www.eibarko-euskara.com webgune berrituaren aurkezpena
Eibarko udaleko euskara eta kultura sailak bere webgune berritua aurkeztuko du bihar, abenduaren 17an, arratsaldeko 7etan Portalean. Besteak beste, ondorengoak bilduko ditu: Euskararen inguruko albisteak, Eibarko Hiztegi Digitala, Eibarko argitalpenak eta Eibarko euskararen lekukotasunak.
Eibarko Udalak, Euskara Mintegiarekin elkarlanean, Eibarko-euskara.com webgunea berritu du. Lehendik ere sarean dago eta bertan aurkitu daiteke Eibarko Hiztegi Digitalaren lehenengo bertsioa eta Eibarko argitalpenen katalogoa. Baina azken urteko lanaren ondoren, webgunea erabat berritu da, egitura eta atal berriekin hornituta.
Webgune berriak ondorengo berrikuntzak izango ditu:
- Eibarko Hiztegi Digitala. Toribio Etxeberriaren lana oinarri hartuta, Eibarko Hiztegi Etnografikoko hitzak gehitu dira, gaztelaniazko baliokideak gehitu eta zuzendu, eta baliabide berriak gehitu zaizkio. Hitzen fitxa lexikalak egokitu egin dira eta, gainera, sarrera bakoitzari argazkia eta bideoa gehitzeko aukera izango du.
- Eibarko Udaleko Euskara eta Kultura Sailaren albistegia ere izango du, euskararen inguruko berriak bilduko dituena. EBPNaren inguruko informazioa ere izango du.
- Eibarko Ahotsak proiektuaren barruan egindako grabazioen inguruko informazioa ere webgunean txertatuko da. Ahotsak.com proiektuaren barruan egin da bilketa-lana.
Eibarko udalaren laguntzaz eta sustapenez, 8 laguneko lantalde batek jardun du lanean, Ane Sarasketaren eta Serafin Basauriren gidaritzapean. Lan teknikoa KAM enpresak egin du.
Webgunearen aurkezpena, abenduaren 17an, eguenean, Portaleko Areto Nagusian 19:00etan. Herritar guztiak daude gonbidatuta.