Domekan BeSTa dugu Elgetan
Domeka honetan, ni ere hantxe izango naiz, zelan ez. Elgetako Espaloian antolatu den BeSTan, lagun blogarien artean gustura.
Aurretik, goizean goiz, bozka eman eta, euririk egiten ez badu behintzat, mendira, ia astebururo legez. Astean zehar lan asko izaten dut, larregi askotan, eta mendiko txango hori izaten da arnasa estu baina gustura hartzeko aukeretako bat, gorputz, buru eta -esango nuke- arimarentzat sekulako ihesbidea. Baina hori, euririk egiten ez badu edo euri apurtxo bat egiten badu. Antza, baina, euria botako du domekan, ostarteekin.
Eta gero Elgetara.
Behin bozkatu dugunez egun horretan, zergatik ez bigarren aldiz? Horrela izango balitz, nik Patxitraperori emango nioke botoa. Ea nork duen bere energia, umorea, ilusioa, ekimenerako gogoa, ikuspuntu goxoa, kritikarako dohaina eta gogoratzen ez ditudan beste hainbeste ezaugarri! Eta, gainera, ez bi eta ez lau, bost blog ditu! Patxitrapero, Begietatik, Harrapatu!, Mundua aldrebes eta sortu duen azkena, Telebista.
Beste hamaika blog ere aipatuko nituzke, niretzat behintzat gozagarriak direnak eta Bloglinesi esker hortxe ditudanak beti eskuragarri, txukun-txukun. Ezagutzen ez duzuenontzat, programa hori kristona da. Kanpotik ikusita, eta barkatuko didate teknofiloek astakeriaren bat esaten badut, oso mekanismo sinplekoa dirudi, baina gero sekulako zerbitzua ematen du. Doakoa da gainera, eta, bertan, bakoitzak bere gustuko blogak sartzen ditu, gero ez ibiltzeko blogez blog interneten batek eta besteak zer idatzi duten jakiteko. Ez: Bloglines-ekin, berak abisatzen dizu nork zer idatzi duen.
Baina ez ditut aipatuko. Domekan esango diet eurei, eta kito. Batzuek badakite gustura irakurtzen ditudala euren blogak, eta ez ditut berriro lorez jantziko. Beste blogari batzuk, berriz, ez ditut pertsonalki ezagutzen, eta Elgetan bertan esango diet.
Hantxe izango naiz, argazki kamera alboan dudala. Eta nire blogerako albiste zoriontsua: Joxe Aranzabalek argazkiak editatzen irakatsiko dit. Astelehenetik aurrera, beraz, argazkiak ere ikusiko dituzue blog honetan, testuak apaintzeko.
Ai ene ene!
Hemen nabil ni, indarrean dauden moldeak, instituzioak etab. Zalantzan jartzen, eta zu berriz lehendakari bila! Eta gainera, halako aukera zoroa! Ni behintzat, guztiz kontra!
Estimatuta dago hala ere. Jasotzen det zure maitasuna. Nik gehiago maite zaitut hala ere...
(Erromantizismoa, ze gauz polit xamurra...)