etorritakoak bai gaiztoak, lapurrak eta hiltzaileak. Eta ez dute integratu gura, seguruenik! Noziko Eusko Label sigilua pertsonentzako, paparrean ondo eroateko moduan?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.