Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Materixala / 1754. urteko Eibarko ordenantzak euskaraz

1754. urteko Eibarko ordenantzak euskaraz

Imanol Trebiño Eibar.ORG elkarteko partaidearen testu bat da hau, 18. mendeko euskarazko dokumentu baten azterketa historikoa egokitu baitzaio egitea. 1754. urtean (gutxi gorabehera) Eibarko udalak kaleratutako ordenantzak aztertu ditu. Egilearekin kontaktatzeko, imanol@eibar.org.

 

0.- Aldez aurretiko argitasunak

Jatorrizkoa dokumentuak, beren euskarazko bertsioan eta baita erdarazkoan, Eibarko udal artxiboan daude, "A 22.5" erreferentziapean. Beroien kopiak Yolanda Ruiz bertako artxiboaren arduradunak bidali zizkigun. Eskertzen dugu bere laguntza.

Transkripziorako hasiera batean Serapio Mugicarena jarraitu genuen, baina jatorrizkoa zuzen irakurri ahal izan genuenean zenbait letra ez zuela jaso eta beste batzuk gaizki ulertuta zeudela nabaritu genuen. Horretara, gure transkripzio propioa eskaintzen dugu, Serapiorena ere neurri batean segituz, berak, guk ez bezala, jatorrizko dokumentuaren eskumako margenaren ondoko letrak hobeto irakurri ahal izan zituen eta. Erdarazko bertsioa guk transkribatu dugu jatorrizko testutik, Mugicak ez baitzuen hau bere artikuluan jaso.

Gregorio de Mujicak bere "Monografía histórica de Eibar" lanean[1] ordenantza hauen gainean zera esan zuen: "Traducidas [las ordenanzas] a un detestable euskera que casi no merece el nombre de tal". Aipamen hau ez nuke gogora ekarriko gaur egungo ezjakinen artean arrakasta izan duela konturatuta ez banengo, eta batez ere guztiz iritzi okerra delako, euskara on onean idatzita baitaude, Eibarko euskaran, hau da, bizkaieraz, eta baliteke gipuzkeraz mintzatzen zen batentzat (Gregorio Mujica ormaiztegiar eta ormaiztegiarren seme zen) eta batez ere bere garaiko giro garbizalean murgilduta bizi zen batentzat, euskara traketsa izatea, baina kasu honetan erabat huts egin zuen[2]. Eibarko euskararekin ohituta dagoenak erraz erraz irakurtzen du testu osoa, batez ere arrapaladan egiten badu, letra bakoitzari gehiegi erreparatu barik. Horixe gomendatzen diot irakurleari. Sarri ikusiko dira bi "t"-ak batera idatzia, ez da berez bustidura fonetikoren seinale, euskarazko eta erdarazko testuetatik ondoriozta daitekeenez. Horrelaxe idazten du, besterik gabe. "T" bakarra moduan irakur daiteke.

Ordenantza hauek lehenago ere jaso izan dira hainbat argitalpenetan, jeneralean beren testua huts hutsik emateko. Halako tokietan topa daitezke:

- MUGICA, Serapio: "El vascuence en los archivos municipales de Guipúúzcoa", Revista Internacional de Estudios Vascos, 1908, 731-733 orrialdeak.

- MUJICA, Gregorio de: Monografía histórica de Eibar, Irun, Viuda de B. Valverde, 1910, 464 orrialdea (Gregorio Mujica Serapio Mugicaren semea da, deituran grafia diferentea erabili arren).

- EUSKARA JURIDIKOAREN MINTEGIA (ATXABAL, Alberto eta beste batzuk): Euskara, zuzenbidearen hizkera, op. cit., 407-409 orrialdeak.

Ordenantza hauek idatzi zirenetik ur asko pasa da Ego errekatik eta garai hartako legeak eta orduko Eibar hura asko aldatu dira. Sasoi hartan idatzi zena aditzeko beharrezkoa da azalpen batzuk ematea, beraien ezean Eibarko ordenantza hauetan aipatzen diren hainbat gai eta erakunde erdizka baino ez liratekeela ulertuko uste dugu eta. Hainbat zatitan antolatu dugu azalpen hauek, hauexek:

 


1.- Dokumentuaren datazioa

Testua datatzeko baditugu hainbat datu: hasteko, Pedro Cano y Mucientes, gure testuaren sinatzailea, 1754 eta 1758 artean izan zela Gipuzkoako korrejidore[3]; bigarrenez, badakigu 1755an erregelamendu batez herriko kontuak urtero aurkeztu beharrean hiru urtetan behin egiteko agindu zuela; eta azkenengoz, gure testuaren 13. artikuluan berriz, kontuak urtero bidaltzeko eskatzen duela ikusten dela. Datu hauetatik abiatuta gure Eibarko ordenantza hauek 1754 edo 1755 urteetan datatzea nahiko gauza zentzuzkoa dirudi.

 


2.- Herrietako ordenantzak: garai foralekoak eta ondorengoak

Historian, XX. mendera arte, euskaraz sortu diren ordenantza munizipalak sei izan dira: aurrena Eibarko hau -eta hortik bere inportantzia- eta gero Goizuetako 1825ekoa, Berako XIX. mendearen hasierakoa, Tolosako 1875 ingurukoa, Usurbilgo 1888koa eta Goizuetako 1897koa. Garai diferentetakoak eta egoera diferentetan sortuak dira. Eta garaiak bereiztean bi desberdingu behar: garai forala (eta hemen kokatzen da Eibarko ordenantza hau) eta ondorengoa.

Udalek beren arazoak arautzeko duten gaitasuna XII eta XIII. mendeetan jaioko da. Erregeek herri batzuk artisauentzat eta kanpoko jendearentzat bizitoki atseginak izan daitezela lortu nahi dute, bertakotu daitezen, eta foruak ematen hasiko dira. Hauen bitartez beren agindupeko beste lurrei baino eskubide gehiago emango diete, eta herri hauek eskudun izango dira beren defentsa, justizia, merkataritza eta eguneroko bizitza administratzen. Erdi Aroaren bukaeran erregeek arlo horietako asko berriro bereganatuko dute, baina beste batzuk oraindik udalen esku geratuko dira, eta orain herriek, lehengo foruen bidez arautu beharrean, ordenantzen bidez antolatuko dituzte[4].

Kontatu dugun bilakaera hau Espainia eta Frantziako erreinuetan gertatutakoa da, baina Euskal Herrian, azkenean berdina jazoko bazen ere, beste lurralde horietan baino beranduago izango zen, eta hori suertatu bitartean eskuduntza horiek euskal herrialdeen berezitasuna izango dira beren estatuetako inguruko lurraldeen aldean. "Foralitate" izenez ezagutzen dugu gaur egun egoera historiko hori. Berezitasun horiek Frantziako euskal lurraldeek Iraultza Frantsesarekin galdu zituzten eta Espainiako euskal eskualdeek XIX. mendearen zehar gerra karlistak tarteko. Data bat ipintzeagatik I Gerra Karlistaren ondoren Esparterok foruak deuseztatuz kaleratutako dekretuarena ipini daiteke, 1841eko urriaren 29a, baina dena dela, zehaztasunetan hasita, ez dago hain erraz esaterik foralitatea noiz amaitzen den, Dekretu honen ostean lurralde foralek berezitasun batzuk gordeko baitituzte eta foralitatearen ondoren "foralitate berria" deitzen dena datorrelako. Hala ere, urte horretan suertatu ziren aldaketak benetan nabarmenak izan ziren eta irizpide baliagarria da denbora-muga hor jartzeko.

Forala ote den edo ez bereizteko herrien eskuduntzei erreparatu behar. Ordenantza mota biren arteko aldiak igarri daitezela nahi dugunez, diferentziak zertan dautzan azaldu beharko dugu. Udalerri foralek izango dituzten eskuduntza bereziak -gure Eibarko testuan islatzen direnak-, lurralde ez-foralek izango ez dituztenak, hauek izango dira[5]:

  • - Justizia administratzea. Alkatea lehen auzialdiko epailea ere izango da, eta korrejidoreek ezin izango diete ahalmen hau kendu. Gaitasun honetaz gero itzuliko gara.
  • - Defentsa. Euskal herritarrak erregeri zerbitzu militarra emateaz libre zeuden, erregek ezin baitzituen euskaldunak behartu bere armadetan sar zitezen. Honek, dena dela, ez du esan nahi miliziarik ez zela izaten, foruarengatik ezin zitzaien behartu probintziatik artetzeko, baina Frantziarekin gerra izanez gero derrigortuta zeuden lurraldea defendatzera eta hori antolatu behar zen. Eskualdeetako ejertzitoen oinarria udalak ziren.
  • - Fiskalitatean. Gogora dezagun udalek askatasuna zutela pagatzea tokatzen zitzaien zatia ondoen ikusten zuten moduaz jasotzeko.
  • - Herrien gobernu-erakunde eta hauteskundeetan. Honetaz geroago luzatuko gara, baina aipa dezagun, besterik gabe, hauteskundeak egiteko modua euskal eta Espainiako erakundeen arteko eztabaida puntu sakona izango zela I. Gerra Karlista bukatu eta gero, euskaldunek bere era tradizionalean egiten segitu nahi izango zutelako, eta Espainiako Gorteek euskal lurraldeetan koroaren gainerako lurraldeen modura egin zitezela desiratzen zutelako.
  • - Herrien partehartzea bere gaineko lurralde erakundean, hau da, Araba, Bizkaia edo Gipuzkoako Junta Jeneraletan. Herriek beren ordezkariak bidaltzen zituzten asanblada horietara, horrela osatzen ziren eta modu honetan herrien eta lurraldeetako erakunde foralen arteko konexioa estu estua izango da, udalerrien eta diputazioen indarra elkarri areagotuz.

Egoera juridiko hau, lehen esan dugun moduan, eta data bat emateagatik, 1841era arte mantenduko da.

Eibarren historian zehar izandako ordenantzei buruz ere zerbait esango dugu. Zaharrenen testua ez zaigu iritsi[6], aipatu egiten dira eta badakigu elekzio kontuetaz arduratzen zirela batik bat edo bakarrik. 1600ean agertzen zaigu lehenengo aipamena, ordurako jarrita zeuden batzuei buruz, eta 1625ean ordenantza horiek berritzeko premia azaltzen da, horretarako komisio bat izendatu ere, baina ez zen amaiera onik lortu. Mila zazpiehun eta hogeita hemeretzian Diego de Zezeil alkateak bando bat ateratzen du ordenantzek begiztatzen ez zituzten beharrak arautzeko, aurreko ordenantza horien gehigarri bezala kontsidera dezakegu. Gero Cano y Mucientes Gipuzkoako Korrejidoreak hauteskundeen gainean ateratako ordenantzak izango ditugu, euskaraz eta erdaraz hemen jasotzen ditugunak. Garai bertsuan beste batzuk izango ditugu, 1756ko data dutenak, herriko karguen soldatei buruzkoak. Dena dela, denbora pasa eta ordenantza hauek ahaztu egingo dira, 1800.eko urtarrilaren 26ko sesioan ordenantzak egiteko eskatzen da, ez zegoela eta usadioaz arautzen zirela argudiatzen zen eta. Urteak pasa eta berdin jarraitzen zutenez 1829aren maiatzaren 15ean komisio bat izendatzen da aldameneko herriek dituztenak azter zitzan eta aiuntamentuari proposamen bat eskain ziezaion. Zer gertatu zen ez dakigu baina denbora asko pasa behar izan zen, 1883 urtera arte ez baititugu ordenantza berriak onartuta ikusiko.

 


3.- Korrejidorea eta justiziaren antolaketa

Korrejidorea Gaztela erreinuan erregeak herri bakoitzean zuen bere ordezko ofiziala zen. Gipuzkoan berriz, herri bakoitzean egon beharrean, probintzia osorako bakarra zegoen. Gipuzkoan[7] lehena Gonzalo Moro izango da 1397an, baina, etenik gabe, kargu honek 1487tik aurrera jardungo du. Gipuzkoako arazo jeneraletaz arduratzen da eta XV. mendetik aitzina hiribilduen eta beste herrien administrazioa gainbegiratzeko lana bete behar zuen eta horretarako toki bakoitza, banan banan, gutxienez urtean behin bisitatu behar zuen. XVIII. menderako gainbegiratzeko funtzioa beste modu batez burutuko du, bera joan beharrean bere eskribauak higituko dira, eta hauen bitartez herrietako kontuen onarpena egingo du, honezkero bere egoitzatik mugitu gabe. Garai honetan 63 dira Gipuzkoan dauden hiribildu edo villak eta ez da batere erraza guztietara joatea. Horrez gain, garai honetan korrejidorearen lana gehienbat judiziala zen, arlo zibilean eta arlo penalean, eta ez zen instantzia judizial bakarra, alderdiek berdin aukera zezaketen berarengana edo herriko alkatearengana jotzea. Gure testua ikusten badugu konturatzen gara korrejidoreak alkateari sarri eskaintzen dion tratamendu bat "bere justizia" dela, berorren arrazoia lehenago esandakoa da.

Gregorio Monrealek, Carmelo Echegaray jarraituz, alkateek kontrabando delituaz ezagutzen zutela gogoratzen digu[8], horretaz hain zuzen dihardu gure Eibarko ordenantzen 11. artikuluak:

11.- Baitta bere Justticichac procurau Daichala cuidado etta vigilanci andicharequin Casttigazia erregueren contra dabilsanac, contrabanduan tabacuac pasazen Gastelara, Erregue Magesttariaren interes errialaren Contra, eta onec, dauquezala señalauta pena andichac, Casttigubac, ala Consejo realac ifimita, baitta bere gure Provinciac Decretto, etta cedula errial ascottan gueure oneraco, baitha bere galdu esttittian gueure Ama Provinciacuan fueruac seina baitta combeni Jacusan, gueure liberttaderaco, da Pechupian es egotteco.

Gonzalo Martínez segitzen badugu[9] alderdiek berdin jo zezaketen bata edo bestearengana arlo penalean eta baita arlo zibilean lehen instantzian. Eta bigarren instantzian ere ez zen beharrezkoa korrejidorearengana jotzea, lehen instantzian korrejidorearen aurrean ikusitako auzia bigarren instantzian Valladolideko Real Chancillerían erabakitzen zen, baina lehen instantzian alkate aurrean epaitutako auzia bigarren instantzian korrejidorearengana joan zitekeen edo, zuzen eta tarteko instantzia hau saltatuz, Valladolideko Chancilleríara jo. Horrelaxe izan omen zen XVIII. mende osoan.

Hego eta ipar aldeetako euskal auzapezen betebehar judizialen adibide garbia 1788an Donibane Lohitzungo eta Berako udal agintariek lapurreta baten gaineko argibideak azalduz izandako euskarazko korrespondentzia dugu.[10] Hara joan daiteke irakurlea hemen esaten duguna testu konkretu batzuetan islatua ikusi nahi baldin badu.

Bada ordenantzen 11. artikulu horretan nabarmendu behar den detaile bat: kontrabandoaz diharduenean Gipuzkoa eta Gaztela artean egiten denaz aritzen da, garbi dago orduko egoerak zerikusi gutxi duela XX. mende honetan bizi izan garenok ezagutu dugunarekin. Garai horretan aduanak ez zeuden Espainiako erreinuaren bazterretan, itsasoan edo Pirinioetan; aitzitik, hegoaldeko euskal lurraldeek bereak gordetzen zituzten, Nafarroak bereak bere partez, eta beste hiru probintziek elkarrekin beraienak, komunak hirurontzat eta haien artean aduanarik egon gabe. Horregatik, 11. artikulu hau irakurrita pentsa zitekeen kontrara, Eibar ezin zen kontrabando tokia izan Gipuzkoa eta Bizkaia artean. Artikulu horren izkiriatzaleak izan zuen kezka ez zen izan Eibarren egin zitekeen kontrabandoa, baizik eta Euskal Herri osotik Gaztela alderantz egiten zen tabako kontrabandoa, oso oso zabalduta zegoena eta Gaztelako agintariak sano kezkatuak zituena, ez osasun arrazoirengatik jakina, zergetan galtzen zutenarengatik baino, begitandu daitekeen moduan. Tabakoaren kontrabandoaren negozioa oso aspaldikoa da. XVII. mendearen erdialdean bihurtu zen bere salerosketa Gaztelan eta baita Nafarroan ere gobernuaren monopolioa, bere salmenta zergapetuz, eta ordudanik bihurtu zen ere kontrabandorako gaia. Gaur egun horretara dedikatzen direnak guztiz arro ager zitezkeen aspaldiko ogibideen erakustaldietan.

 


4.- Gaztelako Kontseilu Erreala

Hamahirugarren artikuluak kontu munizipalen testimonioa Gaztelako Kontseilu Errealera eraman egin behar zela gogoratzen digu, horrelaxe justu esaten digu:

13.- Baitta bere Justticia Jaunac Provinciaco erri gusttiettacuac bialdu daichela urtebarrico ylian, ceina baitta ustarrilian urttegusttiettacuan ttesttimonio originala errico Conttu municipalettacua gasttelaco Conseju Errialera, da erregue Magesttariaren escribau nauci Camaracoaren escubettara berroguetta amar milla marabidiren penan, da osteruncian izangodala gueure erregueren Casttiguba, ó Gracicha bere vorondattera.

Alde batetik ikusi dugu kontuen kontrola korrejidorearen esku zegoela, bestetik ez da ahaztu behar villak erregeek sortutakoak direla -zehatzago esateko: beraiek eman zieten aurrez existitzen ziren hiri batzuei titulu hori eta berarekin zekartzan abantailak- eta lotura zuzen hau XVIII. mende honetan oraindik mantendu egiten dela, eta hortik Gaztelako Kontseiluak duen ahalmen hau[11]. Tutoretza ekonomiko hau Gaztelako Kontseilua desagertzean Espainiako Gobernuaren eskuetara igaroko da eta hor pausatuko da 1878ko ekainaren zortziko Erret Agindua zabaldu arte[12], non foralitatea betiko deuseztatzen denean, udalen eta diputazioen eskuduntzak berriro zehazten diren, eta kasu honetan, berez tradizioz forala ez zen ahalmen bat, diputazioen esku ipintzen denean.

 


5.- Elektoreak eta elekzioak Eibarren

"Elektoreak" eta "elekzioak" berbak erabiltzen ditu gure testuak (zehatzago esanda: "elektoreak" eta "elezinoak" edo "elekzinoak") eta guk ere gehien bat terminologia bera jarraituko dugu, batez ere testuari zor diogun errespetuarengatik, eta gaur onespen handiagoa duten beste hitz batzuk, hala nola "hautesle" eta "hauteskunde" edo "bozketa", esklusiboki edo nagusiki erabili beharrean.

Elektoreak, hau da, udalerriaren karguen hautaketa egiteko eskubidea duten auzotarrak, laugarren ordenantzan aipatzen zaizkigu eta gaur egun harrigarri den erantzukizun batekin "(...) egiten badabe elecino charric, eta onec (elektoreek aukeratutako alkateak, erregidoreek, sindikoek eta) izatten badabe quiebraric, edo jatten baditube errico errenttac, electtoriac eurac yzan biaco dabela fichadore, da abonadore, da pagau izan biaco dabela aren faltta gustichac zergaitterren errichac es ttabela bihar perjuicioric, es quiebraric, da es ttabela pagauco elecctoriaren culparic, berac baiño, da contuban egon ditiala"[13]. Izan ere, orain ikusiko dugunez, elektoreak ez dira ez herriko jende guztia.

Orduko Eibar hark 1747an 340 auzotar zituen, horietatik 242 auzotar hauteslegai edo "vecino concejante"ak, alegia, hautesle izateko eskubide politikoa zutenak, eta 98 bestelakoak. Baina auzotarrak, vecinos edo voisins, ez ziren denak, ezta gutxiago ere. Auzotar[14] kategoria izateko herrian etxea eduki eta bertan bizi eta herriaren gastuak ordaintzen lagundu behar izaten zen. Ez dugu bizilagun kopuruaren daturik, baina Gregorio de Mujicak aurreko eta ondorengo urteetaz ematen dituen datuen proportzioak ikusita[15] biztanleena auzotarrena baino bost edo zortzi bider handiagoa zela ikusten da, beraz, 1.700 eta 2.700 biztanle inguruko herria zen hura, horietatik hirian bertan hiruren bat inguru baino ez zen bizi, 600-900 pertsona gora-behera, eta besteak, gehienak, auzoetan bizi ziren, Aginagan, Akondian, Otaolan, Arraten, Maltzagan eta sakabanatuta. Biztanle eta auzotarren arteko aldea nabarmena da, baina oraindik beste jauzi bat ere badago: auzotar eta hautesle edo elektore izatearen artean dagoena.

Elekzioak era bitxi batez egiten ziren sasoi hartan, ez ziren guztiz finkoak baina prozedura nahiko antzekoa mantentzen zen toki eta urteetan zehar. Badakigu zelan egin ziren Eibarko 1651eko hauteskundeak[16]: sindikoak berak[17] egoki ikusten zituen hiru pertsona aukeratzen zituen, hiru elektore hauek gero zazpi herritar aukeratu behar zituzten eta zazpi hauen artean, zozketaz, udalerriko ofizioak beteko ziren, paperetan izenak jarri eta banan banan atera, lehena alkate izango zen, bigarrena alkatearen tenientea, hirugarrena sindikoa, laugarrena sindikoaren tenientea, bosgarrena eta seigarrena erregidoreak eta zazpigarrena erregidoreen tenientea. Ez dirudi mende osoa pasa eta sistema hau asko aldatuko zenik[18]. Halako sistema, elektore gehiagorekin, Donostiarako 1511an asmatu eta laster herri askotara zabaldu zen, XVIII. menderaino iraun zuelarik.

Gainera, sasoi batean behintzat, Eibarren alkate izateko txandaka aukeratzen ziren kaletarrak eta baserritarrak. 1600 urtean[19] agintaldi batean alkatea baserritarra izan bazen hurrengoan kaletarra izan behar. Urte horretan elektoreak sei ziren, hiru baserri aldeetako hiru demarkaziotako baserritarrak eta hiru kale aldeko hiru kaletar. Sei elektoreek pertsona bana aukeratzen zuten, kaletarrek baserritarra aukeratuz eta baserritarrek kaletarra, aukeratutako sei horien artean zozketan egin, alkatea zegokion tokikoa izan zedila zainduz (itxura denez, akta bera jasotzen duen eskribaua izan zen 1600 urte horretako alkate aukeratua) eta horrelaxe betetzen ziren postuak, erregidoreak alkateak berak aukeratzen zituelarik. Hurrengo urteetan sistema honek aldaketak izango ditu, baina ez nabarmenak, kaletar eta baserritarren arteko txandak mantendu egingo dira eta. Eibarko kasua ez zen salbuespena, Lekeition marinel eta lehorrekoen artean banatzen ziren, bi mendetan zehar alkate bi zeuden batera, bat talde bakoitzean, eta 1733rako alkate bakarra aukeratuko dute, baina elektoreak, sindikoak eta erregidoreak erdizka hautatuz. Errigoitian, Elorrion eta Mungian, Eibarren legez, kaletar eta baserritarren artean banatzen ziren.

Halako prozedura bat, tokian tokiko zehaztasunekin, zehatz-mehatz kontatuta, euskaraz jaso zen Tolosako 1874 eta 1876 bitarteko ordenantzetan, II. Gerra Karlista zela-eta, eta karlistek Tolosa beren kontrolpean zutela, udal hauteskundeak sistema "foralaz" antolatu nahi izan zituztenean[20].

 


6.- Udalerrietako erakunde agintzaileak eta karguak

Udalerrietako erakunde agintzaile zaharrena kontzeju irekia da, baina honek funtzionatzeko herrian biztanle gutxi izatea eskatzen du, herriak jendeztatzen direnean kontzeju itxira pasatuko da, talde batek bere herrikide guztiak ordezkatuz. Urteak pasa eta kontzeju itxi hau udalerriko ofizial (herritar inportante) batzuen kontrolpean geratuko da, antolaketa sistema berri hau erregimentu izenez ezagutuko dugu. Kontzejua ez da desagertzen hauek nagusitzen direnean, baina funtzio gutxiago beteko ditu eta gutxiagotan bilduko da.

Erregimentua gure testuan lau bat biderrez aipatua agertzen da, gobernu organoa da[21], alkateak presiditzen du, erregidoreak bertako partaideak dira, eta egon daitezke beste kargu batzuk, hemen aipatzen ez direnak, hala nola juratu nagusiak edo "jurado mayor"rak eta fielak. Bakarrik alkate eta erregidoreak badaude alkatea gainbegiratzaile nagusia izango da; eta erregidoreak herriko interesen zaindariak, herriko libertateak, pribilegioak, ondasunak eta diru sarrerak eta gastuak zainduko dituztenak izango dira. Gure testuan, erregidoreak, alkatearekin batera, erantzule gisa agertzen dira hainbat ezbehar gertatuz gero: eskribaua hiltzen bada alkateak inbentarioa egin behar du Diputaziora berehala bidaltzeko eta, bigarren bat, erregimentuak, kontzejuak fakultatu gabe, zerga moduan (testuan aipatzen diren zentsuen bidez) dirurik hartuko balu, beraien eta euren hazienden kontra jo ahal izango litzateke. Beste lan batzuk ere izan zitzaketen, zergak jasotzen eta merkataritzarako tasak, pisuak eta neurriak zaintzen esate baterako, Ezkabarten, Iruñea ondoan, 1773. urtean euskaraz jaso zen aktan ikus daitekeen modu berean[22].

Erregimentuak ere bazituen funtzio judizial batzuk, alkateak zituen hor eginahal gehienak, baina zenbait gertaeren aurrean, hala nola erregimentuak berak sortutako arauen urraketan, bere barruko arazoetan edo udalerriko elekzioetako sobornoetan eta, erregimentua zen eskudun. Halakoetan modu kolegiatuan eratzen zen eta bere presidentea alkatea zen.

Eibarren 1745an baziren alkate bat, sindiko bat eta erregidore bi[23]. Gure testuan, 1754 edo 1755 urtean datatu duguna, kontzejua eta erregimentua agertzeaz gain, alkatea -behin alkate ordinarioa esaten da-, erregidoreak, eskribaua eta sindikoak ere aipatzen dira.

Eskribaua eta sindikoa erregimentutik kanpoko ofizioak dira, eskribauaren lan ezagunena badakigu aktak jasotzea dela, sindikoaren lana[24], berriz, bere herri bereko erakundeetatik kanpo herriaren interesak ordezkatzea da, epaitegietan esate baterako, eta Eibarren tesorero lana ere beteko du.

Horrez gain badakigu 1757an aguazil bi zeudela, hiru 1759an, eta bere funtzioa poliziarena zen.[25]

 


7.- Alkate izateko betebeharreko baldintzak

Kargu hauek okupatu ahal izateko zenbait betebehar zeuden, gure testuan lehenengo ordenantza edo artikuluan aipatzen zaigu alkate izateko behar dela, besteak beste, onraua, hidalgoa[26], aberatsa izan eta erraizak eduki. Ondratuak eta hidalgoak ia denak ziren ("onrauak" gaur egun ere badira eibartar gehienak), aberatsak gutxiago. Eskubide politikoak izateko zerga batzuk pagatu behar ziren, beren lurren balioaren arabera, azken batean atzetik zegoen ideia zera zen, herriko agintaritzan parte har zitekeen erakundearen mantenuan laguntzen zen neurrian. Gutxi pagatzen zutenek bazuten eskubidea asanbladetan eta elekzioetan parte hartzeko, eta gehien pagatzen zutenek hauek bakarrik bete zezaketen erregimentuaren kargu bat. Sistema honetaz posible zen elektore izateko behar zen kontribuzio fiskala ez hain txikia eskatzea eta horrekin gehiago murriztea elektoreen taldea, Bergaran, esate baterako, 1680an auzotar hidalgoen %35'4a zen bere eskubide politiko osoen jabe. Gure testuan "erraizak edukitzea" aipatzen da ere, ez da esaten horiek hirian edo mendian izan behar ziren, Eibarren alkate izateko txandaka aurreratzen zirelako kaletarrak eta baserritarrak, baina ez zen herri guztietan horrela izaten, ez zen hain arraroa erraizak hiri barruan izan beharra eskatzea, hots, kaletarrak izatea benetako agintzaileak.

Ikusi dugu ere alkate izateko "idacortten da escribicen" jakin behar zela. Hau ere bazen muga bat. Herri handiek, Donostia eta Tolosa, 1530 eta 1532an ezarri zuten baldintza hau eta Gipuzkoako alkate guztiei 1571etik aurrera eskatuko zaie, baina herri txiki askotan edo oso jende gutxi edo inor ez zegoen alfabetatua, eta honek XVII. mendearen hasieraraino atzeratuko du bere erregulazioa halako toki frankotan. Herri handiagotan bazegoen jende gehiago, baina Eibarren bertan 1665ean bere prokuradore sindikoa ez zen Gipuzkoako Juntetan parte hartzeko onartua izan irakurtzen eta idazten ez zekielako, 1708an Juntan herri batzuk alkaterako alfabetatugabeak aukeratzen dituztela salatzen da eta 1742an Juntek Zaldibiako kontzejua isuntzen du alfabetatugabeko bat alkate aukeratzeagatik. Ikusten da bada halakorik eginez gero gure dokumentuan jasotako bi mila marabedien multa ez dela alperrik ipinita.

"Es tteila izan (...) Erregue maggesttatiaren errejimenduban serbicen dabenic" irakurtzen dugu. Hau 1675eko ordenantza probintzial batek ezarri zuen eta arrazoi bi zituen bere atzetik, batetik halako jendeak gestio txarrik burutuz gero jujatu behar bazen ez zezala alegatu jurisdikzio militar pean egoteagatik ez zegoela alkatearen jurisdikzio pean, eskumen kontu bat hortaz, baina bigarrenez eta batez ere, soldadu apalei udalerriaren ofiziala izateko bidea ixteagatik.

Ofizio txarrik ez izatea ere eskatzen da gure testuan, honetan dendariak, arotzak, ferratzaileak eta sartzen zirelarik. Agindu hau 1686tik aurrera eskatzen zen, donostiarrek hala eskatu zutenean Juntetan. Erreinuaren beste lurraldeetan sobran legoke halako betebehar bat hidalgoak eskatzerakoan, baina Gipuzkoan denak zirenez aitonen seme baziren ere ofizio umilak betetzen zituztenak, eta eskubide politikoak murrizteko formula ona zen.

Imanol Trebiño Gasteizen, 2000-01-07an

 


[1] MUJICA, Gregorio de: Monografía histórica de Eibar, op. cit., 200. orrialdea.

[2] Honetaz: NARBAIZA AZKUE, Antxon: Eibarko euskara: gutxiespenaren historia, Eibar, Eibarko Udala, 1998, 104-109 orrialdeak.

[3] MUGICA, Serapio: "El vascuence en los archivos municipales de Guipúzcoa", op. cit., 731 orrialdea.

[4] Gure ordenantzen garaiaren egoera juridikoa azaltzean gehienbat Gregorio MONREALen lana segituko dugu: "Del municipio foral al municipio concertista", Cuestiones particulares del régimen foral y local vasco monografian argitaratua, Oñati, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea, 1994. Azken batean, Monrealek berak artikuluaren sarreran dioen legez muzipalitate foralei buruzko oinarrizko bibliografiarik ere ez dago, eta bere artikuluak justu gure gaia lantzen du.

[5] MONREAL, G.: "Del municipio foral al municipio concertista", op. cit., 250-254 orrialdeak.

[6] MUJICA, Gregorio de: Monografía histórica de Eibar, op. cit., 206 orrialdea eta hurrengoak.

[7] MARTÏNEZ DÍEZ, Gonzalo: "La administración guipuzcoana en el siglo XVIII", Actas del III Symposium Historia de la Administración, Madrid, Instituto de Estudios Administrativos, 1974, 533 orrialdea.

[8] MONREAL, G.: "Del municipio foral al municipio concertista", op. cit., 250 orrialdea.

[9] MARTÏNEZ DÍEZ, G.: "La administración guipuzcoana en el siglo XVIII", op. cit., 534 orrialdea.

[10] Hemen ere jasoa: IRIGARAY, Angel: "Cinco cartas eusquéricas del Ayuntamiento de S.J. de Luz al de Vera (de 1788)", Fontes Linguae Vasconum, 12. zk., 1972, 345-359 orrialdeak; SATRUSTEGI, Jose Maria: "Correspondencia oficial vasca del siglo XVIII", Fontes Linguae Vasconum. 47 zk., 1986. 133-142 orrialdeak; YRIZAR, Pedro: "Laburd-Laburdi" sarreran "Lengua: el labortano en la lengua oficial" atalean, Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco. Cuerpo A, Diccionario Enciclopédico Vasco, op. cit., vol. XXII: Kobau-Landap, 1986, 155 orrialdea; SATRUSTEGI, Jose Maria: Euskal Testu Zaharrak, op. cit., 168-171 orrialdeak; EGIA GOIENETXEA, Gotzon: "Noiz sentiduko dira merak?", op. cit., 94-97 orrialdeak.

[11] MONREAL, G.: "Del municipio foral al municipio concertista", op. cit., 254 orrialdea.

[12] Idem., 269 orrialdea.

[13] Paragrafo honetan, errazago aditu ahal izateko, neuk aldatu ditut komak, maiuskulak kendu eta berben artean tarteak sartu.

[14] Kategoria hau izendatzeko hemen bildu ahal izan ditugun hegoaldeko testu administratiboetan, beren euskal bertsioetan, "vecino" hitza bera ere erabiltzen dute, izan ere, haientzat "auzotar" edo "herritar" bezalako hitzak ez omen ziren aski zehatzak egoera juridiko hori azaltzeko, eta gainera badirudi guztiz ohituak zeudela "vecinoa" euskal hitz moduan esaten.

[15] MUJICA, Gregorio de: Monografía histórica de Eibar, 226 orrialdea eta hurrengoak.

[16] Idem., 200. orrialdea.

[17] Hurrengo atalean ikusiko dugu kargu bakoitzaren esanahia.

[18] SORIA SESE, Lourdes: Derecho municipal guipuzcoano: categorías normativas y comportamientos sociales, Oñati, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea, 1992, 168 orrialdea; eta MARTÕNEZ RUEDA: Los poderes locales en Vizcaya: Del Antiguo Régimen a la Revolución Liberal (1700-1853), Bilbo, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea eta Euskal Herriko Unibertsitatea, 1994, 45 orrialdea eta.

[19] MUJICA, Gregorio de: Monografía histórica de Eibar, op. cit., 191 orrialdea.

[20] Ordenantza hauen zati bat hemen: EUSKARA JURIDIKOAREN MINTEGIA (ATXABAL, Alberto eta beste batzuk): Euskara, zuzenbidearen hizkera, Bilbo, Deustuko Unibertsitatea, 1995, 427-430 orrialdeak.

[21] SORIA SESE, Lourdes: Derecho municipal guipuzcoano: categorías normativas y comportamientos sociales, op. cit. Obra hau berau segitzen dugu kargu munizipalak eta elekzioen betebeharrak azaltzean.

[22] Hemen ere aipatua: IRIGARAY, Angel: "Un acta de ayuntamiento en lengua vasca", Revista Internacional de Estudios Vascos, tomo XXIII, 1932, 565-568 orrialdeak; APAT ECHEBARNE, A. (Apat-Echebarne izena Angel Irigarayren seudonimoa da): Noticias y viejos textos de la "lingua navarrorum", Donostia, Sociedad Guipuzcoana de Ediciones, 1971, 37 orrialdea; APAT-ECHEBARNE, A.: "Una geografía diacrónica del euskara en Navarra", op. cit., 1974, 67-69 orrialdeak; EGIA GOIENETXEA, Gotzon: "Noiz sentiduko dira merakÖ", op. cit., 91 orrialdea; EUSKARA JURIDIKOAREN MINTEGIA (ATXABAL, Alberto eta beste batzuk): Euskara, zuzenbidearen hizkera, op. cit., 409 orrialdea.

[23] MUJICA, Gregorio de: Monografía histórica de Eibar, op. cit., 200. orrialdea.

[24] Fernando MARTÏNEZ RUEDAk sindikoa erregimentuaren karguen barruan sartzen du: Los poderes locales en Vizcaya: Del Antiguo Régimen a la Revolución Liberal (1700-1853), op. cit., 41. orrialdea. Bizkaiko hiribilduetaz hitz egiten du baina baliteke halako datuak Gipuzkoarako ere balio.

[25] MUJICA, Gregorio de: Monografía histórica de Eibar, op. cit., 200. orrialdea.

[26] Honetaz Lourdes SORIAk azterketa sakona eskaintzen digu: Derecho municipal guipuzcoano: categorías normativas y comportamientos sociales, op. cit., 361-385 orrialdeak.